Baleontziak berpizteko eskuak
Pasaiako Albaola Itsas Faktorian ‘San Juan’ baleontziaren erreplika eraikitzen ari dira, XVI. mendeko euskal baleontziaren historia mantenduz, artisauen eskuekin, goierritarrak tartean.
Pasaiako badian, egur usainak eta mailu hotsek markatzen dute egunerokoa. Han, Albaola Itsas Kultur Faktorian, urte askoan lanean aritu dira ontzi baten inguruan, poliki, presarik gabe, xehetasunei adi. Begi bistakoa da San Juan baleontziak XVI. mendeko haien itxura duela; ez da, ordea, iraganeko objektu bat, ezta museo-objektu huts bat ere; denboraren logika beste modu batean bizi duen ontzia da, eskulan tradizionalaren eta historiaren arteko zubia. Orainaldian egindako lanaren emaitza da, eta lan horretan Goierriko hainbat esku izan dira funtsezko. Hala, ontzi horren historian, askotan begirada itsasora joan bada ere, barrualderantz ere begiratu behar da, Goierrirantz.
San Juan baleontziaren berreraikuntza ez litzateke ulertuko eguneroko artisau-lan isilik gabe. Pasaiako Albaola lantegian, egurrezko pieza bakoitzak atzean badu istorio bat, eta horietako askok Goierriko doinua daramate. Beasaingo Andoni Mera eta Pako Kerexeta dira horren adibide garbia: urte askoan, astean behin Pasaiara joan, eta XVI. mendeko ontzigintzari beren eskuen jakintza eskaintzen aritu dira.
Biek ala biek argi dute zergatik jarraitzen duten lanean: «Jubilatuta gaude, baina ondo pasatzen jarraitzen dugu». Albaolan egiten duten boluntariotza lanari buruz ari dira. Denbora librea izateaz gain, motibazio sakonago bat ere badago atzean: ofizioarekiko maitasuna eta proiektuaren balio historikoarekiko konpromisoa.
Lanerako grina
Andoni Mera CAFen aritu zen lanean luzaroan, elektrikari gisa. Hala ere, etxean bazuen egurrarekin lotura berezi bat: «Nire aita arotza zen, eta hark utzitako tresna batzuk dauzkat. Egurra betidanik gustatu izan zait, eta hori Albaolako proiektuarekiko dudan zaletasunarekin uztartuta, parte hartzera animatu nintzen», azaldu du. Meraren kasuan, egurrarekin lan egitea ez da eskulana soilik, oroimen pertsonalarekin eta familiako transmisioarekin lotutako keinu bat ere bada.
Pako Kerexetaren ibilbidea ere egurrari estu lotuta dago. Modelista izan zen galdaragintzan; CAFen aritu zen lehenik, eta ondoren ereduak egiten zituen tailer batean. «Hamahiru urterekin hasi nintzen egurra lantzen, eta ordutik ez dut utzi». Jubilatu zenean, egur tailak egiten hasi zen, eta zaletasun horrek eraman zuen Albaolara. Itsas faktoria bisitatu zuen lehenengo aldian piztu zitzaion proiektuarekiko sugarra: «Emaztearekin Albaola ikustera joan nintzen, eta bisita hartan bertan maitemindu nintzen proiektuaz. Neure artean esan nuen: ‘ni hona etorriko nintzateke doan lan egitera’». Une hartan bertan tailerrean zebilen teknikari batek entzun zion, eta parte hartzeko aukera proposatu zion. 2014. urtea zen.
Lehen lanak oinarrizkoak izan ziren: «Hasieran zuhaitzak zuritzen aritu nintzen, eta gero txirrikak egiten hasteko proposatu zidaten». Denborarekin, txirrika edo poleak egiten espezializatu zen.
Bi beasaindarrek aspalditik ezagutzen zuten elkar, eta Kantujirako irteera batean gurutzatu ziren berriro bien bideak. «Egun batean, kantuan gindoazela, Andonik esan zidan Albaolan ari zela boluntario. Nik banekien han zer-nolako lana egiten zen, eta esan nion niri ere izugarri gustatuko litzaidakeela parte hartzea». Mera 2017an batu zen taldera, eta harrezkero biak elkarrekin aritu dira poleak egiten.
Funtsezko piezak
Poleak funtsezko piezak dira San Juan baleontziaren funtzionamenduan. Ontziak hiru masta eta hainbat zurrun dauzka, eta horietan lotzen dira poleak, belak igotzeko eta jaisteko. Horrelako ontziek ez dute motorrik: belen kokapenaren arabera zehazten dira norabidea eta abiadura. Horregatik, beasaindarrek egindako piezak ez dira osagarriak, ontziaren bihotzeko mekanismoaren parte baizik.
Lan guztia teknika zaharrak erabiliz egin dute, eta ikerketa arkeologiko sakon baten emaitza diren planoei jarraituta. Pieza bakoitzak sendoa, zehatza eta fidagarria izan behar du. Kerexetak azaldu du nola ulertzen zuten hori lehengo ofizioetan: «Garai hartan, basoko langileek ondo ezagutzen zituzten haritzak. Egurra moztu aurretik, egin beharreko piezen planoak zuhaitz-enborraren gainean jartzen zituzten, balio ote zuen ikusteko. Batzuetan adarrak sokekin lotzen zituzten, behar zen forma lortzeko. Zuhaitza mozten zutenean, ordurako jakina zen enbor zati bakoitza zertarako izango zen».
Hori da, hain zuzen, Albaolan berreskuratu duten filosofia: aurretiazko ezagutza, pazientzia eta egurrarekiko errespetua. Horren barruan, Goierriko artisauen ekarpena ezinbestekoa izan da, beraien lanak erakusten baitu historia ez dela museoetan soilik gordetzen; batzuetan, jubilatuen esku trebeek berriro martxan jartzen dute, egur usain eta mailu hots artean.
Bi beasaindarrek egiten duten lana, beraz, ez da hutsala. Ontzi bakoitzeko pieza bakoitzak kurbadura berezia eta neurri zehatzak eskatzen ditu; mailuaren kolpe bakoitzak egurra ukitzen duenean, zeregin handi bat osatzen du. Merak eta Kerexetak egun osoa igarotzen dute tailerrean egurrezko piezak eginez. Piezak hasieratik bukaeraraino egiten dituzte, eta gero egitura nagusian txertatuko dituzte. Ez da soilik esku-lana: historia eta tradizioa transmititzen dute pieza bakoitzean.
Euskal baleontzien historia
Beren lana ez da teknikoa bakarrik, buruan beti kontzientzia historikoa ere badarabilte: «XVI. mendeko ontzi baten erreplika egiten ari gara, eta gure esku-lanak itsasontzi baten bizitza eta segurtasuna bermatu behar ditu. Horregatik, ez dago presarik, baina xehetasun guztietan sartzen gara». Urte mordoxka honetan, «hamarka» polea egiteaz gain, denbora eta energia asko eman dute; «baina beti poztasun eta gogo handiz».
XVI. mendean, Euskal Herria itsas potentzia garrantzitsua zen. Ontzi handiak eraikitzen hasi ziren Atlantikoa zeharkatzeko, Ternua eta Labrador (Kanada) aldera balea ehizara joateko. «Barruan 60 marinel ingururentzako tokia zegoen, baita balea harrapatzen zutenean hura zatikatzeko, haren olioa ateratzeko eta dena gordetzeko tokia ere», zehaztu du Kerexetak. Bestalde, ontzi gainean 3-5 txalupa edukitzen zituzten, uretara beheratzeko prest. Masta nagusia 30 metro ingurukoa zuen: «Hortik arrantzaleek baleen arrastoak bila zitzaketen».
Balearen olio preziatuarekin itzultzen ziren Euskal Herrira, bertan eta Europako beste herrialde batzuetan saltzeko. «Jarduera horrek arrisku handiak zeuzkan: haize bortitzak, izotzezko urak, hondoratzeak… Aldi berean, ontzigintza aurreratua eta tripulazio trebea behar ziren. Balea-olioa Europako kaleak argiztatzeko, industriak mantentzeko eta merkataritza sareak finkatzeko erabiltzen zen, eta, horregatik, euskal baleontziek paper estrategikoa jokatu zuten». Euskal Herriaren ekonomian garrantzi handia izan zuen.
San Juan baleontzia
San Juan baleontzia 1563an eraiki zuten, Pasaiako portuan, XVI. mendeko baleontzi transozeaniko bat izateko asmoz. Ontzia Atlantikoa zeharkatzeko diseinatu zuten, Ternua eta Labrador aldera balea ehizatzera joateko. Garai hartan, Euskal Herria munduko itsas potentzia nagusietako bat zen, eta ontzigintza aurreratua izan behar zen horrelako bidaietarako.
Zoritxarrez, 1565ean, ontzia Kanada iparraldeko Red Bay inguruan hondoratu egin zen, ekaitz batek harrapatu zuenean. Ontziaren biltegian, batez ere balea-oliozko kupelak zeramatzan. San Juan baleontzia historian dokumentatutako lehen itsasontzi transozeanikoen arteko lekuko garrantzitsua bihurtu zen.
1978an aurkitu zuten San Juan baleontzia, itsas hondoan, oso egoera onean, eta ikerketa sakon baten objektu bihurtu zen. Itsas azpian zegoen ontzi hark XVI. mendeko ontzigintzari buruzko informazio osoa eman zuen: «Egur mota, pieza bakoitzaren forma, lotura metodoak, baita tripulazioaren bizitza eta kargaren antolaketa ere», azaldu dute bi goierritarrek. Oinarri horren gainean sortu zuten Albaola proiektua, eskulan tradizionala bizirik mantentzeko eta historia transmititzeko helburuarekin.
Eraikuntza eta erreprodukzioa 2013an hasi zen. Xabier Agotek, Albaola Itsas Kultur Faktoriaren sortzaileak, Parks Canadaren eta ikerketa arkeologiko sakonaren lankidetzarekin, ontziaren planoak eta datuak erabili zituen berregiteko. Datu horien bidez, pisuak, bolumenak eta egonkortasuna aztertu zituzten, berreraikuntza segurua eta historikoki zehatza izan zedin. Proiektuak eskulan tradizionalak berriro biziaraztea eta historia transmititzea ere ekarri du berekin, baita ofizio zaharren berpiztea eta belaunaldien arteko ezagutza sustatzea ere. Hori guztia tailerrean egindako piezen bidez ikus daiteke.
Eraikuntza teknikoa
San Juan ontzia «egur naturalarekin, garai hartako teknikak erabiliz eta eskuz» ari dira eraikitzen. «Material nagusiak, Sakanatik ekarritako 200 bat haritz, eta Iratitik ekarritako izeiak dira», kontatu dute Merak eta Kerexetak. Ontziak 28 metroko luzera du, 7,5 metroko zabalerarekin eta 6 metroko altuerarekin. Zaila da esaten zenbateko pisua daukan, baina lanean diharduten goierritarrek azaldu dutenez, «oso-oso pisutsua» izango da. Oraindik mastak eta belak ipintzea falta du. 560 metro koadro lona erabiliko dituzte belak egiteko, eta kalamuzko sei kilometro soka.
Proiektuak ofizio zahar guztiak berpiztu ditu: arotzeria, errementaritza, bela joskintza eta ontziolako beste jakintza batzuk. Hori publikoaren aurrean egiten dute, proiektuaren alderdi didaktikoa eta ikusgarria bistarazita. Ikusleek pieza bakoitza nola prestatzen den, doikuntzak nola egiten diren eta ontzia nola muntatzen den ikusteko aukera dute, historian murgilduta. Hala, proiektuak, UNESCOren babesarekin, antzinako jakintza ia galduak berreskuratzea eta ofizio zahar baten berpiztea ditu helburu.
Burdinaren ahotsa
Aspaldiko ofizioak berreskuratzeko ahalegin horretan, Legazpiko errementari Ricardo Mediavilla ere aritu da Albaolarekin kolaboratzen, burdinazko iltzeak eta lokailuak egiten. Bere tailerrean ehunka iltze forjatu zituen —batzuk 25 zentimetrotik gorako luzerakoak ere bai—, ontziaren egitura sendotzeko eta pieza nagusiak behar bezala lotzeko.
Mediavilla tradiziozko errementarien ondorengoa da: aitak irakatsi zion gaztetan ofizioa, eta berak bere esperientzia eta jakintza praktikoa erabili ditu San Juanen burdinerian. Proiektuan egindako lanak —burdinazko lokailuak, manibelak eta piezen zati zehatzak— ez dira mekanismo hutsak, ontziaren bizitza eta segurtasuna bermatzen duten elementuak dira.
Mediavilla Jubilatu da dagoeneko, baina ondoren ere bere lanak proiektuan izan duen eragina nabarmena da: Mediavillak bere tailerra beste errementari bati utzi dio, eta horrekin batera burdin pieza handiagoak egiteko espazioa eta jakintza. Horrek erakusten du ofizio tradizionalen transmisioaren garrantzia, eta nola proiektuan ez duen egurra bakarrik erabili; burdina ere bai, eskuz eta tradizioan oinarrituta landuta, XXI. mendean berreskuratuta.
Botadura eta emozioa
Botaduraren egunean, 2025eko azaroaren 7an, tailerrean landutako pieza solteak bat-batean ontzi bihurtuta agertzeak «poza, harrotasuna eta hunkidura» eragin zien Andoni Merari, Pako Kerexetari eta beste langile guztiei. Egun hura historikotzat daukate: euren eskuak XVI. mendeko baleontzi bat berriro bizitzara ekartzen ari ziren.
Botadura ez da proiektuaren amaiera, fase berri baten hasiera baizik. San Juan baleontzia herrialde osoaren erakusgarri bihurtu zen, eta Goierriko herri jakintza, pasioa eta dedikazioa ere islatu zuen. ■




