Enarak
Joxe Begiristain • Irakurzalea
Lau aingeru soldaduk, baina batez ere batek, Uzariel aingeruak, egiten ditu narratzaile lanak. Garai desberdinetan gertatzen diren hiru hildakoren (Urtain, Guillermo eta Pedro) ehorzketetan kanposantuan elkartuko diren pertsonen (hildakoak barne) nondik norakoaz ari da eleberria. Aingeruak ‘izaki material’ deitzen dituen horiek osatzen duten gizartea fikzioaren bidez nola deskribatzen duen, berealdiko artea da.
Atxagak dio, bere beste nobela ‘politikoago’ batzuetan ez dagoen umorez idatzia dela oraingo hau; ba, nobela hau ere politikoa da, zentzurik zabalenean. Eta hori bai, bere beste nobela batzuetan baino ironia gehiagokoa nahi bada, eta horrek, liburuan zeharreko gertaerak plazer betez irakurtzera garamatza, uneoro irribarrez zaudela ohartzeraino.
Enarak argitaratu berria, berak idatziko duen azken eleberria dela esan du Bernardo Atxagak. Nahiago nuke hala ez balitz. Baina hala bada, hau eta gainontzekoak, guztira 11 eleberri, hortxe ditugu eskura: geure eguneroko bizitzari buruz maskararik gabe hitz egitera ausartzen den euskaldun gutxienetako bat dugulako Atxaga. Denok herri berekoak garela, bai, baina batzuk ederki bizi diren bitartean, guztiona den herri txiki eta gutxietsi honen alde bizitza guztian egin duten lan duina aitortzea legokiekeenek, nola baztertu izan dituzten ere, begi-bistan uzten du idazleak liburu honetan. Besteak beste.
Niri beti ematen dit zer pentsatua Atxagak, eta nobela hau lehenengo aldiz arrapaladan leitu, bigarrenez patxadaz -azpimarrak eta eginez- eta, hirugarrenez are eta lasaiago noiz leituko zain nago. Euskaldunon tribuko kontzientziak astintzeko, egoeraren larriaz uneoro jakitun bizitzea ezinbestekoa da. Eta enarak goitik begira ditugu gure portaeraren zelatari. ■
