«Magia ez da umeentzako soilik egiten den zerbait»
Afizio gisa hasi zena ofizio bihurtu da Eneko Gutierrez mago legazpiarrarentzat (2001). 12 urterekin hartu zuen lehen aldiz magia-liburu bat esku artean, eta 19 urte zituela igo zen lehenengo aldiz agertoki batera, mago gisa. Orain buru-belarri dabil ‘Magia a lo loco’ ikuskizunarekin, Madrilen.
Noiz eta nola hasi zinen magia egiten?
Txikitatik izan naiz zirkuaren, pailazoen eta magoen frikia. 12 urterekin lagun batek magia truko bat egin zidan, eta handik aurrera magiari buruzko liburuak irakurtzen hasi nintzen.
Noiz hasi zinen ikuskizunak egiten?
19 urterekin egin nuen nire lehenengo ikuskizuna. Pandemia betean, nire taldekide Mariarekin batera ikuskizun bat sortzea erabaki genuen. Karta sorta batekin hogei minutuko emanaldia prestatu, eta 2020ko abenduan estreinatu genuen. Ondoren, bakoitzak bere bidea eginez jarraitu du: berak magia poetikoaren alde egin du, eta nik magia komikoaren alde. Pixkanaka, kartak soilik erabiltzetik truko konplexuagoak egitera igaro naiz.
Zer ezaugarri izan behar du mago on batek?
Mago batek publikoa uneoro ikuskizunean sartuta egotea lortu behar du; azkarra izan behar du, eta publikoari erantzun behar dio. Bestalde, etxean asko entseatzea ere ezinbestekoa da.
Ikasketarik edo formakuntzarik behar da mago izateko?
Ikasketa eta formakuntza ugari daude magiaren arloan, baina denak Euskal Herritik kanpora. Mago euskaldunak autodidaktak izaten gara normalean. Nire kasuan, adibidez, neure kabuz formatu nintzen.
Erreferenterik baduzu mundu horretan?
Juan Tamariz magoa izan da urte askoan nire erreferente nagusia. Orain, ordea, Mago Lari dela esango nuke; produkzio erraldoi bat dauka, eta nik ere hori lortu nahiko nuke egunen batean.
Zerk izaten du arrakasta gehien zure ikuskizunetan?
Jendeari asko gustatzen zaizkio jolas interaktiboak, hau da, beraiek agertokira igotzea eta ikuskizunaren parte izatea. Niri, berriz, ikaragarri gustatzen zait jendeak esandako komentarioei erantzutea eta beraiekin jolas egitea.
Orain, non eta zertan zabiltza?
Orain, Magia a lo loco izeneko ikuskizun bat egiten ari naiz Madrileko Teatro Escondido aretoan, larunbat arratsaldeetan. Horrez gain, beste ikuskizun bat ere badaukat Madrilen. Euskal Herrian, berriz, Izeba Felixaren Irratia izeneko ikuskizuna egiten ari naiz.
Zein dira epe motzeko eta luzeko zure helburuak?
Epe motzera begira, Magia a lo loco ikuskizunarekin Espainia osoko bira bat egitea dut helburu, uda garaian. Hori da gertuen daukadan proiektua. Epe luzera begira, berriz, 2028rako edo 2029rako ikuskizun berria sortu nahiko nuke, beste dimentsio batzuetako produkzio bat izango dena.
Nahikoa baloratzen al da magoaren lana?
Iruditzen zait magiaren mundua ez dela behar bezala baloratzen. Magia ikustera joatea gehiago kostatzen zaigu kontzertu edo museo batera joatea baino. Euskal Herrian, bereziki, oso hedatuta dago magia umeentzako soilik dela pentsatzeko joera, eta hori ez da horrela: publiko guztientzat pentsatutako diziplina da. Nik, esaterako, helduentzako soilik diren magia ikuskizunak ere egiten ditut. Uste dut garrantzitsua dela magiaren inguruko aurreiritziak alde batera uztea eta beste begirada batekin ikusten hastea. ■

