«Asko aberastu gaituen abentura bizi izan dugu»
Ezkiaga auzoan, Beasainen, Goierrin eta Gipuzkoan erreferente izan den Aterpe tabernak ateak itxi ditu. Taberna bat baino askoz ere gehiago izan da, tabernako paretak artisten erakusleiho izan baitira 38 urtean. Jubilazio adinera iritsita, erretiroa hartu dute Txomin Ferreira eta Aurori Rodriguez senar-emazteek. Txomin Ferreirak (Beasain, 1958) 38 urteko ibilbidearen errepasoa egin du.
Duela astebete, urtarrilaren 24an itxi zenituzten Aterpe tabernako aterak behin betirako. Itxi aurreko egunetan zein sentipen izan zenuten?
Emozioen nahasketa bat izan zen. Poza alde batetik, baina nostalgia edo pena ere bai bestetik. Urte asko izan dira, 38. Maitasun handia jaso dugu. 1982ko urtarrilaren 24 batean ireki genuen, eta 2026ko urtarrilaren 24an itxi dugu, Auroriren urtebetetze egunean.
1982an tabernaren ardura hartu zenutenean, martxan zegoen ordurako eta zerotik hasi zineten?
Bai. Nik tailer batean lan egiten nuen, eta 1982an, CAFen erregularizazioa izan zenean, kalean geratu nintzen. Goierri bideo-kluba eduki nuen lagun batekin, Beasainen. Portugaldar batzuek egin zuten Aterpe taberna, baina Galiziara joatea erabaki zuten. Nik ez nuen ostalaritzan esperientziarik, eta Auri emazteak ere ez. Nik 29 urte nituen eta Aurorik 27. Baina animatu egin ginen Aterpe taberna hartzera. Beti saiatu izan gara giro goxoa sortzen tabernan. Orain, esker eta maitasun mezu ugari jaso ditugu.
Tabernaz gain, pentsio zerbitzua ere izan zenuten Aterpen.
Bai, 2010. urtera arte pentsioa ere eduki genuen, goiko pisu batean. Garai hartan kanpotik jende asko etortzen zen lanera, Nafarroatik, Bilbotik… Lehen errepideak txarrak ziren eta lanera etorritako jendea hemen geratzen zen. CAFek goiz eta arratsaldeko lanaldia zuen, gainera. Gerora errumaniarrak eta portugaldarrak etortzen hasi ziren, baina haiek etxeak alokatzen zituzten. Gaur egun errepide eta ibilgailu onak daude egunero etxera itzultzeko. Gosariak eman, oheak egin, otorduak prestatu… lan asko zen. Jai egunik ez geneukan. Pentsioa utzi genuenean, orain dela 5-10 urte hasi ginen astean egun bat ixten.
Esperientziarik gabe hasi zenuten bidea, baina polita izan da ibilbidea.
Poliki-poliki hasi ginen, eta asko aberastu gaituen abentura bizi izan dugu. Oso gustura nago egindako lanarekin. Artistekin izan dugun harremanak ere asko bete nau. Pintore askok hemen hasi dute ibilbidea. Maider Urretabizkaia lazkaotarra datorkit gogora.
Ostalaritzan esperientziarik ez zenuen. Eta arte munduan? Nolatan hasi zinen erakusketak jartzen Aterpen?
Ezta ere. Dena kasualitatea izan zen. La Colchoneria galeria-tabernan Irene Laffite ezagutu nuen eta hitz egin genuen. Hark [Jose Luis] Zumetari komentatu zion… Orduan pintura lehiaketa antolatu eta erakusketak jartzen hasi ginen. 19 urtean antolatu genuen pintura lehiaketa, eta parte hartzen zuten pintoreen lanekin erakusketak ere jartzen genituen. Goairtekoak [Goierriko Artisten elkartea] ere hemen inguruan ari ziren mural bat margotzen. Jokin Telleria, Zulueta, Epelde, Javier Soto… han zebiltzan. Zuluetak mural bat margotu zidan tabernan eta erakusketa bat jarri zuen.
Aterpe erreferentzia eta topagunea izan da Goierriko eta urrunagoko artistentzat. Zenbat erakusketa antolatu dituzue?
200dik ondo gora. Batzuk bakarkakoak, beste batzuk taldekoak. Jende asko pasatu da Aterpetik. Batzuk bidean geratu dira, arrazoi desberdinengatik. Profesionalki oso zaila da pinturatik bizitzea. Oso konstantea izan naiz. Egunkariak irakurtzen nituen, galerietara joaten nintzen… Gauza bat gustatzen bazitzaidan, bila joaten nintzen eta gonbidatu egiten nituen. Colchoneriara asko joaten nintzen. Gaspar Galeriara, Zumarragako kultur etxera eta Ordiziako Barrenara ere bai. Aterpera etortzen ziren bezeroen bidez ere gonbidatu izan ditut artistak hona, eta obraren batera lanera etorritakoen ezagunak ere bai.
Erakusketa bereziren bat aipatzekotan, zein aukeratuko zenuke?
Asko izan dira bereziak. Irene Laffitena, Jokin Telleriak egin zuen ‘Azken Afaria’-ren murala, Javi Sotok niri egindako irudien biografia… Asko izan dira. Denen argazkiak eta dokumentuak gordeta ditut.
Erakusketa bakoitza iragartzeko sustapenean lan handia egin izan duzu.
Hasieran Beasaingo udaletxean egiten zizkidaten esku orriak, baina utzi zutenean Lazkaoko akademia batera joan eta Photoshop programa erabiltzen ikasi nuen. Neroni hasi nintzen kartelak eta esku orriak egiten. Komunikabideekin beti harreman ona izan dut.
Egunero hainbeste artelan ikusita, pintatzen hasteko irrikarik sortu al zaizu?
Zaletasuna beti izan dut, baina frustrazio moduko bat badut. Beldurra. Agian jubilatutakoan hasiko naiz probatzen eta ikasten.
Taberna hartu zenutenean, Aterpe zuen izena?
Hasiera hartan izena aldatzea pentsatu genuen. Euskaraz ez nekien eta ez nekien zer esan nahi zuen aterpe hitzak. Baina zer esan nahi zuen galdetu eta aterpea estalpea, babeslekua dela esan zidaten. Esanahia ulertu nuen, eta bat zetorren gure gune honen izaerarekin: babeslekua zen pentsio bila zetozenentzat zein pintoreentzat. 38 urteko Aterpe tabernaren historiak ere erakutsi du babeslekua izan dela. Izena eta izana bat etorri dira.
Tabernako bezeroentzat arte eskola izan da. Estilo eta teknika desberdinak ezagutzeko aukera izan dute.
Denetik ikusi dute, bai. Hasieran, margolan abstraktuak jartzen zirenean harritu egiten ziren, gehiago kostatzen zitzaien.
Arte erakusketak, pintura lehiaketa, kontzertuak… eta futbito txapelketak ere antolatu izan dituzue.
Denetik egin dut. Kontzertuak ere antolatu nituen garai batean, eta 15 urtean futbito txapelketa. Inoiz ez naiz futbol partida bat ikustera joaten, eta inoiz ez dut futbolean jokatu. Baina gauzak antolatzea gustatzen zitzaidan, horrek motibatzen ninduen. Argazki makina txikia hartu eta argazkiak ateratzen nizkien taldeei.
Nolakoa zen 1982ko giroa eta auzoa?
Asko aldatu da. Jendea gehiago ibiltzen zen kalean eta tabernetan. Ezkiaga auzoa ere asko aldatu da. Auzoa orain askoz ere politagoa dago, oso paseo polita dago. Gaur egun denetik dago auzoan. Baina gaur egun jende gutxiago dabil tabernetan. Toki guztietako kontua da.
Auzoari eta arteari ekarpen handia egin diezu.
Nik uste dut ekarpen umila eta polita egin dudala. Tristurarekin itxi dugu Aterpe, baina baina harrotasunarekin ere bai, harrotasun apalarekin.
Goiartekoekin hasi zenuen arte ibilbidea eta azken egunetan ere hortxe izan dira hainbat artistaren margolanen lanak.
Usurbe Antzokian izan dute erakusketa jarrita, eta Aterpen denetik izan dira. Urte hauetan izan diren artista batzuen lanen aukeraketa bat izan da.
Amaitzeko, agur mezurik bidali nahi?
Bezeroak eskertu nahiko nituzke. Beti oso tratu pertsonala izan dut bezeroekin eta artistekin, oso harreman goxoa. Nik beti ahal dudan guztia eman dut eta beraiek ere bai. Beti maitatua sentitu naiz. ■

