Txistularien igandeetako kalejirak
Herria esnatzea dute egitekoa. Igande goizean. Asteko jaiegun bakarra izaten zen garai batean, eta zukua ateratzen eta eguna ospatzen –arrunta izan arren– goizean goizetik hasi beharra zegoen. Goierriko herri askotan txistulariek izaten zuten beren gain funtzio hori, izan udal banda, izan herriko txistulari ikasleen taldea, izan txistulari maisuen inguruan osatutakoa. Gaur egun ere jarraitzen dute zenbait tokitan.
Festa, ospakizun eta jai egun berezietan, esan beharrik ez, hutsik egin gabe ateratzen dira. Inauteriak, herriko festak, musikarien egunean, sansebastianetan, San Joan bezperan, auzoetako jaiak… Baina bereziagoa da, paradoxikoki, edozein igande arruntetan kalejiran ibiltzeko eta kalean txistua jotzeko duten ohitura.
Ohitura horren jatorria mendizaletasunean egon liteke. Aurretik, igandeetako mendizale gazteen irteeretan –ekimen horrek indar handia zeukan garaian– izaten zen txistua eramateko eta jotzeko ohitura. Kalera zabaldu bide zuten geroago jarduera.
Ikonikoak dira txistulari taldeen argazki historikoak, ondaretzat hartzeko moduko tradizioa. Biribilketak eta kalejirak joz, musikaren pausora eta ia gelditu gabe, kaleak zeharkatzen dituzte, aspalditik, txistulari taldeek. Paskual Larrañaga maisu ormaiztegiarrak igandero gidatzen zuen kalejira Ormaiztegin, bere ikasle ziren adin askotako lagunekin.
Gaur egun, Urretxun igandero ateratzen da Lizarriturri taldea. Santi Gutierrezek 1960ean hasitako taldearen eta ekimenaren jarraitzaile da. Zumarragan, Antxiñako Ama taldeak girotzen ditu igande goizak. Legazpin, Goiz Deia taldea hilero igande batean atera ohi da. Udaletxe parean hasi, erdiguneko kaleetan ibili, eta txandaka Legazpiko auzo, kale edo auzuneetan txandaka jo ohi dute. Egun seinalatuetan ere irteten dira. ■


