Ataungo ziklo-krosa 1959an, irla bat historiarako
Makina bat txirrindulari eman du Ataunek, joan deneko mende betean. Profesionaletara iritsi dira asko. Neguko modalitateari dagokionez, ordea, herrian ziklo-krosa ez zen sustraitu. Saiakera bat egin zen, 1959an, baina ekitaldi bakarrean geratu zen ahalegina. 2025era arte. Euskal Herrian ziklo-krosa suspertzen ari dela baieztatzeko garaizegi den arren, adabegi berriak ari dira ernetzen. Ormaiztegik nazioarteko proba berreskuratu zuen iaz, Segurakoa ere egonkortu da egutegian, eta Ataunen II. Ziklo-Krosa jokatu zen abenduaren 20an, 66 urte eta gero. 2024an behar zuen berez, baina Gipuzkoako Federazioak administrazio orokorrarekin zuen gatazkaren erdian, antolakuntzetan planto egin zuen, eta berriro zapuztu zen ataundarren asmoa.
1959ko azaroaren 15ean, igandearekin, jokatu zen Ataungo I. Ziklo-Krosa, San Martin auzoan. Ordiziako Boxing Club elkartearen izenean antolatu zuten. Abenduko zirkuituaren antzeko ibilbidea prestatu zuten: plazatik abiatu, hilerri aldera igo, handik Aldasororantz jo, Mainditxikira jaitsi eta Medikuenetik Kalakaseneko hegira igaro. Gurdibideak ziren orduan Ataunen zirkuituko bide ia gehienak; errepidea, Bittorrenetik Troskaetara bitarteko zatian bakarrik zapaldu zuten ziklistek. Paskualiturritik gora bidez segi, eta zirkuitu horretan ibili ziren.
Migel Urkizar tolosarrak (Tolosa, 1933) irabazi zuen Ataungo lehen ziklo-kros proba hura. Profesionala izan zen 1956tik 1962ra; urte hartan, Espainiako Ziklo-Kros Txapelketan brontzea aterata zegoen; errepidean, Ordiziako Proban 3. postu bat bazeukan (1955). Bigarren Anton Barrutia (Iurreta, Bizkaia, 1933) izan zen, profesionala hura ere.
Profesionaltasun maila horren bazuen arrazoia. Hiru hilabete geroago, 1960ko otsailaren 21ean, Tolosan jokatu zen Munduko Ziklo-Kros Txapelketa, eta harako prestaketa modura hartu zuten Ataungo proba. Antolatu ere, ziurrenik, giro horretan antolatuko zuten.
Ataunen irla modura geratu zen ziklo-kroseko 1959ko esperientzia hura. Errepidean bai, tradizio eta historia luzea osatu du herriak. San Martin Probak, adibidez, 1948tik 1960ra eduki zuen lehenengo garaia. 1981ean berreskuratu zuten atzera, ziklo-krosa bezala ahanzturan erortzetik salbatuta. Ea senide txikiak segitzen dion. ■
