Erlezaintza, zaindu beharrekoa
Euskal Herrian egiten diren eztirik onenetakoen artean, Goierriko hainbat erlezainek zaindutako erleek egindakoak dira. Afizioa gehienentzat, eta lanbidea gutxi batzuentzat, erlezaintzak ez ditu bere unerik gozoenak bizi.
Euskal Herriko eztirik onenetakoak Goierrikoak dira. Hala erabaki zuten Usurbilen, iazko azaro amaieran ospatutako Erle Egunean, han egindako ezti lehiaketako sari batzuk eskualdeko hiru erlezainentzat izendatu eta gero. Igor Altuna lazkaotarrak bigarren saria jaso zuen mila lore eztiarekin, Beñat Elortza segurarrak lehen saria ezti ilunarekin eta bigarrena ezti argiarekin, eta azken kategoria horretan Zegamako Egoitz Irastortzak irabazi zuen.
Goierriko erlezainek dir-dir egiten dute sarietan, baina sektorea ilun dago. Eguraldia, Asiako liztorra, barroa, lehiakortasuna… Faktore asko dira iluntasun horretan eragiten dutenak.
Erlezain horiek, gehienek bezala, afizio modura soilik garatzen dute langintza hori. Batzuk etxean ikasitako moduan hasi ziren erleak gobernatzen, eta Gipuzkoako Erlezain Elkarteak antolatutako ikastaroetan ikasitakoari jarraiki beste batzuk. Ezti produkzio txikia dute, baina txikiak izanagatik ere, pairatzen ari dira sektorearen arazoak.
Euskal Herri mailako aitortza jasotako Igor Altunak eta Segurako Beñat Elortzaren aita Eugeniok eman dute horren testigantza, Goierri garaiko eztirik onenaren egile den Jose Antonio Galdos legazpiarrarekin batera. Erlezaintza, eztia zein bestelako produktuen salmenta lanbide duen Jon Etxeberria ataundarra ere iritzi berekoa da.
Erleetatik bizitzea, «oso zaila»
Segurako Elortzatarrak erlezain familia bat dira, eta Eugenio da burua. Kalitatearen Eusko Labela duen ‘Gure Eztia’ izenarekin komertzializatzen dute eztia, eta 1993an eratu zuten Giez-Berri enpresako partaide diren beste 20tik gora erlezainekin partekatzen dute marka.
Erlezainen lana erleak zaintzea dela zehaztu du Elortzak, eta ez direla eztigileak, eztia erleek egiten dutelako. «Guk eztia kentzen diegu. Gure kasuan, erleek eztiz betetako koadroak erlauntzetik atera eta zuzenean eramaten ditugu Labelaren lantegira. Han kentzen diete eztia, eta guk poteetan jasotzen dugu gero. Lan hori etxean eginez gero, eztiari ezingo genioke Eusko Label etiketarik jarri».
Eugeniok 50 urte bete ditu ofizio honetan. Ondoko etxebizitzan ezagutu zituen erleak, eta bera gaixorik zegoela eztia gomendatu ziotenean hasi zen «neuretzat erleak jarrita, eztia izateko etxean». Pixkanaka ikasi zuen bizilagunekin, «lehengoko baten batekin hitz eginda», ikastaroen bidez… «Baina sekula ez da bukatzen ikasten».
Erlezaintzatik eta ezti saltzetik ezin dela bizi esan du; «batzuk ari dira, baina oso zaila da». Izan ere, erlezaintza «ez da lineala», eta urtero ez da ezti produkzio bera izaten, eguraldiagatik, liztorragatik edo barroagatik. «Horiek arazo handiak dira, eta azken hiru urteetako ekoizpena desastre hutsa izan da, erlea hil egin da izkina guztietan!». Liztorra eta barroa dira arazo handienak. «Barroaren kontrako tratamenduak badaude, baina badirudi eraginkortasuna galtzen ari direla… Garbi ez dakigu zer dagoen, baina gaizki dago», kexatu da.
Kanpotik ekarritako eztiaren lehia ere aipatu du, merkeagoa eta kalitate baxuagokoa delako, «baina horretarako daukagu guk Labela». Lehia horretan ez ditu sartu produkzio txikiko erlezainak, etiketarik gabe eta inguruan saltzen dutenak, horienak «ezti onak» direlako. Baina zehaztu du eztiaren kalitateaz gain, etiketak «erlategiaren kontrol bat» ere bermatzen duela.
Seguran eta Araban ditu erleak, 200-250 kaxatan banatuta, eta kaxa bakoitzean uda partean 30.000tik 50.000 erle izaten dira. «Erlea zaindu egin behar da, asko eta ondo. Zenbat eta erle gehiago, ezti gehiago, baina eguraldiak eta beste faktore batzuek ere lagundu behar dute». Mila lorea eta basokoa ditu aurten salgai, txilarra, asia, ametza eta melazarekin egindakoak. Dioenez, «jendeak estimatzen du eztia orokorrean».
Beste produktu batzuk ere saltzen ditu: propolia, argizaria edota kandelak.
Liztorra eta barroa, «arazo larrienak»
Erlategia Gabirian daukan Igor Altuna lazkaotarraren eztiak ere saria jaso zuen azken Erle Egunean. Goierri beheko ezti onenaren titulua ere bai, Gabirian, udazkenean. Duela 14-15 urte murgildu zen erlezaintzan. «Internet bidez jakin nuen Gipuzkoako Erlezain Elkarteak ikastaro bat eman behar zuela Fraisoron, eta kuriositatea piztuta, egitea erabaki nuen». Gabirian, herritik gertu legazpiar batek utzita zituen erle kaxa zahar batzuen ondoan berak erositako kaxa berri bat jarrita hasi zen, han bildutako erleak amaren jaiotetxe Eguzkitza baserri ingurura eraman zituen gero, eta «autonomia pixka bat» hartutakoan, eztiarekin ere hasi zen.
Gabirian 10-12 erle kaxa ditu, eta Lazkaomendin bost-sei. «Neguan, erle gutxiago izaten dira, eta udaberrian ugaritu egiten dira. Ezti kantitatea ere aldatu egiten da urtetik urtera. Gehien aterako nuena 120 bat kilo izango zen. Eta aurten 80-100 kilo bakarrik». Asiako liztorrak eragin dio batez ere produkzio jaitsiera. Abuztu bukaeran hasten da eztiarekin, eta aurretxoan izaten dute liztorraren presio handiena. «Liztorra dabilenean, erleak ez dira erlauntzetik ateratzen, eta eztia jaten hasten dira». Eta ateratzen badira, liztorrek eraso eta jan egiten dituzte.
Horregatik, «geroz eta konplikatuago» dago guztia, eta barroak ere badu eragina. Barroa akaro bat da. Erleek bizkarrean dituzten proteinak xurgatzen ditu, eta ondorioz, ahuldu egiten dira, eta askotan baita hil ere. Tratamenduak badaude, baina emaitzak ez dira onak. Beraz, liztorraren eta barroaren eraginez «erle galera handia» izaten ari dira erlezain guztiak azken urteetako neguetan.
Eguraldiak ere badu eragina erleen galeran. «Hemen hezetasun handia dago, eta neguak geroz eta epelagoak egiten ditu. Horregatik, erleek ez dute behar bezala hibernatzen. Kanpoan 18 gradu egiten baditu, erlea kanpora ateratzen da, ez du behar bezala deskantsatzen. Jatekorik ere ez du lortzen, ez dagoelako lorerik». Ondorioa: ezti gutxiago.
Etorkizuna «oso beltz» ikusten du Altunak Gipuzkoan. «Ni ez nabil ondo, eta nire inguruan ere jendea txepelduta dago. Urte osoa lan egin, eta hilabete bakar batean ia erle guztiak izorratzen zaizkizu. Inpotentzia handia da».
Erlezaintza eta eztia ateratzea afizioa ditu soilik Altunak, eta «meritu handia» ematen die horretatik bizi direnei.
Altunaren eztia Goierri beheko onena den bezala, Jose Antonio Galdos legazpiarrarena Goierri goiko onena da, Santa Lutzi feriako lehiaketaren arabera. Telleriarteko Egizear baserriaren azpi aldean eta Udana inguruan dauzkan erleen eztia da.
Hogei urtetik gora dira Galdos erlezaintzan hasi zela, anaia Isidroren bidetik. Harekin eta Fraisoroko ikastaroekin ikasi zuen erleak zaintzen eta eztia ateratzen «Gustuko mundua dut, afizio polita da, lan asko ematen duen arren».
Baina hasi zenetik mundu hori «okerrera» doala dio, batez ere barroak eta Asiako liztorrak eraginda. «Barroa dela eta, tratamenduak eman behar izaten zaizkie erleei, geroz eta gehiago zaindu behar izaten dira». Eta liztorra, berriz, ugaritu egin da; «Abuztu-irail aldera amorratuta ibiltzen da. Erleak eraso eta jan egiten ditu. Atakan jartzen dira, eta erleak, beldurtuta, ez dira kanpora ateratzen lan egitera. Barrukoa jaten dute, eta ezti produkzioa gutxitu egiten da». Gainera, erle kopurua ere jaitsi egin da.
Eguraldia ere aipatu du Galdosek. Loreak ateratzeko garaian, udaberrian, eguraldi ona egiten badu, erleek lan gehiago egiten dute, eta emaitza ezti gehiago izaten da. Erleak lan ondo egiteko 16-17 graduko tenperatura behar dela zehaztu du; «hemen, askotan, lanbro-eguraldia egiten du, eta horrekin ez dute lanik egiten». Lehen zelaietan belarrari gehiago hazten uzten zitzaiola ere gogoratu du: «Loratzen uzten zitzaion, baina orain berdetan mozten dute, loreak irten baino lehen, eta horrek erleentzako janari murrizketa dakar, eta basoetan geroz eta eskasagoa da dagoen janaria».
Hala ere, erlezaintzan murgiltzera animatu du jendea, nahiz eta denbora asko eskatzen duen afizioa izan. «Jende berria behar da. Erleak mesedegarriak dira guztiontzat, beharrezkoak, eta mundu hau zoragarria da». Zaldibiako Goizane eraikinean egoitza duen Gipuzkoako Erlezain Elkartearen babesa izango dutela erantsi du.
Prestakuntza falta eta erle beltza
Jon Etxeberria ataundarra elkarteko zuzendaritzakoa da. Erlezaina da 2014tik. Osaba Joxe Mari Zendoiarengandik datorkio erleekiko zaletasuna, eta 2016an lanbide bihurtu zuen. Ataunen, eta Nafarroako eta Arabako hainbat tokitan ditu erlategiak. ‘Gozatu’ izenarekin komertzializatzen du eztia, polena, erregina jalea, propolia eta beste produktu batzuekin batera. Ekoizpen ekologikoa da berea, eta besteak beste, Ordiziako azokan saltzen du asteazkenetan.
Erlezain afizionatuek bezala, liztorra, barroa eta eguraldia markatzen ditu Etxeberriak ere erlezaintzaren arazo nagusi, baina beste bat ere erantsi du: «Hutsune handia dugu formazioan. Asteburuko ikastaro batzuekin hasten zara, eta ez da nahikoa, erlezaintza gaur egun izugarri teknifikatu delako eta asko jakin behar delako lan horretaz. Ez da bakarrik erlea jarri eta eztia jaso. Maneiu asko egin behar zaio erleari, bizirik mantentzeko bakarrik. Hortik aurrera, ekoizpena edukitzeko lan asko egin behar da». Prestakuntza horretaz erlezain elkartea arduratzen da hein handi batean, baita baliabideak eskaintzeaz ere, material zein erle aldetik. Erlezaintza babesteko eta bultzatzeko hainbat proiektutan sartuta ere badago. Gaur egun 500 bazkide inguru ditu.
Etxeberriak bertako erlearen garrantzia aipatu du. Erle beltza da, hemengo klimara hoberen egokituta dagoena. Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, hobekuntza genetikoan murgilduta dago, beste 40 erlezain ingururekin eta Erbel elkartearen aterpean. Erle beltzak «oso fama txarra» daukala dio: «Agresiboagoa eta baldarragoa da, eta lan egiteko zekenagoa da, baina gure ingurura ondoen egokitutakoa bera da». Hobekuntza genetikoaren programaren helburua «guretzat interesgarria izango litzatekeen erlea» lortzea da: «Produktiboagoa, gaixotasunei aurre egiten diena, mantsoagoa, umeak botatzeko joera gutxiago duena. Hau da, erlezainentzako baldintza hobeak eskaintzen dituen erle bat». Modu horretara, hemengo erlezainek ez lukete kanpora joko beste arraza batzuetako erreginak eta erleak erostera. «Hemengo erlea interesgarria bada, ez dute kanpotik ekarriko».
Bestetik, erlezaintzaren sektorera jende gazte asko sartzen ari dela dio. «Ez du instalazio handiegirik eskatzen, gauza txikia da, eta urte bukaeran eztia ematen dizuna». Inbertsioa ere ez du asko behar, nabarmendu duenez, eta guztia oso erraz eros daitekeela gehitu du: «Hasteko lau-bost erlauntza behar dira. Erlauntza bakoitzak kaxa bat izan dezake, eta bertan, erregina eta 15.000 erleko paketea». Baina horri materiala gehitu behar zaio: trajea, espatulak, hauspoa.. . «Batez beste, 1.000 euro inguruko inbertsioa eskatzen du. Eta formazioa, noski!».
Lana ere egin behar dela aitortu du. Etorkizuna «oso konplikatua» ikusten badu ere, erlezaintzatik bizi daitekeela azpimarratu du; bera hala bizi da. Etxekoek laguntzen diote hainbat zereginetan, batez ere eztia ateratzeko duen eztiolan, eta langile bat ere badu kontratatuta.
Erlea, hain garrantzitsua
Lau erlezain, lau testigantza, eta ondorio bateratua: gizartea ez da kontziente erlezaintzaren zailtasunez eta erlearen etorkizunaz. Arazo bat eta beste, erlezainak langintza uzten ari dira, eta ondorioz erlea «oso kinka larrian» egongo da gutxi barru. Izan ere, Etxeberriak azaldu duenez, erle basatirik ez dago hemen, gaitzengatik desagertu zelako, eta erle domestikoa dago bakarrik.
Erle domestikoa erlezainek zaintzen dute, eta ez badute inor zaintzeko, galdu egiten dira. Eta, horiekin, naturan dagoen polinizatzaile handiena. Erle kopurua jaitsita, ezti gutxiago izango litzateke, eta horren prezioak gora egingo luke. Baina arazo larriago bat ere izango litzateke, polinizazioa ezinbestekoa baita loreen eta bestelako landareen biziraupenerako..
Beraz, erlezainena, zaindu beharreko ofizioa eta lanbidea da. ■



