«Proiektuaren arrakasta ustekabekoa izan da»
Ikus Entzunezko Komunikazioa ikasi eta Goierri Telebistan lanean dabilen sortzaile gaztea da Mikel Balerdi Arruabarrena (Olaberria, 2003). Txikitatik maite izan du sortzea, eta orain ere horretan ari da. Gaztea izan arren, dagoeneko aurrerapauso sendoak eman ditu artearen munduan sortzaile olaberritarrak. Ikusi besterik ez dago joan berri den urteak zer suposatu duen Balerdirentzako: harrabotsa sortu duen Eraman zutela dokumentala ondu du Deñe Garcia-Bravo azpeitiarrarekin batera, Frankismo garaian haren herrian, Olaberrian, gertatutakoak jazotzen dituen lan sakona. Lekeitioko Euskal Zine Bileran zein Aretxabaletako Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdian saritua izan da, besteren artean. Etorkizun oparoa du aurretik.
Nola definituko zenuke zure burua?
Pertsona sortzailea naizela esango nuke, batik bat. Irudimen handia eta ikus-entzunezko edukia sortzeko grina izan ditut beti, eta artearen munduarekiko zaletasun handia. Burugogorra ere banaiz; ideiak garatzea asko gustatzen zait, eta are gehiago horren guztiaren sormen prozesua.
Dagoeneko egin dituzu zenbait lan, eta horien atzean dago Aztarna Produkzioak.
Orain bi urte eta erdi hasi nintzen ikus-entzunezko proiektuak sortzen, besteak beste. Lazkaomendiko herri kirol apusturako sare sozialetako bideo laburrak egin nituen hasieran, argazkiak atera, eta gutxika-gutxika joan naiz proiektu landuagoetan parte hartzen. Orain artekoarekin oso gustura nagoen arren, asko daukat ikasteko.
‘Eraman zutela’ da zure azken lana, 1936tik 1945era Olaberrian gertatutakoak jasotzen dituena. Harrabotsa sortu du Euskal Herrian.
Urte askoan egon da memoria historikoa lantzen duen Olargi taldea Olaberrian, eta, orain dela zortzi edo bederatzi urte ikerketa bat egiten hasi ziren frankismo garaian fusilatu zituzten herritarren inguruan: Jesus Bujanda eta Martzelo Lasa. Gugana jo zuen Olargi taldean ibilitako batek, Bihotz Forcadak, gizonaren osaba zelako Lasa. Istorio guztia azaldu zigun, eta urtetan zehar bilduta zuten materiala erakutsi; testigantza eta gertaera ezberdinak biltzen zituzten ikus-entzunezkoak zein elkarrizketak ziren. Hasiera batean, sei minutuko bideo laburpen bat egin nahi zuen Olargik, baina gaia sakonago lantzeko aukera ezin hobea zela ikusita, dokumental bat egitea proposatu genien Deñe Garcia-Bravo ikaskideak eta biok. Sormen prozesu guztian zehar, laguntza handia izan dugu herritarren zein udalaren aldetik, eta horri esker lortu dugu bizipenetan eta testigantzetan oinarritutako lan hau ontzea.
Gustatu al zaizu esperientzia?
Oso gogorra izan da, batez ere fusilatuen senideek barruan gordetzen duten mina ikustea. Gaztetasunetik sorturiko proiektu bat zen arren, garbi geneukan senideen ahotsari eman nahi geniola erabateko protagonismoa, eta bide berean, garai hartan gertatutakoak bere horretan irudikatu nahi genituen. Hori guztia lortu dugula pentsatzen dut, baina bide gogorra izan da, batez ere garai hura lehenengo pertsonan bizi izan zuten herritarren edo haien senideen testigantzak entzutea. Baina hala egin nahi izan genuen. Horregatik, pozik gaude lortutakoarekin, oso asebeteta, bai teknikoki eta baita emozionalki ere.
Erantzun mordoa jasoko zenuten dagoeneko. Jendearen gustukoa izan da?
Oraingoz dokumentala Olaberrian, Ataunen, Donostian eta Lekeition proiektatzeko aukera izan dugu, eta badira tokian tokiko publiko ezberdinek komunean jarri dituzten zenbait ezaugarri: Patxi Lakuntza testiguaren presentzia, dokumentalaren egitura, eta istorioa kontatzeko modua zein musika, besteren artean.
Eta nik ere hala uste dut. Dokumentaletan protagonismo handia hartzen du beti musikak, eta ahalik eta emaitza eraginkorrena lortzeko, maiz ezinbestekoa izaten da egoeraz egoera musika aproposa hautatzea. Guk Pello Ramirezekin lan egiteko aukera izan dugu. Sekulako plazera izan da hori, eta bete-betean asmatu dugula iruditzen zait.
Lekeitio aipatu duzu eta, Euskal Zine Bilerako EITB ikuslearen saria lortu duzue orain gutxi han.
Sorpresa handia izan zen. Inondik inora ez genuen espero halako ekitaldi batean gure proiektua aurkezteko aukera izatea, eta are gutxiago sarituak izatea. Saria jasotzeak beti ematen du poza eta indarra, baina are sari handiagoa izan zen niretzat konturatzea publikoak benetan atsegin zuela gure lana.
Asko eta asko izan ziren Lekeitioko galaren ostean dokumentalaren inguruan hitz egitera hurbildu zitzaizkidanak: batzuk zoriontzera, beste batzuk euren familien kontakizunak azaltzera. Publikoak asko eskertzen du gertaera horien inguruan hitz egitea eta horrelako lanei ahotsa ematea, Olaberrian gertatu zen gauza bera gertatu baitzen Euskal Herriko beste zenbait txokotan ere, eta jendea islatuta sentitzen da. Horregatik deritzot ezinbestekoa dela oroimen historikoa lantzen jarraitzea, eta zentzu horretan, lan horiek babesten dituzten halako ekitaldiak existitzea.
Aurreneko saria beti izaten da berezia.
Ikusleek aukeratu gintuzten, eta oso berezia izan zen hori. Modu xumean izan bada ere, denbora luzea eskaini diogu proiektu honi, eta lan guztiaren ordaina izan da sari hau. Ikuslearen sariaz gain, gainera, epaimahaiaren aipamen berezia jaso genuen, eta sekulakoa izan zen hori ere. Erabat asebeteta atera ginen handik.
Azken batean, halako ikus-entzunezko proiektu bat egitearen helburua beti jendeak proiektua ikusteko denbora tartea hartzea da. Gerora, gustatzen bazaie, askoz ere hobeto, baina hasiera batean ez zara horrekin itsutzen. Gure kasuan, Olaberriko bi fusilatuen istorioa zabaltzea ere bazen helburua, eta nahita edo nahi gabe, kasualitatez edo nahita bilatuta, lortu ditugu hiru helburuak.
Espero al zenuten halako erantzun ona eta saritua?
Proiektuaren arrakasta bere horretan ustekabekoa izan da, erabat. Hasiera batean herrian aurkeztu eta bertan geldituko zen proiektua izango zela uste nuen, baina sormen prozesua aurrera joan ahala eta azken emaitza txukun gera zitekeela sumatu genuenean, ikusi nuen zabalpen handiagoa eduki zezakeela.
Sortzen jarraitzeko, zer bide dituzu aurrerantzean?
Tankera bereko beste lanen bat egitea gustatuko litzaidake. Lan mardulen bat, alegia; handia eta potoloa. Baina denbora behar da horretarako, eta teknikoki ere maisutasun gehiago. Asko dut oraindik ikasteko, baina ahal dudan heinean sortzen jarraitzea da asmoa. Urte berri honetarako ere, badauzkagu jada zenbait proiektu itxita, eta beste hainbat buruan bueltaka. Horiek guztiak aurrera atera edo ez, bereziki ilusioari zein motibazioari tinko eutsi nahi nioke. ■

