Joxe Mari Faus ordiziarra, txoriek falta duten laguna
Ornitologo, naturazale eta Aranzadiko kide goierritarra azaroaren 1ean hil zen. Hegaztiak eta fauna ezagutarazteko lan eskerga egin zuen, tartean liburuak eta eraztunak ipintzeko zeregina.
Udaberrian Goierrira itzultzen diren txoriek eta hegaztiek lagun berezi baten falta sumatuko dute, Joxe Mari Faus Iurrita ordiziarrarena. Azaroaren 1ean hil zen ornitologoa eta naturazalea, 91 urterekin. Hegaztiak zituen maite, oroz gaindik, eta aspalditik lan egin zuen haiei buruz gehiago ikasteko, ikertzeko eta sakontzeko. Aranzadi zientzia elkartean ibilbide oparoa eta luzea osatu zuen, ildo horretan.
Estudiante Zaragozako unibertsitatean zen garaian, 1956an, Aranzadiko bazkide egin zen. Hegaztien migrazio mugimenduak, ohiturak eta joerak ulertzeko, eraztuntze programan jardun zen, batez ere, 1960ko, 70eko eta 80ko hamarkadetan. Ondoren, elkarteko Eraztuntze Bulegoaren zuzendari izan zen. 1949an sortua, estatuko lehenbiziko eraztuntze bulegoa da Aranzadirena, eta gaur egun 200.000 eraztun kudeatzen ditu. Fausen boluntario lanari eta ahaleginari esker mantendu zen martxan, urte askoan. Gaur egun Ornitologia Saila da.
Hegaztien ikerketa zientifikorako ezinbesteko giltzarria izan ziren Faus eta Eraztuntze Bulegoa. Aranzadik azaldu duenez, «pazientzia agorrezinekoa, zorroztasun eta konstantzia handiko gizona» izan zen. Datu base aberatsa osatzera iritsi da zerbitzu hori, ornitologo ordiziarraren jarraikortasunari esker. Horregatik guztiagatik, Aranzadi Zientzia Elkarteak urrezko ikurra emanez omendu zuen Txema Faus, 2015ean.
Hedaduraz, naturazale
Ornitologia bakarrik ez, naturarekin loturiko fauna-arlo gehiago ere interesatu zitzaizkion Fausi. Ornodunen Saileko arduradun ere izan zen. Aralarko ornodunen ikerketa publikatu zuen, edo talde lanean Euskal Herriko Ornodunen Atlasa ere bai (1985). Parke naturalei eta naturguneei arreta berezia eskaini zien ikerketen bitartez. Ordiziako Oiangu parkea mantentzeko saiakerak hasi zirenean, 1989an, hango balio naturalei buruzko azterketaren egileetako bat izan zen. Aurretik, 1978an, Montes de Enirio-Aralar artikuluan Aralarren balioak jasoak zeuzkan. Euskal Herrian barrena ere ibili zen, Oñati, Mendata, Txingudi edo Gorbeiako natur eremuak ikertzen.
Hasitako esparruan borobildu zituen ekimen publikoak, ornitologian. Gipuzkoako Hegaztien Atlasa proiektuko aholkularia izan zen, 2000. urtean.
Etorriko dira txoriak eta hegaztiak berriro, ezkontzaz uztartuta bezala, eraztunetan Joxe Mari Fausen parte bat haiekin dakartela. ■

