Hiru aipamen
Aitor Artza • Musikazalea
Kirola matie dut, bizikleta batik bat. Bizikletak badu arerio bat guztien gainetik, eta hori euria da. Urtarrila euritsua joan zaigu eta arrabolan eman ditut ordu dexente. Musika da niretzat motibatzaile nagusi eta saio petral horiek hobeki eramateko giltzarri. Izerditu bat hartu nahi baduzu, alde ederra dago New Bomb Turks edo Ruper Ordorika entzun, azken horrekiko errespetu osoz. Ohioko taldearen jarraitzaile izan naiz betidanik. Columbusekoak dira, 1990eko hamarkadan sortuak, punk eta rock-and-roll zuzena, zapaltzailea eta gordina egiten dute. Epitaph argitaletxearekin kaleratu zituzten hiru lanak –Scared Straight (1996), At Rope´s End (1998) eta Nightmare Scenario (2000)– beste horrenbeste zaplazteko dira, Destroy Oh Boy eta beste diskoak ahaztu gabe. Hiru disko horiek parranda gau baterako onak diren arren, baita kirola intentsitatean bakarka egiterakoan entzuteko ere. Egin aproba.
Bada beste aipamen bat, pasa gabe utzi ezin dudana, gaur bertan inguruan izango dugun talde bikain baten kontzertua. Debagoienean, Bergaran izango dugu Paxkal Hirigoienen eta Etxeberri anai-arreben XAK taldea. Iparraldetik datoz, 6 abestiz osatutako lan bat aurkeztera. Sarritan Washington DCko taldeen eragina sumatzen diet, Evens, Warmers, Karate… Baina uste dut kasualitate hutsa dela. Pop-rocka iparraldeko euskara goxoaz jantzia, dotore eta atsegin. Baduzue entzungai plataformetan, eta kontzertura hurbilduz gero, aurkezpen ederra duen CDa izango duzue eskuragai. Gaur bertan Bergarako Seminarioan izango dira.
Ez nuke bukatu nahi badatorren talde bat aipatu gabe, Katarsi taldeko errautsetatik sortua: Orsini taldea. Datorren astean aterako dute lan berria, Ezin Atera izena duena. New Wave eta Post Punk ukituekin Bilbotik eta inguruetatik. Ez galdu! ■
