Mugimendua eta aldaketa
Joseba Telleria • Irakaslea eta ikaslea
Eguneroko errutinak guztia estatikoa bezain aldagaitza den ustera askotan eramaten bagaitu ere, unibertsoa, bizia bera, gure existentzia… etengabeko mugimendua eta aldaketa da, bai arlo fisikoan, mentalean, emozionalean, espiritualean, bai eguneroko jardunean. Eraldaketa horietara egokitzen jakitea da bizitzaren sekretu handienetakoa. Aspalditxotik ile zuria tindatua edo bistan daramagunok ikuspuntu hobeaz nabaritzen ditugu bizitzaren bidaiako aldaketa sozial, kultural, ekonomiko, politiko nahiz espiritual horiek.
Kolaborazio honen amaierakoari bide eginez, gure herri txiki nahiz handiagoetan merkataritza-establezimenduek denbora gutxian izandako bilakaeraz oraingoa. Merkataritza-gune handiak ezartzeak, interneteko erosketek, gazteen eta ez hain gazteen ohitura aldaketek, enpresetan lan eskaintza hobetu izanak, eta erretiroek, besteak beste, eskaintza murrizketa handia ekarri digute. Herri txikienak kasik denda eta ostalaritza zerbitzurik gabe geratzeraino.
Geurean, txikienetakoa izan gabe, txikia izanik, gaur egun bost denda eta lau taberna besterik ez zaizkigu geratzen. Jendea ere gutxiago ibiltzen denez, gero eta egutegi nahiz ordutegi murritzagoekin gainera. Egoera honen beste muturrean, gure aurreko belaunaldikoetara jota, herri berean 25 denda eta 15 taberna ezagutu dituztenak baditugu geure artean. Ea ondorengoek zer topatzen duten.
Aipatutakoei lotuta, ez nuke amaitu nahi pasa den abenduaren 30ean bere azken lan jarduna burutu zuen Mari Karmen Lasa zerbitzari, sukaldari eta tabernari segurarraren erretiroa aipatu gabe. Matxinbenta auzoko Azpeitiko aldean jaioa (auzo txikia izanagatik lau herritan banatua), 16 urterekin lanean hasita, ostalaritza eta denda artean aritu izan da. Azken 24ak Izkiña Jatetxean. Leku gutxitan topatu izan ditugu halako zerbitzari profesionalak; langileak, arretatsuak, atseginak, gordeak eta umore onekoak.
Gozatu merezitakoaz! ■
