Hurritz-makilak, lurra eta kantua
Maddi Aiestaran Iparragirre • Bertsolaria
Hurritz-makilek kaleetako baldosen kontra kolpea jotzen dutenean, ahotsa altxatzen dute norbaitzuek. Aspaldi buruz ikasitako koplak abesten dituzte ozen. Paper zati bat hartzen dute eskuan, letra buruz ikasi ez dutenek. Garai batean etxe atarietan botatako koplak ekartzen dituzte ahora, hurritz-makilaren beti-betiko mugimenduaren erritmora. Batzuetan jendea agertzen da leihora; beste batzuetan, ia inor ez.
Aterik ate ohitura zaharrak berritzeko asmoz ateratzen dira norbaitzuk kalera kantura: ate batean gelditu, oles egin bertakoei, kopla zaharrak kantatu, kopla berriak eskatu koplariei, hurritz-makila dantzatu eta, bukatutakoan, mokadutxoa egin. Adio esan, eta hurrengo atera.
Lurrari esnatzera dei egiteko eguna izaten da Santa Ageda bezpera. Tokian-tokian forma bat hartzen du gaur tradizio zaharrak. Kaleetako baldosetan, mendi-bideetako harrietan eta eskoletako aretoetako zoruetan jotzen dute kolpea hurritz-makilek. Aspaldi juntatu gabeko auzokideak ibiltzen dira elkarrekin, auzoko ate batetik bestera kalejiran. Koplariei dei egiten zaie, herri bateko santa eskea girotu dezaten. Bideoak sortzen ditu koruko jendeak, horren ezagunak ez diren bertso zaharrak abestuz; eta sareetan hedatzen. Kalejirak iraun bitartean, afaria prestatzen dute zenbait lagunek soziedadean. Eskolan ikasitako doinua kantatzen dute ahapeka haurrek, etxera bidean. Zerbait berezia sumatzen da lurrean, gure etxeetako ateen aurrean, urtero-urtero.
Santa Ageda bezperan, sumatu egiten dira hurritz-makilak, sumatu lurra, sumatu kantua. Ohitura zaharrak berritu ahala, polita litzateke horrixe eustea, ondoan eta presente sentitzea, urtean behin bada ere, hirurak: hurritz-makilak, lurra eta kantua. ■
