Antzerkia, errutinatik irteteko modu dibertigarria
Xirikara antzerki taldeko kidea da Ekiñe Izagirre. 2014an hurbildu zen antzerki taldera lehenengoz, eta ordutik pertsonaia ugari gorpuztu ditu; horien artean, ‘Zopa’ antzezlaneko Nerea.
Goierrin antzerkiak badu bere lekua, eta horren adierazgarri dira eskualdean dauden aktore kopurua eta antzerki talde ugariak. Horien artean daude, besteak beste, Ordiziako Urrup antzerki taldea eta Segurako Xirikara. Azken talde horren hastapenak 2014. urtekoak dira, Olatz Etxeberriak Seguran umorezko antzerki talde bat sortu zuenekoak. 2023an hartu zuen Xirikara izena, eta gaur egun zortzi kidek osatzen dute taldea. Horietako bat da Ekiñe Izagirre segurarra (Segura, 1998). Izagirre 2014an hurbildu zen taldera lehenengo aldiz, «kuriositatez», eta pixkanaka, antzerkiaren munduak erakarri egiten zuela konturatu zen. Orain, «errutinatik ateratzeko eta deskonektatzeko» modu bat bilakatu zaio antzerkia.
Taldearen sorreran, umorezko esketxak sortzen hasi ziren taldekideen artean,elkarlanean. Gero, esketx horiek herriko festetan aurkezteari ekin zioten, eta pandemiaren ondoren geldialdi bat egin ostean, 2023an Zopa antzezlana estreinatu zuten. Obra horretan Nerea pertsonaia gorpuzten du Izagirrek, eta orain arte antzeztu duen pertsonaiarik «gustukoena» dela dio: «Egia esan, pixkanaka eraiki genituen obrako pertsonaia guztiak, eta ibilbidean zehar asko ikasi genuen denok».
Zopa antzezlana Segurako Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri euskara elkartearen beka bati esker sortu zuten. Bekaren helburua hitanoa bultzatu eta zabaltzea zen, horretarako antzezlan bat sortuta. Hala, 2023ko abenduaren 3an, Euskararen Egunean, estreinatu zuten obra, Seguran bertan. Harrezkero, 2025eko ekainaren hasiera arte, antzezlanarekin herriz herri ibili dira. Bestalde, iazko udako San Joan festetan, Kontxu Odriozolaren eta Elena Iruretaren Ama Begira Zazu obra estreinatu zuten herrian. Izagirrek azaldu duenez, «ilusioz» heldu diote lan berri horri; izan ere, antzerki taldea sortu zenean, obra horrekin hasi ziren lanean. Orain, herriz herri ibiltzea da asmoa, Zopa-rekin egin zuten moduan.
Taldearen indarra
Antzerki taldea osatzen duten kideen aniztasuna da Izagirrek azpimarratu duen beste ezaugarri bat. Haren esanetan, astero «bestela elkartuko ez liratekeen jendea» biltzen da, eta urteek eta elkarrekin bizitako esperientziek, «harreman oso polita eta gertukoa» sortu dute taldekideen artean. Antzerki saioen arabera, astean bizpahiru egunetan elkartzen dira entseatzeko, eta Izagirrek dioenez beti izan dute «oso giro polita». Etorkizunean ere taldean jarraitzeko asmoa dauka segurarrak, antzerkia «gustura» egiten duen jarduera baita, batez ere umorezko antzerkia, orain arte gehien landu duen generoa baita.
Izagirreren ustez, antzezteko gaitasuna ez dago talentu berezi bati lotuta soilik, eta edonork ikas dezake: «Nire kasuan eginez, praktikatuz eta errepikatuz ikasi dut. Badago berezko talentua duen jendea, baina uste dut egin nahi duen edonork egin dezakeela antzerkia». Taldearen filosofiaren oinarrian «ondo pasatzea eta elkarrekin barre egitea» dagoela esan du.
Antzerkia zaletasun hutsa denez, presiorik gabe aritzen dira, eta egiten dutenarekin gozatzeko aukera ematen die horrek: «Antzezten izugarri disfrutatzen dut, eta nire zaletasuna beste batzuekin partekatzea oso polita da», azaldu du. ■

