Amodioak bultzatuta, Mexikotik Ezkiora
Trini Espinosa mexikarra eta Iker Juantorena ezkiotarra, Amets eta Ixchel seme-alabekin, Ezkioko etxean.
Trini Espinosak duela 14 urte utzi zuen Mexiko, ezkiotar batekin ezkondu eta haren herrira bizitzera etortzeko. Etxekoen falta sumatzen badu ere, Ezkion, familia osatuta eta lagunak eginda, gustura bizi da.
Ezkio-Itsason bizi da Trini Espinosa, 38 urteko mexikarra, Ezkion. Duela 16 urte iritsi zen Mexikoko Merida hiritik Goierrira, han ezagutu zuen ezkiotar batekin ezkondu eta gero. Bi seme-alaba ditu bikoteak, eta mexikarra oso ondo integratu da harrerako herrian. Etxekoen falta sumatzen du, baina hemen oso gustura bizi da eta, momentuz, ez du itzultzeko asmorik.
«Amodiozko istorio bat» dago Euskal Herrira egindako bidaiaren atzean, eta Zumarragako musika eskolan dantza irakasle zenean askotan kontatzen zuen: «Mexikon bizi nintzela, 20 urterekin, hara oporretan joandako Iker Juantorena ezkiotarra ezagutu nuen, parrandan. Hurrengo egunean joatekoa zen, baina berriz elkartu ginen alde egin aurretik, eta nire mugikorra diruarekin kargatzeko denda batean nengoela, zenbakia ikusi eta buruz ikasi zuen. Handik hiru egunera, Quitora joan aurretik Mexiko Hirian zegoela, deitu egin zidan, eta gure helbide elektronikoak trukatu genituen».
Iker Ezkiora itzuli zen, baina harremanetan jarraitu zuten, mezu elektroniko, Messenger eta Skype bidez, «zaila izaten zen, ordu diferentziagatik». Bi urtez mantendu zuten distantziako harremana, ezkontzea erabaki zuten arte. Izan ere, «argi genuen gure harremana mantentzeko elkarrekin bizi behar genuela, etxe berean». Eta horrela izateko, ezkondu beharra zegoela dio Trinik, Mexikon oso tradizionalak direlako. «Lehen, eta gaur ere bai oraindik, ez zara familiaren etxetik irteten ezkontzera ez bada».
Sorpresa handia izan zen ezkontzeko erabakia bi familientzat; 22 urte besterik ez zituen Trinik, eta 25 Ikerrek. Baina ezkondu ziren, Meridan, abuztuaren 20 batean, Ikerren gertuko familia joanda: «Etxekoak, izeba bat eta bi lehengusu». Urte berezko azaroaren 29an etorri ziren Euskal Herrira. «Ormaiztegin festak ziren. Zer hotza egiten zuen!», gogoratzen du Trinik.
Hasiera ez zen erraza izan mexikarrarentzat. «Hemen egokitzea asko kostatu zitzaidan, batez ere lehenengo urtean, Iker Marokon egon zelako Irizarrekin lanean». Garai hartan Ormaiztegira joan ziren bizitzera. Urtebete inguru egin zuten han, Ezkion erosita zuten etxea eraikitzen bukatu arte. Ordutik, Ezkion bizi dira.
Euskaltegira, «derrigortuta»
Goierrira iritsi eta gutxira hasi zen euskara ikasten. «Azaroan iritsi, eta abenduan euskaltegian apuntatu ninduen amaginarrebak». Urretxuko Udal Euskaltegian hasi zen, «derrigortuta» dio barrezka. Ikerren familia Miranda baserrikoa da, «oso hemengoa; euskara dute ama hizkuntza, eta garrantzia handia ematen diote euskarari». Derrigortuta joanda ere, onerako izan zen: «Oso lagungarria. Hemen ez nuen ez familiarik, ez lagun propiorik; Ikerrenak ziren familia eta kuadrilla, eta oso ondo hartu ninduten, asko babestu naute, asko maitatzen nautela sentitzen dut… baina Euskaltegiak beste bide batzuk zabaldu zizkidan».
Han lagunak egin zituen. «Mexikon lagun asko nituen, txikitakoak, unibertsitatekoak, eta hona etorri eta hutsetik hasi behar izan nuen. Oso gogorra izan zen!». Hemengo kultura oso diferentea dela dio, jendea oso itxia dela, eta zaila dela lagunak egitea. Baina euskaltegiak gauzak erraztu egin zizkion. «Emozionalki babes handia izan zen. Klaseetara joaten ginen guztiak hemengo herritarren bikoteak ginen eta kanpotarrak. Egoera berean geunden». Euskara eskolak «terapia moduko bat» bihurtu ziren, eta bere lagun propioak lortzeko bidea eman zioten.
Gutxira, lanean hasi zen, eta hura ere oso lagungarria izan zitzaion. Zumarragako Secundino Esnaola Musika Eskolan hasi zen 2012an dantza klaseak ematen, Mexikon egindako dantza garaikideko eta klasikoko ikasketak baliatuta. Euskara praktikatzeko eta ikasten jarraitzeko pizgarria izan zela dio. «Ikasle batzuek ia dena egiten zuten euskaraz, eta horretara egokitu behar izan nuen». Gogorra izan zela aitortzen du; «guraso gehienek asko baloratu zuten klaseak euskaraz emateko egin nuen ahalegina». Ahal zuen guztia euskaraz hitz egiten zien ikasleei, «oso ondo ulertzen genuen elkar».
Seme-alabekin ere ondo konpontzen da euskaraz etxean, nahiz eta asko gazteleraz egiten duten elkarrekin. Amets eta Ixchel dira, 9 eta 7 urtekoak; «kostatu egiten zaie nirekin euskaraz hitz egitea. Aitarekin bai, euskaraz guztia, baina nirekin duten komunikazio gehiena gazteleraz da». Maien hizkuntzan ere egiten dute, pixka bat. «Nire familian ez da hizkuntza hori hitz egin, baina Meridan hizkuntza horretako hitz asko ditugu sartuta eguneroko hiztegian, eta horiek hemen ere erabiltzen ditut seme-alabekin».
Lanetik eta etxetik kanpo, lagun artean ere hitz egiten du euskaraz. «Batek aspaldi esan zidan guztiari a hizkia erantsita nahikoa zela euskaraz hitz egiteko!». Baina horretarako baino gehiagorako da gai Trini.
Gustura bizi da Ezkion. Familia osatuta du, lagunak ditu, lana… Baina Mexiko eta etxekoak faltan sumatzen dituela aitortzen du. Joan da hara behin baino gehiagotan Goierrira duela 14 urte etorri zenetik. «Bi gauzak batera, leku berean edukitzea nahiko nuke!».
Momentuz hemen jarraituko du. «Ondo gaude hemen, gustura nago lortu dugunarekin, eta pozik, nire seme-alabek erdi euskaldun eta erdi mexikar izatea harrotasunez bizi dutelako». ■
