«Pixkanaka, eta lan asko eginda, nire ametsa egia bihurtzen ari naiz»

Altsasuarra da Mirentxu Goikoetxea argazkilaria, eta Zegamako Ariztiberri baserrian bizi da. Bertako bizitza «oso lasaia» dela dio: «Naturaz eta animaliez inguratuta, familiarekin oso gustura bizi gara. Gainera, beti dago bisitaren bat etxean». Argazkilari bezala, estilo berezi du Goikoetxeak. «Nik country style bezala definituko nuke. Argazkiak ez ditut edozein arropa motarekin ateratzen. Zaldiekin, zakurrekin… gertuko argazkiak ateratzen ditut. Horrela ateratzen zait, eta hasieratik asko finkatu dut estilo hori». Argazkilaria izateaz gain, hainbat ikastaro eta zerbitzu ematen ditu «Ekintzaile batek nola hasi ez badaki, irudi bat sortu eta sare sozialetan –batez ere Instagramen– zer egin behar duen, tresna hori nola erabili behar duen erakusten saiatzen naiz. Eta ekintzaile sareak sortzea gustatzen zait». Horretako baserriko oilategi zaharrean atondu duen txoko batean ekintzaile gosariak antolatzen ditu. Gosaldu ondoren, bere bezeroei proiektua azaldu eta bakoitzak lantzen duena ezagutarazteko aukera ematen die. «Adibidez, igandean aurpegiko yogari buruz aritu ginen».
Zer zaletasun dituzu?
Mendian zaldiz ibiltzea, txakurrekin.
Pelikula edo telesail bat.
Rienda suelta, zaldiei buruzkoa da.
Liburu bat.
Jefa de tu vida, Charo Vargasena. Hori irakurrita hasi nuen orain daramadan bidea.
Musika talde edo abeslari bat.
Antonio Orozco.
Abesti bat.
Despierta, Antonio Orozcorena.
Oporretarako leku bat.
Val d’Aran, Dolomitak…
Zer gosaltzen duzu?
Ogi txigortua, ahuakate, urdaiazpiko eta arrautzarekin; eta kafesne bat.
Kolore bat.
Gorria.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Aurreko asteko osteguna. Gipuzkoako Merkatari Elkartetik deitu zidaten, Ordiziako eta Legazpiko merkatariei ikastaro bana emateko. Denbora asko neraman hori lortu nahian. Arlo pertsonalean, berriz, hona bizitzera etorri nintzenekoa eta ezkontza eguna.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Ibai senarrak nigan sinestea. Nik eskaintzen dudan zerbitzua zerbait berria da, eta laguntza horrek bultzada handia eman dit.
Amets bat.
Pixkanaka, eta lan asko eginda, nire ametsa egia bihurtzen ari naiz.
Bizitzako plazer txiki bat.
Lagun batekin gosaltzea, zaldiz ibiltzea…
Goierriko txoko bat.
San Adriango koba eta inguruak.
Zegaman biziko ez bazina…
Natura eta lasaitasuna behar ditut. ■
