Errepide nagusien sarea, eskualdearen zainak
Azken ehun urteetan laukoiztu baino gehiago egin da Goierrin eraikita dagoen errepide sarearen kilometro kopurua. 1922ko mapen arabera, 111,4 kilometro errepide zeuden Goierrin. Gaur egun, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumeneko errepide nagusien katalogoan 273 kilometro daude. Horiei, udal mailako herri, auzo zein baserri bideak gehitu behar zaizkie, asfaltatutakoak nahiz hormigoiztutakoak.
XIX. mendean modernizatu zuten Gipuzkoako errepide sarea, eta tartean Goierri zeharkatzen zuen bide nagusia, 1760-1780 bitartean eraikia: Gatzaga-Irun bitartean Deskarga-Urretxu-Zumarraga-Ormaiztegi-Beasain-Ordizia-Legorreta ardatza. I. Karlistaldiaren ondorenera arte, ez zen errepide gehiagorik ireki. Beasain korapiloaren erdigune hartuta, Nafarroarekiko bi loturak (Etzegaratekoa eta Lizarrustikoa), Zumarraga-Azkoitia (Aizpurutxokoa), Ormaiztegi-Oñati, eta Beasain-Azpeitia (Salbatore-Matxinbenta) errepideak ziren 1922an sarea osatzen zutenak.
80 urteko tarte horretan, Oñati-Ormaiztegi, Legazpiko Motxorrotik eta Gabiriatik barrena (1846tik 1848ra) egin zuten aurrena, Oñati Gipuzkoan sartzeko akordioko baldintza gisa. Hurrengo hamarkadan, Segura-Otsaurte errepidearen lehen fasea egin zuten, Idiakaitzeraino (1854-55), Salbatoretik Matxinbentarainokoa (1852-53), eta Lazkaibardik Ataunerako lehen fasea (1855-56). 1860ko hamarkada izan zen oparoena: Ataungo Arrondotik Erroiondora (Kaxeta) 1868-70 tartean luzatu zuten, eta handik Lizarrusti gainerakoa 1883-84an bukatu.
Urretxu bihurtu zen eskualdeko beste errepide-korapilo nagusia. Azkoitiarako errepidea 1860tik 62ra zabaldu zuten, Legazpi alderakoa 1862-63n, eta Zumarragaranzkoa 1865-66an.
Herri asko, errepiderik gabe
Errepide sare nagusiaz harago, ia apenas zegoen Goierrin herri txikiak lotzeko azpiegitura modernorik. Ordizia-Zaldibia (1864-65ean egina), Segura-Mutiloa (1865-66), Gabiria (1888-89), Segura-Zerain (1895-96), Brinkola (1903-04), Mandubia-Astigarreta (1908), eta Arama-Altzaga (1916) bakarrik zeuden eginak duela ehun urte, gorago aipaturiko sare nagusikoez gain.
Gaur egun, probintziaren zaintzapekoak 273 kilometro errepide dira Goierrin. Lehentasuneko sarekoak (gorriz irudikatuak mapetan) 50 dira: Beasain-Durango (A-636) eta Madril-Irun (N-1). Oinarrizko sarekoak (laranja) 6 kilometro, Zumaia-Zumarragan (Gi-631), eta eskualde mailakoak (berdea) zazpi errepidetako 87 kilometro.
Azkenik, herri mailako errepideak hiru kategoriatan dauzka bereizita Diputazioak. Sare horian hiru errepide (27 km): Segura-Zerain-Aztiria-Legazpi (Gi-3520), Ormaiztegi-Gabiria-Legazpi (Gi-3540) eta Ihurre-Olaberria-Lazkao (Gi-3560). Lehen mailako sare lokalean 27 errepide (87 km), eta bigarren mailakoan 14 errepide (15 km). ■

