«Zenbakietara begira epaitzen da musikan; zaila da bizirautea»
Altzagaraten hazi eta hezi da Ianire Aranzabe Garmendia (Altzaga, 1999) musikaria, Goierri sakoneko auzunean. Txikitatik izan du musikarako zaletasuna, eta bospasei urte daramatza artearen munduan: ‘Aireratzen’ EPa, ‘Erretratu bat’ diskoa eta ‘Hormetan idazten’ lan luzea kaleratu ditu dagoeneko, eta urtarrileko kontzertuetara begira, zuzenekoei garrantzia gehiago emateko asmoa du.
Altzagarateri buruz idatzi izan duzu maiz.
Nahita egiten ez dudan arren, hautu kontziente bat da aldi berean. Ezinbestean, Altzagarate bezalako auzo txiki batean hazi eta hezi izanak eragin handia du niregan; babesleku garrantzitsua da niretzat, eta sortzen ditudan hamaika kanturen oinarria. Ez da kasualitatea aurrenekoz kantuak idazten hasi nintzenean, kasik nahigabe auzoari zein familiari zuzendutako kanta bat idaztea. Sortzen dudan ororen atzean dago txikitatik izan dudan bizimodua, gure amonak transmititutako arima.
Nola gogoratzen duzu zure haurtzaroa?
Familiak jatetxe bat izan du betidanik Altzagaraten, duela urte batzuk itxi zena. Haurtzarotik ibili gara sukalde hartan bueltaka; ume ginela traba egiten, eta nerabezaroan laguntzen. Beti irudikatu dut haurtzaroa familiari, ostalaritzari eta jatetxe hartako sukaldeari estuki lotuta. Jatetxean lan handia zegoenean Ordiziara jaitsi ezinean geundela ahizpa eta biok plazan jolasean geratzen gineneko oroitzapenak ere baditut. Ezer ez zegoen plazan gauzak asmatzen jakin izan dugu beti, eta aukera txikiak ondo aprobetxatzen.
Zure izaeran ere izango du horrek guztiak nahikoa eragin.
Dudarik gabe. Proiektuak martxan jartzerakoan maiz jotzen da pentsatzera anbiziotsuak izatea beharrezkoa dela, edota dimentsio handietara jota soilik aurki daitekeela arrakasta. Ni ez naiz sekula halakoa izan; epe laburrera eta momentura pentsatzearen aldekoa naiz, eta hori ere amonarengandik datorkit.
Amonaren lana eta ofizioa sukaldea izan zen beti, eta astebururo saiatzen zen bere onena ematen, bueltan ezer espero gabe. Auzotik datorkigu hori, eta horren bueltan eraiki dut nire nortasuna ere.
Altzagaraten sortu arren, Ordizian hazi zara, eta hura ere etxe bihurtu duzu.
Altzagarateren osagarri zuzena da Ordizia. Errealitatea da egunerokoan denerako jo behar izan dugula bertara beti, eta gauza askoren lehenengo aldiak bizi izan ditut han. Altzagarate etxea da, baina Ordizia den bezainbeste.
Musikarako sena behar izaten da?
Etxean musika oso presente izan dugu beti. Aitona zaharra zenak zaletasun handia izan zuen musikarako eta erromerietarako, baita diskoetarako zein biniloetarako ere. Musika ez zen sekula falta izan gure etxeko sukaldean. 2020an, Ordiziako Musika Eskolan bateria klaseak ematen zituen Oriol Flores irakasle katalana ezagutu nuen. Ez zen nire irakaslea, baina urte bukaerako emanaldi bateko entsegu bateratuetan ezagutu genuen elkar. Nire ahotsa aurrenekoz entzun zuenetik musika propioa sortzera animatu ninduen, baina prezipitatuegia iruditu zitzaidan.
Ziur naiz txikitatik aitonak transmititutako zaletasunak zein Oriolek nigan jarritako konfiantzak piztu zidatela musika deskubritzeko grina. Handik urtebetera ausartu nintzen pausoa ematera, eta orain nire buruari eskertzen diot ausartu izana.
Nondik dator Esanezin?
Hitzez gauzak transmititzea asko kosta izan zait beti, eta musika salbazioa izan da; hitzez esatea ezinezkoa zena transmititzeko modua. Esanezin. Hala ere, lehen diskoa atera nuenean pandemia betean geunden eta zaila izan zen hasiera, kontzerturik ez baitzegoen. Horregatik, bakarlari gisa hastea erabaki nuen. Denborarekin, gogo eta behar handia nituen kantuak banda batekin defendatzeko oholtzan, eta hor hasi nintzen taldekideak bilatzen.
Iñigo Asensio, Arri Iraeta eta Imanol Rubiorekin aritzen zara elkarlanean orain.
Modu naturalean bilatu nituen taldekideak, eta sekulakoa da haiekin lan egitea. Proiektua nirea beste da beraiena; denon artean hartzen ditugu erabakiak, eta kantuen konposaketak nik egiten baditut ere, nabaritzen da ekoizpenean talde ezin hobea dudala. Ekarpen ezberdinez hornitzen ditugu nire ideiak, eta sekulakoa da hori.
Dagoeneko ‘Aireratzen’ EPa, ‘Erretratu bat’ diskoa eta ‘Hormetan idazten’ lan luzea kaleratu dituzu.
Musikan lehen urratsak egin zituen pertsona baten aireratzea kontatzen du aurrenekoak, eta nerabezaroan izan nituen zalantzetara, beldurretara zein problematika ezberdinetara zuzenki lotuta dago. Bigarrena, berriz, gizarteari eta munduari begirako lana da, munduari begiratzeko modu bati erreferentzia egiteko diskoa. Kontzeptu horri jarraiki, ‘Hormetan idazten’ azken lanean buelta bat gehiago eman nahi izan diot, eta kantuak musikalitate batetik kanpo, espazio fisiko batean irudikatu ditut: paretak eta hormak.
Lehenengo diskotik bigarrenera eboluzio handia dago, salto handia baitago kantuetan; osoagoak eta pentsatuagoak dira. Eta bigarrenetik hirugarrenera, berriz, taldearen eboluzioa islatzen da gehiago. Batetik besterako eboluzioak txikiak dira, baina badaude.
Espektatibek pasada txarra joka dezakete musikan?
Musikaren eszenan egotea eta bizirautea zaila da, eta are zailago jartzen ari da. Musikak gutxi du justutik, eta maiz lan handia egin arren edo berezko talentua izan arren, askotan ikusi ere ez dira egiten esfortzua eta lana. Zenbakietara begira epaitzen da musikan, eta jende gutxik biziraun dezake horretan.
Ba al duzu zerbaiten damurik?
Ez, eta erabat betetzen nau horrek. Atzera begiratutakoan, oso konektatuta sentitzen naiz hasieratik egindakoarekin. Kontziente izanda hartu ditut erabakiak, eta inguruak eskaini didan horretatik saiatu naiz sortzen: inguruko jendearekin eta inguruko aukerak aprobetxatuta. Bide erraza izan da, naturala, inguratzen nautenek ulertzen dutelako zergatik eta zertarako egiten dudan hau guztia.
Zer behar du lan batek funtziona dezan?
Funtzionatu… ez dakit funtzionatzea zeri deitzen diogun. Egia da objektiboki funtzionatzea badela disko bat kaleratu eta hori plazaratzeko sortzen zaizkizun aukerak eta espazioak. Niretzat, sorkuntza bat kalera atera aurretik egindako horretan gustura bazaude, eta denborarekin egun batean sortu zenituen kanten letretara konektatuta egoten jarraitzen baduzu, lanak funtzionatu duen seinale da. Oso gustura nago egindakoarekin; jende gehiagorengana iristen ari gara, eta gutxika-gutxika iristen ari zaizkigu plazaz plaza aukera berri gehiago.
Eta arrakasta? Nola neurtzen da?
Orain arteko dena iruditzen zait arrakasta, honetan hasi nintzenean ez nuelako egiten ari naizena baino gehiago bilatzen. Soilik hemen egon ahal izatea arrakasta da niretzat, urrutira joan gabe, eta gauza handietan pentsatu gabe.
Zaila izaten da musika ogibide bihurtzea.
Orain musikariok gauden moduan egonda, zaila da afizioa ofizio bihurtzeko aukerak planteatzea, eta zalantza egiten dut nahi ote dudan ere. Iruditzen zait askotan pasioz egiten duzun hori ogibide bihurtzerakoan konexioa beste modu batekoa bihurtzen dela. Utopikoa da niretzat. Dibertsiorako zein aisialdirako bitartekoa gara musikariok, eta behintzat hori aldatu nahiko nuke, beharrezkoa baita gutxieneko babes eta baldintza batzuk izatea.
Mundu honetan ba al da lehiarik?
Egon badago, baina ez dut sekula sentitu. Sare egonkorra sortu dut nire inguruan, gertutik eta maitasunetik egina. Egia da bilatu gabeko lehia ere badela, konparatzen gaituztenean sortzen dena, are gehiago emakumeen artean. Konplikatua izaten da hori kudeatzea.
Ordiziarrock jaialdian aurkeztu zenuen zure azken lana.
Berezia izan zen. Plaza ezberdinak daude, eta elkarrekin bizi dira denak musikaren eszenan: baliabide gehiago dituzten instituzioek eskaintzen dizkizuten plazak daude batetik, eta borondatezko, irabazi asmorik gabeko eta militantziaz aurrera ateratzen direnak bestetik.
Ikaskuntza handia izan da Ordiziarrock niretzat, eta bertan ikasi dut maiz nola baliabide gutxiago daukanak esfortzu eta saiakera handiagoa egiten duen gure eszena mantentzeko baliabide gehiago duenak baino, eta nola askotan gaztetxeen zein kultur espazioen eskutik datozen norbere musika erakusteko aukera gehienak.
Familia eta lagunak ere ondoan izan zenituen. Oinarri hautsi ezinak dira zuretzat.
Garrantzitsuenak dira, beti. Jende oso ona izan dut inguruan beti, eta beraiek ere nik beste bizi dituzte nire sorkuntzak zein lorpenak, ilusio eta maitasun berarekin. Diskoen azalak ere kuadrillakoak ditudan Saioa Arregik eta Maddi Petxarromanek egin izan dituzte, eta beste modu batean egitea ez zait inoiz burutik pasatu; ez dago inor transmititu nahi dudan hori beraiek baino hobeto ulertu eta plasmatu dezakeenik. Bideak eman didan onena zera izan da: eman izan dudan pauso bakoitzean familia eta lagunak ondoan izan ditudala sentitzea.
Politikak ere hartzen du zure egunerokoaren zati bat: zinegotzia zara Altzagan.
Ez dut sekula politikan sartzeko nahi berezirik izan, baina jendea behar zen azken hauteskundeetan herritarren taldea osatzeko. Hura osatu ezean, herriarekin loturarik ez zuen PP alderdia agintean jartzeko arriskua zegoen, urtero aurkezten baitira nahiz eta haien artean herritarrik ez egon, eta horregatik erabaki nuen sakrifizioa egitea. Herri txikietan gertatu ohi den errealitatea da. Behin udaletxean egonda, haurtzarotik herrian faltan sumatu izan ditudan gauzak eraldatzen saiatu naiz.
Musikaren bitartez egin al daiteke politikarik?
Egiten dugun guztiaren atzean dago politika, eta egiten dugun guztia da politikoa. Musikalki ere, bai idazten ditugun letrak, bai kontzertuak emateko espazioen gainean hartzen ditugun erabakiak, erabaki politikoak dira. Batzuetan kontzienteago eta beste batzuetan inkontzienteki, baina denaren atzean dago politika, baita musikalki zure proiektuarekin kontatu edo transmititu nahi izaten duzun horren atzean ere.
Urte emankorra izan al da 2025a?
Baietz sentitzen dut, baina lehen esan bezala, subjektiboa da funtzionatzearena. Objektiboki bada proiektuaren etorkizuna baldintzatu dezakeen zerbait, baina barruan sentitzen dut azken disko honekin salto txiki bat eman dugula, eta horrek kontzertuetara begira aukera gehiago ekarri dizkigula. Bada zerbait esku-zabalik jasotzen duguna; iragarri ezina da musika, ez du batere justutik, eta musikalki gertatzen diren lorpenak zein akatsak ez daude gure esku.
Orain kontzertu dezente ditugu hitzartuta eta zuzenekoari garrantzia handiagoa eman nahi diogu: gauza berriak erantsi, akaso eszenografian, akaso argietan… Zuzenekoa landuagoa izatea nahi dugu. ■
Aukeratu gabeko zoriona
Albokoa da Ianire Aranzabe Garmendiak aukeratu duen argazki kuttuna. Bere ahizpa bikiarekin batera ageri da, Eneritzekin, familiak zeukan jatetxearen sukaldeko sarrerako eskaileretan eserita biak, jolasean ari direla.
Bi arrazoi berezirengatik hautatu du argazkia: batetik, ahizpa kuttunarekin agertzen delako. «Harreman berezia» dute biek, eta jaiotzetik beti «elkarri lotuta» egon dira. «Bizitza honetan zorionez tokatu zaidan opari berezia da niretzat», azaldu du Ianirek.
Tokia izan da beste faktore garrantzitsua. Ianireren amonak jatetxea izan du betidanik Altzagaraten, eta bai amonak, bai izeba-osabek, bai gurasoek familiako jatetxean lan egin izan dute beti. Ianirek eta Eneritzek ere bai, koskortzen joan ziren heinean. «Eskuz esku jaso dugun herentzia izan da familiako jatetxea, eta horren bueltan eraiki dugu gaur egun daukagun guztia», azpimarratu du.
Oroitzapen politak ekartzen dizkio gogora, eta txikitatik izan duten bizimoduak zein inguruak bere nortasuna eraikitzen lagundu diotela pentsatzen du: «Denbora asko igaro dugu gure erreferenteak zirenak lanean ikusten, haien onena jendeari eskaintzen. Gure bizitza erabat markatu duen faktorea da jatetxe hori, negozio hori, amonak bere garaian lan handiz eraikitako hori. Berezia da niretzat».



