«Galiziako autokrosean parte hartu nuen lehen aldia ez dut ahaztuko»
Joseba Azpiazuk (Ezkio, 1973) Urretxu-Zumarraga Ikastolan, Garaialde lizeoan eta Joxe Mari Iparragirre Institutuan ikasi zuen. Ikasketak utzi eta lanean hasi zen. Lorezain eta tapizatzaile lan egin zuen eta, aldi berean, garraiorako gidabaimen guztiak eskuratu zituen. 22 urterekin kamioia erosi zuen, eta 30 urte daramatza kamioilari lanean. Bi milioi kilometro baino gehiago egin ditu orain arte eduki dituen hiru kamioiekin. Ormaiztegin bizi da, emaztearekin eta bi seme-alabekin.
Zer zaletasun dituzu?
Auto lasterketak. 15 urte eman nituen auto lasterketetan, pilotu eta kopilotu. Duela 14 urte utzi nuen.
Pelikula edo telesail bat.
Amerikako Estatu Batuetako akziozko pelikulak gustatzen zaizkit. Denzel Washington eta Jason Statham aktoreek egin dituztenak, adibidez.
Liburu bat.
Bat ere ez.
Musika talde bat edo abeslari bat.
La Polla Records. Ormaiztegin autobusa antolatu zuten Bilbon egin zuten kontzertura joateko, eta andreak sarrera oparitu zidan.
Abesti bat.
La Polla Records taldearen Ellos dicen mierda.
Oporretarako leku bat.
Ez gara penintsulatik ateratzen. Hondartza eta txiringitoa gustatzen zaizkit. Azken urteetan Benalmadenan, Peñiscolan… izan gara.
Zer gosaltzen duzu?
Opiltxo pare bat eta ura. Kafea tabernan hartzen dut. Inguruko taberna guztiak zein ordutan irekitzen diren ondo asko dakit.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Galiziako Arteixo herriko autokrosean parte hartu nuen lehen aldia. Katedrala deitzen diote. Sekulakoa da. Urte hartan Dani Sordo ospetsuak ere parte hartu zuen.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Nire urtebetetze egunean nire buruari oparitu nion autokros autoa.
Amets bat.
Azkeneko kamioia erostea eta jubilatzea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Garagardo bat edatea.
Goierriko txoko bat.
Ormaiztegi.
Ormaiztegin biziko ez bazina…
Beste herri txiki batean: Amezketa, Ezkio, Abaltzisketa… edozein. Beasain, Lazkao… handiak dira. ■

