Mapan
Uxue Fernandez Lasa • Irakaslea eta kirolaria
Euskal Herriko mapan bakoitza non gauden kokatzeko eskatuz gero, bide-puntua txintxeta batekin adierazten asmatuko al genuke? Geografikoki, zenbait kasutan adimen artifiziala edo online zerbitzariren baten laguntza beharko balitz ere, baietz esango nuke. Ekintza hori bera, pentsamenduei, kode sozialei edota komunikazioari aplikatuko bagenie, ordea, gure lekua nola deskribatuko genukeen duda gehiago sortu zait. Nongoak garen, norekin eta nolakoak garen, noiz eta non garen. Nor gara gu, zer gara gu?
Azken hilabetean, Xilabaren eta bertsoaren jiran, Baigorri, Hazparne, Bardoze eta Donibane Lohizunen izan naiz. Errepideko joan-etorrietan, Izpegi, Bastida, Hiriburu eta Urruña pasa ditugu, besteak beste. Folklore turismo izenda genezake, ohiko eremu eta joan-etorrien erdigunea Gipuzkoa baitugu planak partekatutako gehienok, behintzat. Lapurdi eta Baxe Nafarroa barnealdeko errepide bihurgunetsu eta artaldedun zelai berde bukolikoak eta postaletako portu zaharra aparte utzita, geografiari astinaldi bat eman ahala euskal herriak kokatzea ariketa interesgarria iruditu zait.
Irun eta Biriatuko bide-puntuetatik harago, ordea, buruko mapa eta mugek eman didate zer pentsatua. Pentsamendu bitarrean, zuri/beltz, ondo/gaizki, hango/hemengo, bertako/kanpoko, gertuko/urrutiko… dena eta denak sailkatu eta etiketatzeko gaitz kronikoa dugu. Gu izaten gara horretarako erreferentzia puntu; gu, erdigune; gure araberakoa beste guztia. Aipatutako egoera eta espazioetan, kontrara, gu ginen kanpotarrak eta horrek beste leku batean kokatu eta jokoz kanpo-edo sentiarazi ninduen une batzuetan, deskolokatuta. Aulkian balantza ezker-eskubi eta bi sorbaldak gora. Albora begiratu eta antzeko erreakzioa. Besteak beste, hitz edo esamolde batzuk ulertzeko zailtasunak izan ditugu eta zenbait gaitako erreferentziak ezberdinak ziren.
Irri-imintzio batekin ari naiz zutabea idazten. Batetik, herrialde bakarraren baitan, tamalez, oraindik ere zazpi lurraldetan zatikatuta bada ere, gure hizkuntzan ezberdintasunak uste baino gehiago direla konturatzeko balio izan dit, hasi hiztegitik eta ahoskeraraino. Zerbait bagara, Euskara gara. Bestetik, berriz, gure geografiako bide-puntu, belardi, itsaso, bihurgune, malda eta zuzen guneetatik harago, buru mapetan mugatuegi gaudela sentitu dut. Noraino garen (h)egozentriko. ■
