«Txapelketan musean batera jokatu dugun lehenengo aldia izan da»
Belaunaldien arteko elkarlana eta elkar ulertzea posible dela erakutsi dute Zaldibiako 47. Mus txapelketa azkarrean Inaxio Olanok eta haren biloba Intza Olanok (Zaldibia, 2004). Txapela jantzi zuten unea «oso polita» eta «hunkigarria» izan zela dio Intzak, eta eskerrak eman nahi dizkie txapelketaren antolatzaileei, parte hartzaileei eta batez ere aitona Inaxiori.
Noiz eta nola hasi zinen musean jokatzen?
Pandemia garaian hasi nintzen nire ahizparekin batera etxean jokatzen. Aitak eta aitonak jadanik bazekiten jokatzen, eta amonari, ahizpari eta niri erakutsi ziguten. Denbora azkarrago pasatzeko irtenbidea izan zen.
Espero al zenuten aitonak eta biok Zaldibiako 47. Mus txapelketa azkarra irabaztea?
Ez, ez genuen batere espero. Pixkanaka aurrera gindoazela esperantzak handitzen hasi zitzaizkigun, baina ilusio handirik egin gabe jarraitu genuen aurrera; musean edozer gauza gerta baitaiteke momentu batetik bestera.
Finalean aitona-biloba bana egokitu zineten aurrez aurre.
Egia esan, oso momentu politak izan ziren, bai guretzat, bai beste aitona-biloba bikotearentzat, eta baita begira zeudenentzat ere. Inoiz ikusi gabekoa gertatu zen egun hartan: aitona-biloben bi bikotek jokatu genuen finala. Tentsio handiko momentuak izan ziren, baina berriro errepikatuko nuke.
Nolakoa izan da zure aitonarekin txapelketa batean jokatzea?
Oso polita eta berezia izan da. Lehenengo aldia genuen biok batera txapelketa batean jokatzen genuena. Oso ezberdina da etxean batera jokatzea edo etxetik kanpo. Baina aitonak beti gauzak lasai hartzeko esaten dit, eta halaxe egin genuen: poliki-poliki eta presarik gabe.
Zerbait esan nahiko zenioke aitonari?
Eskerrik asko besterik ez, alde batetik, nirekin jokatzeagatik eta, bestetik, musean jokatzen erakusteagatik. Ea hurrengo urtean ere parte hartzeko aukera dugun.
Mus jokalari on batek zer ezaugarri izan behar ditu?
Jokalari batzuek esaten dute gezurrak esaten ona izan behar duzula; eta, beste batzuek, aldiz, ondo jokatzeko gezur gutxi esan behar dela. Nire iritziz, norberak hartu behar dio neurria jokoari, eta musean ondo jokatzen ikasteko praktikatzea besterik ez da behar.
Zenbateraino da garrantzitsua bikotekidearekin dagoen konfiantza?
Oso garrantzitsua da. Iruditzen zait zure bikotekidearen jokaerak eta jarrerak ezagutzea funtsezkoa dela bikote on bat egiteko. Bestela, partida hankaz gora jartzeko aukera handia dago. Azken finean, binaka egiten den joko bat da, eta konfiantza hori eduki ezean, alferrik da.
Gazteen artean jokatzen al duzue musean?
Zorionez gero eta gehiago, baina oraindik gazte gutxi azaltzen da txapelketetara. Hala ere, poza ematen du gazteen kopurua handitu dela ikusteak.
Eta neska gazteen artean?
Zoritxarrez oso neska gazte gutxik dakigu musean jokatzen. Zaldibiako txapelketan, asko jota, hamar emakume egon ginen, eta horietatik hiru edo lau ginen gazteak. Normalean, musa gizonezkoen karta jolas bat bezala ikusi izan da, eta pixkanaka egoera aldatzen ari den arren, oraindik ere gizonezkoak dira nagusi karta-jolas honetan.
Zer izan da esperientzia hau zuretzat?
Belaunaldi ezberdinak elkartu eta momentu bereziak partekatzeko aukera ederra izan da. Horrelako txapelketek gure herriko eta kulturako jokoak bizirik mantentzen dituzte, eta gazteak ere animatuko nituzke musean jokatzen ikastera eta parte hartzera. ■

