Nor maitatu ez zuen hura
Xabin Fernandez Zubeldia • Aktorea
Ezagutu nuen aurrekoan, nire ametsetako batean, nor maitatu ez zuen pertsona bat. Sortzetik alboan inor izan ez zuena, eta besterik ezean zoriontsu bizi zena. Egun batean, ordea, konturatu zen ez zela bakarrik munduan, eta orduan etorri zen goibela berera.
Ohartu zen pertsona orok zuela maitatzeko norbait. Maitatua izatea merezi ez zuenak ere bazuela nor maitatu.
Baina, derrigorrezkoa al da maitatzea?
Galdera handiegia izango zen, inork ez baitzuen erantzuteko adorerik izan. Ordutik noraezean ibili zen, esnatu nintzen arte, maitatzeko beharrak bultzatuta.
Hurrengo gaueko ametsa ez zen arinagoa izan. Jende andana ikusi nuen nire inguruan korrika eta oihuka. Bezperako pertsona bera zebilen zalaparta sortzen, kaleko jendea maitatu nahian, baina denek egiten zioten ihes.
«Xabin! Hemen!» entzun nuen atzealdetik. Nik gehien maite dudan pertsona zegoen eraikin xume baten leihoan, eta bi aldiz pentsatu gabe igo nintzen bere ondora. Handik zelatan ari nintzela, ordea, maitasunez lehertzear zegoen hura begira jarri zitzaidan.
Maita zaitzaket?
Galdera handiegia izan zen, ez bainuen erantzuteko adorerik izan. Pertsianak itxi nituen eta leihotik urruntzearekin batera esnatu nintzen.
Ondorengo gauetan ez nuen haren bisitarik izan. Amets ezberdinetan topatu nuen jendeak esan zidanez, desagertu egin zen. Mihiluzeenek ziotenez, maitasun gaindosiz hil zen. Lehertu egin zen, nor maitatu aurkitu ez zuelako.
Hileta ere egin genion, gau haietako batean, Karibeko hondartza bakarti batean. Nire lagun minak nirekin zirela eraman zituen iluntzeko haizeak bere errautsak. Kideetako batek, ordea, isiltasun eder hura hautsi zuen.
Baina, nor zen?
Galdera handiegia hura ere, bertan ginenek ez baikenuen erantzuteko adorerik izan. Ur gardenetan igerian ibili nintzen gero, esnatu arte, neguko hotzak ahaztu nahian.
Bart gauean leku berri bat eraiki dut ametsetan. Objektu zaharrez betetako espazio amaigabe bat zirudien, hango argi eskasak ikusten uzten zidanez. Traste artean barrena sartu naiz, altxor baten bila dabilen pirataren antzera.
Eta hantxe, eguzkiak argitzen zuen leihope batean, zegoen bera. Ustez maitasunez hil zen pertsona hura, esku artean zuen traste zahar bat laztantzen. Elkarri begira egon gara, galderarik egin gabe, goizeko argiak banatu gaituen arte. ■
