«Argazkiak egitean, beste begirada bat dugu emakumeok»
Argazki lehiaketetan eta rallyetan ez da emakume askorik ikusten, are gutxiago sari banaketetan. Legazpiko Gurutze Langarikaren izena, aldiz, geroz eta ozenago entzuten ari da azken aldian. Ikatza elkarteko kidea da Gurutze Langarika Urbitarte (Legazpi, 1962), eta hainbat sari irabazi eta gero, lekua egiten ari da bere ustez maskulinizatuta dagoen mundu horretan. Rallyetan dabil murgilduta azken aldian.
Argazkigintzan ez dabil emakume askorik.
Ez, egia da. Historikoki, eta gaur egun ere, maskulinizatutako ogibidea da, baita afizioa ere. Gehienak gizonezkoak dira, eta hori argi ikusten da oraintxe amaitu den Herriz Herri Euskal Herriko argazki rallyen txapelketan. Parte hartu dutenen artean 61 gizonezko eta 20 emakume daude, heren bat bakarrik.
Zergatik da hain maskulinoa mundu hori?
Nik uste dut arrazoi bat izan daitekeela ekonomikoa, materiala oso garestia delako. Ni afizionatua naiz, eta horretaz ari naiz bakarrik. Eta beste arrazoi bat izan daiteke betikoa, emakumeek etxeari eta familiari ematen diotela lehentasuna. Beste arloetan ere gauza bera gertatzen da, kirolean adibidez, edo txirrindularitzan. Hor ere gizonezkoak dira nagusi. Denbora gehiago dute, edo hartzen dute, hobeto esanda, afizioetarako. Profesionalen mailan ere, nik irakurri dudana kontuan hartuta, emakumezkoak beti egon dira gizonezkoen atzean; hau da, argazkilari profesionala gizona zen, eta atzean, laguntzaile gisa, askotan emakume bat zegoen, izan emaztea, izan alaba…
Hala ere, egon dira emakumezko argazkilari aipagarriak.
Bai, noski. Lehen emakumezko argazkilaria Anna Atkins izan zen, eta berak argitaratu zuen, gainera, lehen argazki liburua, zianotipiaren teknika erabilita. Baina, normalean, argazkiaren munduan emakumeen izenak edo autoretzak ezkutuan geratzen ziren, literaturan ere askotan gertatu zen bezala.
Baina gaur gauzak bestela dira: zure izena ezagun egiten ari da.
Bueno, sariekin lehen urratsak egiten hasi naiz, bai. Eta hasi naiz neure buruan eta balio dudala sinisten.
Sari asko irabazi al dituzu?
Asko baino gehiago, sari garrantzitsuak izan dira, niretzat behintzat. Bat nazioarte mailako El Rioja y los 5 Sentidos argazki lehiaketaren 2024ko edizioko hirugarren saria izan da, Ardoaren kolorea lanak emandakoa. Oso lehiaketa entzutetsua eta kalitate handikoa da. Hogei herrialdetako argazkilarien 600 lanetatik hirugarren onena izan zen nirea.
2025ean ere izan dira sari gehiago.
Bai. Urte amaierara arte ezer irabazi gabe nengoen, baina azaroko aste batean hiru batera etorri ziren: Azpeitiko rallyko lehenengo saria, Bronce + H20 = Hondalea argazkiarekin, Huelvako (Espainia) Atlantic Copper fundazioak antolatutako Encuadre lehiaketan irabazitako hirugarren saria, eta Urretxuko Urrelur Mineralogia eta Paleontologia Asteko argazki lehiaketako lehenengoa.
Nola hasi zinen argazkiak ateratzen?
Beti gustatu izan zait, baina ez nuen denborarik hartzen. Azkenean, duela zortzi-bat urte Ikatza argazkilari elkartean hasi nintzen, Legazpin bertan, eta hor ikasi dut.
Zer eman dizu Ikatzak?
Astearteetan eta ostegunetan elkartzen gara, batak bestearengandik ikasteko. Giro ona dugu, laguntzeko prestasuna, zalantzak komentatzeko… Ikatza babesleku bat da. Elkarteko kide batzuek taldetxo bat ere badugu osatuta, eta noizean behin irteerak egiten ditugu hango edo hemengo rallyetara. Gazteak falta zaizkigu, hor dago erronka.
Emakume gehiagorik ba al dago elkartean?
Bai! Ostegunetan elkartzen garenon artean lau emakume gara. Baina aurtengo urtera arte bakarrik nengoela esan daiteke. Oso gustura nago.
Diferenteak al dira emakumeak argazkiak ateratzen?
Baietz uste dut. Beste ikuspuntu bat dugu, beste begirada bat, gaien aldetik, atentzioa jartzen dugun horretan… Nik, adibidez, asko jotzen dut emakumeen gaietara, badut feminismo puntu bat. Iaz Kantabriako Camargo herriko rallyan argazki onenaren saria irabazi zuena zen horrelako bat, erabat feminista: amona bat ikusten zen, erakusleiho baten barru aldean, bularretakoez inguratuta. Bai, argazkilaritzan, bizitzan bezala, emakumezkook eta gizonezkoek desberdin ikusten ditugu gauzak, eta nik kontzienteki islatzen dut desberdintasun hori argazkietan.
Ikuspegi hori estimatzen al dute lehiaketetako epaileek?
Hortxe dago guztiaren gakoa! Afizionatu mailan ez dago prestatutako epailerik, eta, askotan, lehiaketetan parte hartzen dugunok gehiago dakigu argazkigintzaz epaileek baino. Baina tira, nik lehiaketak joko baten moduan hartzen ditut, eta ikasteko baliatzen ditut, onartuta epaileek ez dutela izango nik dudan gustu edo irizpide berdina. Eta horregatik ez da etsi behar. Nik argi dut nire gustuko argazkiak egingo ditudala, eta aurkeztu ere bai, ez beste batzuek bezala, lehiaketaren edo rallyaren arabera aukeratzen dituztela aurkezten dituzten argazkiak. Nik, nire gustukoak, eta kito.
Eta hori aipatuta, esango dut epaile izateko ikasten ari naizela, formakuntza saioak egin ditudala, gabezia bat ikusten dudalako arlo horretan. Gustatu egiten zait, gainera, argazkiak ikustea, baloratzea eta irakurtzea.
Feministak izateaz gain, nolakoak dira zure argazkiak?
Niri erretratua gustatzen zait, baina ez da erraza. Legazpin, hiri handiago batean baino aukera gutxiago dago modeloak bilatzeko. Toki handietan anonimoagoa da guztia. Erretratuaz gain, kameraren nahitako mugimendua gustatzen zait, mugitutako argazkia, ingelesez ICM deitzen dena. Oso dibertigarria da, beste sormen puntu bat ematen dio argazkiari, artistikoagoa da, inpresionismoaren ildokoa. Horretan Josu Garai izan da nire maisua. Baina jende guztiari ez zaio gustatzen, nahiago duelako irudi garbia, gardena.
Zuk denbora asko eskaintzen al diozu argazkilaritzari?
Aurten osasun kontu bat dela eta bajan nago tarte luze baterako, eta horrek denbora gehiago eman dit topaketa horietara joateko, eta formatzen eta ikasten jarraitzeko. Praktikatzeko ere denbora gehiago izan dut, eta rally gehiagotara joan naiz, Herriz Herri txapelketakoetara, adibidez.
Rallyak garrantzitsuak al dira?
Niretzat eskola bat dira. Nik hor jartzen dut praktikan irakurritako eta ikasitako guztia.
Baina dena ez da argazkia ateratzea. Gero zer dator?
Argazki digitalak egiten ditut nik, eta ordenagailuan editatzen ditut, programa batzuen bidez, Photoshop edo Lightroom, adibidez. Aukera asko dago, baina ikasi egin behar da programa horiek erabiltzen, eta adinagatik edo, pixka bat kostatzen zait hori. Baina bagoaz aurrera. Dena dela, kamerarekin egin behar dira gauzak. Kamerarekin ez baduzu ateratzen zuk nahi duzuna, edizioak ez dizu hori emango.
Afizio garestia dela argazkilaritza aipatu duzu.
Bai. Hasteko ez duzu ekipo handirik behar, Reflex kamera bat nahikoa da, diafragma, abiadura eta ISO bezalako parametroak zeuk maneiatzeko aukera ematen dizuna, zure sorkuntza edo esperimentatzeko gogoa asetzeko. Niri gauza desberdinak probatzea gustatzen zait, eta zerbait menperatzen dudanean, beste gauza bat behar dut. Eta horrek eskatzen du kamera hobe bat, zureak ez dizulako ematen nahi duzun beste kalitate, edo zuk egin nahi duzuna egiteko aukerarik ez duelako ematen. Kamera on batek dirua balio du, baita objektibo on batek ere. Horri eransten badizkiozu tripodea eta beste gehigarri batzuk… Bai, afizio garestia dela esan daiteke. ■


