Maspalomas
Imanol G. Gurrutxaga • Zinema zuzendaria
Maspalomas filmak azken hogei urteak armairutik kanpo igaro dituen gizon baten istorioa kontatzen du. Vicente Maspalomasen bizi da, Kanarietako uharte batean kokatutako hirian, eta iktus baten ondorioz, bere alabak Euskal Herrira bueltan ekartzea erabakitzen du, protagonistaren iritzia kontuan hartu gabe. Erabaki horrek Vicente zaharren egoitza batean bizitzera eramaten du, bere burua berriro ere armairuan sartzera behartuz.
Protagonistaren aldaketa nabarmena agerian geratzen da itzulera
horretan. Maspalomasen izan zuen kolorez betetako bizitzarekin alderatuta, gaur egun Euskal Herrian daraman bizimodua tristea eta kolorerik
gabekoa da.
Askotan kritikatu izan da euskal zineman herri lainotsu, triste eta ilun baten irudia erakusten dela; baina kasu honetan, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi zuzendariek paisaia hori protagonistaren bizi-aldaketa maisuen moduan irudikatzeko baliatzen dute. Eta, zer esanik ez, zeresan handia eman duten sexu sekuentziek ere emozio hori transmititzeko balio izan dute.
Esan izan da hasierako lehen hamabost minutuetan gizonen arteko sexu sekuentzia gehiegi daudela, eta arrotza egiten dela behin eta berriro gauza bera erakustea. Baina hori ez da kasualitate hutsa: Maspalomaseko errealitatea erakusteaz gain, arraroa edo arrotza egiten zaien horientzat normalizaziorako bide bat ere bada.
Jose Ramon Soroizi ere aipamen berezia egin behar zaio; herri txiki batean jaioa izanik, horrelako paper bat antzeztu ez ezik, ondoren Legorretan bertan defendatu baitu, filma ikustera joan zirenei hitzaldi bat eskainiz.
Garaiak aldatu dira, eta bada garaia istorio eta errealitate horiek normaltzat hartzeko. ■
