2025eko errepasoa
Aratz Albisu • Telesail zalea
Honakoa 4. urtea da, beraz ez dut sarrerarik egingo. Bi produkzio euskaldun egon dira: Desagertuta eta Zeru Ahoak, heriotzak eta sekretuak. Biak izan dira produkzio dezenteak, eta urteko onenak izan ez badira ere, oso txukunak orokorrean.
Komedia izan da aurtengo izarra. Batetik, Adults: bost gazte egungo gizartearen aurka (lana, etxebizitza, harremanak), baina umore beltzarekin eta ideia berriekin. Eta, bestetik, Overcompansating: unibertsitatera iritsitakoan, festa eta lagun eroen artean, norbera izaten saiatuko da protagonista. (I love LA -ren moduan, fantasia betaurrekoekin ikusi behar da).
Dramari dagokionez, Prime target dugu lehenik: gobernuak, espioitza eta matematikak. Espero izan ez arren, oso interesgarria. Eta bigarren, Apple cider vinegar, benetan gertatutako istorio australiarra: gaixotasun mortalak sendatzeko bizi-estilo alternatiboak salduz interneten ezagun egin ziren bi neskarena.
Fikzio zientziarekin jarraituta, Lazarus animazio japoniarretik hasi behar: gizartea hil ez dadin, antidotoaren arrastoari jarraituz (animazioa bada ere) paraje futurista oso politak erakutsiko dizkigu. Eta El eternauta komiki argentinarraren egokitzapenarekin amaitu: elur toxikoa dela eta ez dago kalera irteterik, baina hala ere alabaren bila abiatu nahi du protagonistak.
Amaitzeko, aurtengo bi txapeldunak. Bata, Pluribus. Ez dizuet gehiegi kontatu nahi: mundu artifizialki alai baten erresistentzia, bakardadea eta dolua, paisaia eta planorik ederrenetan (Getaria barne). Bestea, What it feels like for a girl: genero identitatea eta trantsizioaren atzean dagoen kaosa azaleratzen du zutabegile baten autofikzioak. ■
