Pagadiko espezieak: Gorostia
Gorostia (Ilex aquifolium L. )
Deskribapena
Gorostia hostoiraunkorra da. Hostoak (5-8 cm) sinpleak eta larrukarak dira, obatuak, eta mutur puntaduna dute. Haien ertzak arantzatsuak dira, baina zuhaitzaren gainaldekoak arantzarik gabe ager daitezke.
Landare dioikoa da. Haren lore arrak eta emeak (9 mm-ko diametroa dute) oso antzekoak dira, eta lau petalo zuri edo arrosa dituzte. Lore arrek lorezilak eta emeek obuluak dituzte. Globo-itxurako fruitu gorri-gorria (9-10 x 6,5-7,5 mm) ematen du.
Azal leuna eta grisa du.
- Ekologia. Klima epeletan eta hezeetan hazten da, lurzoru azido, sakon eta freskoetan.
- Banaketa. Eurosiberiarra
- Loraldia. Apirila-ekaina
- Tamaina. 2-15 m
- Altitudea. 0-1.500 m
- Erlazionatutako habitatak. Pagadia, hariztia, artadia eta ameztia.
- Babes-maila EAEn. Interes berezikoa.
- Oharra. Gorostiaren fruituak jan-iturri oso baliagarria dira neguan txorientzat.
Iturria: Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika sailak ondutako Basoak.eus webgunea.

