Ataunen ibilaldia, 36ko uztaila gogoan
Memoria Historikoaren jardunaldietan, eta ‘Ataungo karlistak, nazionalistak, gorriak, erreketeak…’ hitzaldiaren osagarri, ibilaldia egin zen azaroaren 22an Ataungo zentraletik plazara, 1936ko uztailaren 25a gogoan.
Ataungo Indarretxea edo Zentrala 1922an eraiki zen, argindarra Ataungo herrian zabaltzeko, eta 1980ko hamarkadara arte iraun zuen. Gu haurrak ginela, 1957-61 inguruan, Antonio Arteaga Zuloeta Don Antonio maixue gasteiztarra bizi zen bertan bere familiarekin. Elektrikari ere bazen, eta herrian zehar horrelako lanetan ere aritzen zen. Gerra aurrean iritsi zen Ataunera. Eta gerra-garaian espedientatu egin zuten nazionalista izateagatik, gero barkatu bazioten ere, zeren eta Circulo Tradicionaleko «bella y entusiasta» Margariten buru zen Trinidad Izagirrerekin ezkondu baitzen eta ezkontza-bidaian «por la España liberada»-ra joan ziren, garai hartako La Voz de España egunkariak uztailaren 10ean zioenez.
Aurrez, ordea, gerra bitartean, Indarretxean Norberto Arrigain Erregetxe tolosarra bizi zen, Karmen Leizaranekin ezkonduta, bere familiarekin (6 seme-alaba), zentralari zegozkion eginkizunetan.
1936ko uztailaren 25eko bazkalondoan Malcampo komandantea buru zutela, nafar erreketeak sartu ziren Ataunera (Lizarrusti, Marumendi, Agautz, Bedamaburu, Aietzio, Loibide, Ikarandieta, Agerre, Zentrala…) eta Norbertok etxe atzeko leihotik alde egin behar izan zuen ‘gorri’ fama zuelako-edo (ikus GOIBERRI, 2022ko irailaren 16koa). Bidean herriko beste ‘gorri’ batzuk ere izendatu ditugu: Azintzio Zeberio Azintzio beltza, Estradaberriko Krezentzio Imaz, eta abar.
Iztatortik Antonioneazpiko Circulora
Horregatik hasi genuen ibilaldia zentraletik. 300 inguru erreketek Iztatorzarren zain zuten Martin Dorronsoro alkateordea, Flabio Larrakoetxea Barandiaran alkate nazionalista ez baitzen herrian. Berehalaxe kendu zituzten udaletxetik nazionalistak, eta karlistak jarri ziren agintean. Etxe horren horman ‘Avenida de Navarra’ zioen plaka bazen aspalditik. Hain zuzen, 1937ko udan «Primer aniversario de la liberación de la villa» ospatzeko, 10:00etan meza nagusia eta 17:00etan manifestaldia abiatu zen Kamio etxean zen Aurrezki Kutxa Probintzialeraino. Beherakoan inauguratu zuten Iztatorzarren Avenida de Navarra, alkatearen hitzaldiaren ondoren Oriamendi eta Marcha Nacional abestuz.
Gogoan izan, Iztatortik kalezulo alderako egungo ikuspegiak ez daukala 1936koarekin inongo zerikusirik, harrezkero egin edo bota diren etxeak kontuan izanik.
Lehen kalea izendatu ondoren, Antonioenegarakoan azaldu zuten ‘Calle Santiago’ zioena. Berriro ere alkatearen hitzaldia, Marcha de los legionarios abestu eta Bidebietaraino joan ziren bigarren Calle Santiago ezartzera. Udaletxe aldera itzuli ziren, manifestaldiari Marcha Nacional-arekin amaitzeko.
Antonioenegarakoa parean, besteak beste, bi gauza aipatu genituen: Tomasa Munduate, Petra Etxeberria eta Piedad Altolagirre Foru Aldundiko telefonistak kargutik nolatan depuratu zituzten; eta errepidean beste aldean, aurrez aurre den Antonioeneazpikoa etxea, bertan baitzen Circulo Tradicionalista karlisten egoitza, Falange Española y de la J.O.N.S. bihurtuz. Ondorioz, lana edo zerbaiterako paperen bat nahi zuenak, nahitaez, bertako kide izan behar zuen. Gerora, Circuloa Kamion izan zen, Martin Maixu buru zela.
Karmen Arrese Zufiaurre (Ataun, 1919–Donostia, 2013). Maria Auzmendi Bazterrika (Ataun, 1909–Madril, 1971). Joxe Auzmendi Bazterrika (Ataun, 1900–Bilbo, 1937-8-5).
Isunak eta ile-mozteak
Bidean, herrian isunak jaso zituztenak ere aipatu genituen. Bestetik, hainbat eta hainbat izen: Joxe Kerejeta organo jolea, Jexux Lasa Ibarguren sakristaua, Jose Antonio Aiestaran, Prantxiko Mari Dorronsoro eta Ramon Lasa alkateak. Jarraian, Aranberriko Hilario Munduate, Ospitaleko Teodosio Korta eta Elormendietxeko Markox Aierdi (Defentsa Batzordekoak), azken horren anaia Akilino gudari-kaperaua, Auzmendieneko Joxe Auzmendi Bilbon fusilatutako mikelete-gudaria, Iruñean fusilatutako Joxe Apaolaza eta Pedro Basurto Urkuolako bi lagunak, Ezkaban egondako ataundar kamineroa eta abar.
Tartean izan ziren, baita ere, Felipe Aierbe Zurutuza biziarteko kartzela zigorra ezarri ziotena, errepublikarrek hildako Jose Manuel Arin Telleriazpiko jesuita, eta Justa Maiza Iparragirreko moja, Bilbon ilea moztutako Maria Auzmendi Bazterrika eta Sutegiko atarian gauza bera egin zioten Karmen Arrese Zufiaurre, Miraballesko Martin Errota, Amilletako Esteban Barandiaran, Bidarteko Don Daniel Insausti, Pedro Zurutuza Elizalde Pedro Iturralde, errekete ibilitakoak eta abar. Jose Goikoetxeaundia lizartzarra, Jose Arteaga baliarraindarra eta Joan Barandiaran Zeberio Gabilleneko apaizak dira, besteak beste, gerra-giroan aipa daitezkeen beste ataundar batzuk, bakoitza bere jokabidearekin.
Amaitzeko, Herriaren Oroimen Historikoak etengabeko ikerketa eskatzen du, bai frankismo aurreko historia, frankismo garaiko 40 urteak eta ondorengo beste 50 urteak ere aztertzeko, historia osatzen joan ahal izateko.
Ohar bat. Iztatorzarreko ‘Avenida de Navarra’ plakaren aztarrenik ez dago, Bidebietan zen ‘Calle Santiago’ gordeta dago, Kamioko Circuloko banderak eta Francoren eta Jose Antonio Primo de Riveraren koadroak galdu egin dira; San Martingo, San Gregorioko eta Aiako kalostretan ziren ‘Caídos por la Patria’-ren izen-zerrendadun plakak non dira? 1936ko uztailaren 25etik berehala, udaletxetik 4 tona paper «inservible» eraman zituzten Donostiako Gobernu Zibilera. Non dira, non, horiek guztiak? Jaso, gorde eta jakinarazi. ■

