‘Ni’-tik ‘gu’-ra, elkarlanerako deia
Joxepa Madariaga • Kultur eragilea
Gerriko Kultur Elkarteak solasaldiak antolatzen ditu, musika-emanaldiak, bertso-afari eta bertso-saioak, zine- eta literatura-emanaldiak, azokak… kultur ekintzak euskaraz. Euskara da Gerrikoren eremua, esparrua, euskara dugu iragazkia, filtroa. Euskal Herria, euskara eta euskaldunak ditugu zutabe. Lazkaon kokatua, bazkideen indarra motore dugula, herriko eragileekin batera, bertatik antolatzen ditugun ekintzak ez dira Lazkaorako, ez lazkaotarrentzat bakarrik. Ez. Goierritarrak, gipuzkoarrak… eta euskal herritar oro da ongietorria gurera, gure mikro-ekintzetara. Elkarlana dugu lan-sistema, elkarrekin eta elkarrentzat egiten dugu lan. Herritik sortua eta herriarentzat Gerriko, Ikastola bezala.
Doinueleko (euskarazko azoken sarea), Bertsozale Elkarteko (Euskal Herriko Bertsozaleen Elkartea), Taupako (euskaltzaleen mugimendua) eta Euskaltzaleen Kontseiluko (euskalgintzako eragileen elkargunea) bazkide da Gerriko Kultur Elkartea. Horiekin elkarlanean, Euskal Herri guztira iristen gara. Pasa den abenduaren 27an, Kontseiluak deituta, Bilbo Arenan, 6.500 lagun euskaltzale elkartuta euskararen kontrako oldarraldi judizialari aurre egiteko, Gerriko Kultur Elkartea bere txokotik irten, Euskal Herriko eragileekin, elkarteekin, euskaltzaleekin elkartu eta euskara defendatzen aritu zen.
Euskara behar dugu, euskarak behar gaitu, indartsu behar ere. Bada, Gerriko Kultur Elkartetik elkarlanerako gonbita egin nahi dizuegu. Jarrai dezagun gure antolaketa eta lan lokalekin, baina, aldi berean, gure txokoetatik irten, elkartu eta indartuta, egin dezagun euskal lurralde osoan elkarlana. Han-hemengo Euskara eta Kultur Elkarte lokalak, nazio mailako elkarteetara inguratu, egin bazkide, izan lankide. Elkartuta indartsuago izango gara. Egiturak osatuta dauzkagu, elkartzea falta zaigu. ■
