«Lehen, futbolarekin lotutako ametsak nituen»
Kepa Ormazabal Galdos (Gabiria, 2006) Euskadi Fundazioa taldeko txirrindularia da, eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua egiten ari da Gasteizen. Umetan futbolean, pilotan eta bizikletan ibili zen, baina kimu mailan txirrindularitza utzi zuen. Kadete mailako bigarren urtean berriro hasi zen, eta gazte mailako bigarren urtean futbola utzi zuen. Gazte mailan lau lasterketa irabazi zituen eta Euskadi Fundazioaren deia jaso zuen. «Salto handia dago eta arrankatzea kosta zitzaidan, baina udan sentsazioak berreskuratu nituen. Zamoran (Espainia) podiumera igo nintzen eta Gasteizen bosgarren egin nuen. Aurten progresioarekin jarraitzea espero dut».
Gustuko txirrindularia?
Asko: Pogacar, Van Aert, Landa… Baita Euskaltelekoak ere, noski: bai lehengoak eta bai oraingoak.
Ametsetako lasterketa.
Urte gutxian nire ametsak dezente aldatu dira. Lehen futbolari lotutako ametsak nituen. Nire ametsa San Mamesen jokatzea zen. Txirrindularitzak ez zuen toki handirik oraindik nire bizitzan. Gaur egun, nire ametsa itzuli handi bat edo klasiko bat korritzea da.
Zer zaletasun dituzu?
Lagunekin edo familiarekin edozein jarduera egitea. Zinea, mendira joatea, ur gasduna edanda poteatzea.
Pelikula bat edo telesail bat.
Prison break. Bi aldiz ikusi dut, eta hirugarrenez ingelesez ikusten ari naiz. Gladiator ere asko gustatu zitzaidan.
Liburu bat.
Irakurtzea gustuko dut. Ikasketekin lotutako ikerketak, batez ere. Nobelak ere irakurtzen ditut.
Musika talde edo abeslari bat.
Euskal kantu zaharrak entzuten ari naiz, baina gehien markatu nauen taldea Iheskide da.
Abesti bat.
Iheskide taldearen Arrano beltzaren hegaldiak eta Carly Rae Jepsenen Call me maybe.
Oporretarako leku bat.
La Mongie asko gustatzen zait. Maltara eta Italiara joateko gogoa dut. Lagunak aurten joango dira.
Zer gosaltzen duzu?
Oloa bustita, ogi txigortua urdaiazpikoarekin edo ahuakatearekin eta kafe bat edo bi.
Kolore bat.
Gorria beti, txikitatik.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Azkeneko garaipena. Kantabrian izan zen. Nire urtebetetze egunean izan zen, uztailaren 7an. Ama gaixo zegoen eta berari dedikatu nion.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Ingurukoen goxotasuna. Ni zaintzea eta egiten dudana baloratzea.
Amets bat.
Laranjaz jantzita korritzea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Kafetxo bat ingurukoekin, lagunekin bizikletan ibiltzea…
Goierriko txoko bat.
Gabiriako edozein mendi. Ataungo harrobiko bidea ere asko gustatzen zait.
Gabirian biziko ez bazina…
Ataunen, Zegaman, Lazkaomendin… ■

