«Organo kontzertuetan euskal musika jotzen hasi naiz»
Oier Gaston musikaria (Zumarraga, 2006) organoak gaur egungo gizartean oraindik lekua baduela erakusten duen adibidea da. Pianoa ikasi zuen lehenengo, eta 2022an organo klaseak jasotzen hasi zen. Donostiako kontserbatorioan ibili ostean, orain Bilbokoan dago.
Noiz eta nola hasi zinen organoa jotzen?
Txikitan mezetara joaten nintzen amonarekin, eta han ezagutu nuen lehengoz organoa. Haren soinuak barruak astintzen zizkidala oroitzen dut. Behin, organistarengana igo eta organoa erakutsi zidan. Instrumentu hura ikasteko gogoa orduan piztu zitzaidan.
Organoak beste instrumentuekin ba al du antzekotasunik?
Jende askok pianoarekin alderatzen du, baina ez dauka zerikusirik. Teklatua dute biek, baina bi instrumentu guztiz desberdin dira.
Organista gazteen presentzia nolakoa da?
Euskal Herrian gazte organista oso gutxi gaude, baina hemendik kanpora organoa ikasteko kultura gehiago dago.
Zer falta zaio organoari gazteengana iristeko?
Esango nuke organoak elizetan egoteak asko eragiten duela; jende gaztea jada ez baita elizara joaten.
Jendeak organoarekiko aurreiritziak dituela uste duzu?
Guztiz. Organoa oso gutxietsita dago gaur egun. Jendeak uste du instrumentu zaharkitua dela, eta, batez ere, elizarekin lotutako zerbait. Hala ere, batek baino gehiagok sorpresa hartu du instrumentu hau benetan ezagutu duenean.
Zer da organoa jotzetik gehien gustatzen zaizuna?
Soinu aldetik aukera ugari eskaintzen dituen instrumentua da, beste hainbat instrumenturen soinuak imitatzeko gai baita. Horregatik, orkestra batekin alderatu daiteke, eta ezaugarri horrek bereziki interesgarri bihurtzen du.
Musika klasikoaz aparteko abestiak jotzen dituzu?
Bai, nire kontzertuetan, esate baterako, euskal musika jotzen hasi naiz, baita nik neuk konposatutako piezak ere. Soinuarekin jolastea gustatzen zait, eta uste dut hori jendea erakartzeko modu bat dela. Funtsezkoa iruditzen zait organoa gaur egungo gizartera egokitzea; azken finean, hori izan daiteke instrumentu hau beste ikuspuntu batetik ikusten hasteko lehen pausoa.
Orain baduzu proiekturik esku artean?
Otsailean bi kontzertu dauzkat Mallorcan, eta udan ere egingo dut saioren bat edo beste. Ikasturtean zehar, ikasketetan zentratuta nago, eta ahal dudanetan ematen ditut kontzertuak.
Zertan aritu nahi duzu etorkizunean?
Lehenengo ikasketak ahalik eta ondoen bukatu nahi ditut, eta gero, gerokoak. Ametsa izango litzateke leku esanguratsuetan jotzea, Notre Dame katedralean, adibidez. Bestalde, organoak konpontzea eta egitea ere gustatzen zait, beraz organogile bezala ere ikusten dut nire burua etorkizunean. Argi daukadana da organoarekin lotutako zerbaitetan lan egin nahi dudala.
Zergatik uste duzu organoa entzuteak merezi duela?
Parekorik ez duen instrumentua delako. Organoa ez da elizarekin bakarrik lotutako instrumentu bat, oso instrumentu aberatsa da, eta bakarra. Jendea animatu nahiko nuke organoa entzutera, batek baino gehiagok sekulako sorpresa hartuko baitu. Gainera, musika klasikotik harago, euskal musika eta beste mota bateko musika ere jo daiteke organoarekin. ■

