«Berrarmatze ideologiko sakona behar dugu»
Gotzon Aranburuk (Zumarraga, 1962) ‘Egin’ eta ‘Gara’ egunkarietan lan egin zuen. Argazkigintza eta bideogintza oso gustuko ditu, eta Argazki Press agentzia sortu zenean bertara pasa zen. Aranburu jubilatu egin da, baina arrazako kazetaria da eta ez dio sekula kazetaria eta argazkilaria izateari utziko: herriko kazetariei ikusitakoen eta entzundakoen berri ematen die, eta herriko ekitaldietan argazkiak eta bideoak egiten jarraitzen du.
Zer diozu zure familiari buruz?
Nire gurasoak Angel Aranburu eta Juana Aranburu dira, Zumarragakoa aita eta Ezkiokoa ama. Lau anai-arreba gara guztira: Josu, Bego, Juanjo eta ni. Neu naiz lauretan zaharrena.
Zein ikasketa egin zenituen?
Zumarragako Medrano ahizpen akademian, Urretxuko Juan XXIII eskola nazionaletan, Jose Maria Iparragirre Institutuan eta Euskal Herriko Unibertsitatearen Leioako fakultatean ikasi nuen. Kazetaritza ikasketak ez nituen bukatu.
Zergatik erabaki zenuen kazetaritza ikastea? Betidanik kazetaria izan nahi al zenuen?
Bai, nerabea nintzenetik. Erruaren zati handi bat La Salle-Legazpi ikastetxeak antolatzen zuen erredakzio lehiaketak dauka. Herriko eskoletako neska-mutilek hartzen genuen parte eta sobra ere txukun antzean idatziko nuen folio pare hura, behin edo behin saritu egin ninduten eta. Lehiaketako saria liburu bilduma bat zen. Bitxia bada ere, orduko Aurrezki Kutxa Probintzialak ere izan zuen zerikusia: Gabonetan liburuak oparitzen zizkien bezeroei, eta nik irentsi egiten nituen nobela haiek. Kazetaria edo idazlea izateko gakoa asko irakurtzean dago. Asko irakurri behar da. Eta gure gaztaroan jende askok irakurtzen zuen.
Eta ez al zenuen inoiz idazle izatea pentsatu?
Idazleek fikzioa egiteko gogoa eta ahalmena daukate, kazetariok errealitatea kontatzeko grina. Egia da bi paperak jokatu –eta ondo jokatu– dituztenak ere ugari direla, gure herriko Antxiñe Mendizabal, Gorka Erostarbe edo Miriam Luki esate baterako, baina ni neu ez naiz sekula fikzio zalea izan, nola eta ez den kontsumitzaile moduan, bai nobelan eta bai zineman. Fikzioa izan gabe, esango nuke Igor Susaeta urretxuarrak Amerikako Estatu Batuetako egonaldian idatzi zuen bloga ia-ia literatura zela.
Noiz, non eta zertan hasi zinen kazetaritzan lanean?
Karrera bukatu aurretik Egin egunkariaren edizio lokalean hasteko aukera eskaini zidaten eta ez nuen pasatzen utzi. Aurretik Jose Mari Lasak egin zuen lan hori. Oso urte biziak ziren haiek, zer kontatu asko zegoen. Tolosan geneukan Goierri-Tolosaldeko erredakzioa, eta han idazten genuen eta han errebelatzen genituen argazkiak. Nik Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako gertakarien berri ematen nuen. Orduan bezain zoriontsu ez naiz sekula izan kazetari moduan.
Nondik nora ibili zara lanean ordutik gaurdaino?
Tolosatik Egin-eko batzuk erredakzio zentralerako hartu gintuzten. Ofizioa fakultatean ez, ofizioa Egin-en ikasi nuen nik, beharko ikasi. Kronika lokala egiten genuenean, adibidez, eskarmentu handiko kazetari batek orrialdea goitik behera zuzentzen zuen, zer zegoen gaizki idatzia edo hankamotz utzia azaltzen zigun, nola hobetu esaten zigun… Zuzentzaile gogorra zen, ez zuen erdipurdiko orrialderik pasatzen uzten.
Nola gogoratzen dituzu ‘Egin’ egunkariko garaiak?
Lan asko egindako urteak, presiopean gainera. Egin egunkaria ezker abertzalearen ahotsa zen eta urte gogorrak ziren. Kultura sailean hasi nintzen, Joxean Agirrerekin (kazetari eta idazle aldi berean den horietako bat) eta asko disfrutatu nuen. Kirolak izan ezik, beste sekzio guztietatik pasa nintzen ondoren. Lan asko egiten genuen, baina gazteak ginen eta edozeri aurre egiteko sasoian geunden. Baldintza ekonomikoak eskasak ziren, ordutegiak luzeak, baina zerbaitez konbentzituta zaudenean… Itxi zutenean, 1998an, Politika sailean nengoen.
Eta nola gogoratzen duzu ‘Egin’ egunkariaren itxiera?
Esan bezala, Politika sailean nengoen. Atentatuak, atxiloketak, torturak… eguneroko kontua ziren. Askotan gorputzaldi oso txarrarekin bueltatzen ginen etxera. Itxi aurretik ere mehatxuak etengabeak ziren, baina lana lana zen eta egin beharra zegoen, eta ondo gainera. Kalitatearen listoia ez zen sekula jaitsi. Eta azkenean ixtea lortu zutenean, ba… goiz gogorra, bai horixe. Gure lantokia eta ia-ia bizitoki izandakoa poliziez josita, haiek barrez, gu negarrez… Gogoan gordeta daukat oraindik zeintzuek erakutsi ziguten elkartasuna eta zeintzuek egin zuten ezikusiarena.
Gogoan gordeta geratu zaizun lanik ba al da?
Bai, hainbat elkarrizketa, esate baterako. Pedro Miguel Etxenike zientzialariari bi orduko elkarrizketa egin nion, eta bere bulegotik irten nintzenean oso-oso txikia sentitu nintzen… Josefina Lambertok hamalau urteko bere ahizpa Maravillasi frankista nafarrek egin zizkiotenak kontatu zizkidanean, berriz, ondoezik geratu nintzen egun osorako. Eta duela egun gutxi, Antzuolan CSICeko Antonio Murielek energiari buruz emandako hitzaldia grabatzen ari nintzela inbidia sakona sentitu nuen, horrelako zerebroa edukitzearen inbidia…
Egunkarietarako idazteaz gain, hainbat liburu ere idatzi duzu.
Bai, baten batzuek ikusi dute argia. Azkenekoa eta gustuen utzi ninduena, Juantxo Egaña argazkilariarekin batera osatutako Euskal Herria 1870-1970. Cien años en imágenes. Ehun urte iruditan bilduma. Sei bolumen dira. Juantxok argazkiak aukeratu zituen, karlismo garaian hasi eta Burgosko Prozesuraino, eta nik testuak idatzi nituen. Irakasle batek esan zidan gelan Euskal Herriko historia erakusteko erabiltzen zituela. Harro egotekoa da, beraz.
Nola ikusten duzu prentsaren egoera gaur egun?
Gaizki, jakina. Prentsa idatzia, orokorrean, gero eta gutxiago kontsumitzen da mundu osoan. Optimistek New York Times-en kasua aipatzen dute, harpidetza kopuruak gora egitea lortu duelako eta dirua erruz irabazten ari omen delako. Baina egunkari horren ezaugarriak oso bereziak dira eta gure inguruan ez dut antzeko fenomenorik ezagutzen. Trenean edo autobusean ibiltzea bezalakorik ez dago jendeak ez duela egunkaria irakurtzen ikusteko. Online prentsaren kontsumoa, aldiz, paperekoa baino dezente hobea dela esango nuke… beti ere, ordaindu beharrik ez dagoen edukiei buruz ari bagara. Alegia, online irakurleak badaudela, baina online ordaintzaileak askoz ere gutxiago direla.
Zer diozu euskal prentsak bizi duen egoeraz?
Euskal prentsa-edo deitzen dugun horri buruz ari bagara, egoera nabarmen okerragoa dela uste dut. Baina ez da harritzekoa: orokorrean hizkuntzarekiko atxikimenduak behera egin duenez, hizkuntza propioan ekoiztutako produktuen kontsumoak ere behera egin du, eta arlo guztietan egin ere, prentsa lokaletik hasi eta ETBraino. Ikusi bestela ETBren audientziak, negargarriak askotan. Arazo handi baten aurrean gaude: euskal nortasunari eta kulturari atxikimendu fuertea izan diogu euskaldun hainbatek joandako hamarkadetan, lan eta borroka asko egin da arlo horretan, baina orain askok errazkeriara jo dute eta –hitz gogor bat erabiliko dut– desertatu egin dute. Durangoko Azokan ere ikusten da, arreta pixka bat jarriz gero, zenbat lagun irteten den Landakotik esku hutsik, gero inguruko arropa dendetan poltsa ondo asko betetzeko. Errazagoa da prentsa, telebista eta literatura espainiarra kontsumitzea egunerokoan, gero Zetaken makrojaialdira joan eta euskal kultura kontsumitzen ari garen itxura egiteko. Badakit esandako honekin ez dudala lagunik egingo, baina zer egingo diogu ba.
Konponbidea zein izan daiteke?
Berpizkunde handi eta sakon bat abiaraztea. Kontzientzia eta ideologia mailako berpizkundea. Ez dut asko sinesten sedukzioan eta kanpainetan. Ez diet meriturik kentzen –Kontseiluak Bilbon egin duen ekitaldian izan berriak gara– baina berrarmatze ideologiko sakona behar dugulakoan nago: norberak bere burua janzten, konpromisoak hartzen, eztabaidatu behar denean eztabaida ez saihesten… Pringatzen hastea, hitz batean. Beste arlo bateko kontua da, jakina, baina burura datorkit lehengoan herritar batek esan zidana, hitz eta pitz mundua konpontzen ari ginela: «Buru, hemen hiru seme-alaba ekartzea baino ekintza iraultzaileagorik ez zagok». Eta bere emazteak gehitu zuen: «Eta euskarazko marrazki bizidunak jartzea telebistan, Clan TVren ordez».
Aipatu duzun prentsaren beherakadara itzulita, uste duzu kalitatea izan daitekeela faktoreetako bat?
Nire ustez, eskaintzen den produktuaren kalitateak ez du aitzakiarik. Euskaraz oso gauza onak egiten ari dira, bai prentsan, bai irratian eta bai telebistan, baita literaturan ere. Baina irratiak eta telebistak ez bezala, irakurtzeak ahalegin bat eskatzen du. Hori hala da. Eta irakurtzeko ohitura behera doa, ez badira mugikorreko lau txatxukeria. Gainera, euskarazko eduki onak, jasoak, benetan disfrutatzeko, hizkuntza ondo antzean menperatu behar da. Eta menperatzeko… ba irakurri egin behar da. Era berean, esango nuke zuzentasun politikoa eta pentsaera bakarra ia jasanezina izatera iritsi direla zenbait gaitan eta hedabidetan; batzuetan dotrina gehiago dirudite. Horrek ere ez dio batere laguntzen irakurzaletasunari, nire iritziz.
Azken hamarkadetan argazkigintzan eta bideogintzan aritu zara. Zergatik egin zenuen hautu hori?
Irudia beti interesatu izan zait. Pentsa, soldadutzan nengoela ere argazkiak ateratzen nituen, mendiko maniobretan eta, entxufe ona zeukan lagun batek kamera utzita… Egin egunkaria itxi ondoren Gara-n hasi nintzen, erredaktore. Baina, hasierako garaietan bezala, ahal nuen guztietan nik neuk egiten nituen erreportajeetako eta elkarrizketetako argazkiak. Ondoren Argazki Press agentzia sortu zen eta hara egin nuen salto. Badakizu zer? Nire esperientziaren arabera, kazetaritzaren esparruan okerren ordainduta dagoen arloa –eta era berean, exijenteena– kazetaritza idatzia da. Aldi berean, hamar argazkik edo hiru minutuko bideo batek erakusten dizutena oso zaila da idatziz erakustea, nola eta ez zaren Rysard Kapuściński… Igor Susaetak Amerikako Estatu Batuetako egonaldian idatzi zuen bloga eredugarria da zentzu horretan; cinema verité dirudi.
Gaur egun, jubilatu arren, segi egiten duzu kamerarekin…
Bai, jubilatua baina ez erretiratua. Ikusmen eta pultsu txukunak dauzkat oraindik, laneko materiala ere bai –mordo bat oparitu dudan arren–, eta saiatzen naiz gure inguruko berriak jasotzen. Beste lanbide batzuek ez bezala, kazetaritzak uzten dizu aktibo jarraitzen. Sare sozialak hor daude, Youtube… Egia esan aukera asko dago. Nagusirik, ordutegirik eta presiorik gabe, disfrutatu egiten dut. Azaroko elurtean, adibidez, ez nintzen sosegatu Irimon dronea bota arte…
Bestelako afiziorik ba al duzu?
Bizikleta eta mendia xuabe-xuabe, irakurtzea –Karlos Linazasoren Dusseldorf-eko txibatoa gomendatzen dizuet– eta zinea. Eta datorren urte pare baterako beste eginkizun bat ere badaukat, uzten joan naizena: nire kartel bilduma antolatu, eskaneatu eta interneten jarri. Neuk jasotakoekin eta lagunek emandakoekin, bilduma handia osatu dut urte hauetan guztietan, eta ailegatu da erakusteko ordua. ■
‘Egin’-en itxieraren aurkako mobilizazioa
Gotzon Aranburuk Egin egunkariaren itxieraren aurka antolatutako mobilizazio batean ateratako argazkia aukeratu du. «Mobilizazio ugari izan zen Euskal Herrian barrena. Langileok ere batera eta bestera joaten ginen, injustizia hura salatzera. Oso oker ez banago, argazki hau Donostiako Miramar jauregiko kanpoaldean atera zuen Ikor Kotx (Jon Urbe) argazkilariak. Eusko Jaurlaritzak hortxe hasten du urte politikoa, eta hara azaldu ginen ‘Egin’-eko langile multzo bat, pankarta hartuta. Gehiegi gerturatuko ginen lehendakaria eta sailburuak bilduta zeuden eraikinera, edo zarata handiegia aterako genuen. Kontua da ertzainak guregana etorri eta istilua piztu zela».
Aranburu ertzainekin borrokan ageri da. «Egiari zor, ez daukat oso egoera bortitza izan zen oroimena. Bultza egin zigutela bai, lepotik heldu ere bai, baina ez dut uste borra kolperik izan zenik. Mauka motzetan eta txapela buruan zebiltzan ertzainak, argazkian ikusten denez. Pankarta kentzeko helduko zidala pentsatzen dut, edo atxilotzeko asmotan, baina Mariasun Monzon lankideak ere gogor heldu zidan, eta, tiradizo batzuen ondoren, amore eman eta bakean utzi ninduen txapeldunak. Hura heldu beharra, denek ere! Egoera erridikulu xamarra zen eta barregura ematen zidan. Eskuinean azaltzen dena Carlos Korbella argazkilaria da. Nonbait, enkoadraketa hobeagoaren esperoan zegoen, ez baitzuen argazkia ateratzeko imintziorik egiten. Uste dut txantxa egin niola denak tiraka ari ziren bitartean: ‘Ze, atera behar dek behingoz argazkia edo goiz osoa segi behar diagu hemen espektakulua ematen?’. Egun beltz haietan barre egin nuen une bakarrenetakoa izango zen. Hura haserrea eta amorrazioa. Oraindik ez zait pasa».

