Disforia
German Urteaga Garmendia • Entrenatzaile pertsonala eta kirol psikologoa
Pertsona transen errealitateaz hitz egiten hasiko bagara, bada zerbait gutako askori eragiten diguna: disforia. Zer da disforia? Norbere larruan bizi arte uler ezin daitekeen zerbait. Ez baduzu bizi, zorteduna zu, eta batez ere, pribilegiatua zu! Hala ere, hau bizi ez duzuenok berau apur bat ulertzera iristeko ondorengoa esango dizuet: pertsona trans askok (ez denek) neurri altuagoan edo baxuagoan gure gorputzeko (zenbait) karaktere sexualekiko bizi dugun erretxazo antzeko zerbait izango litzateke, sufrimendu izugarria eragiten duena (irritasuna, ezinegona, antsietatea, depresioa… eragin ditzake).
Hormonatzen garen pertsona transek hormonak hartzen ditugu hartu ezean disforiak gain hartuko ligukeelako, berdin ebakuntzen kasuan ere. Alegia, ez da kapritxo bat, behar dugun zerbait da. Disforia infernu bat bailitzan definituko nuke eta infernu hori gure gorputzean aurkitzen da. Gogorra? Bai, oso. Eta are gogorragoa da disforiagatik gaizki egon baina gaizki egotearen zergatia zein den ez dakizunean. Eta hori, pubertarotik aurrera nire eguneroko ogia izan da. Orain, batzuetan behintzat, kontzienteago naiz disforia malapartatuaz.
Bestalde, nazkatuta nago ideiarik eduki ez eta trans pertsonen inguruan hitz egiten dutenekin. Ustezko zenbait adituk (batzuk ikertzaileak) mesede baino kalte gehiago egiten digute, eta euren mezuek ez digute batere laguntzen, batez ere, trantsitua hastera doazenen kasuan. Disforiarik ez duen norbaitek isil-isilik egon beharko luke gai honen inguruan hitz egiterakoan, disforiak jendea hiltzen du, disforia ez da txantxetarako kontua, ez da esperimentu bat eta ez gaude ustezko aditu batzuen txorakeriak entzuteko, disforia zer den ere ez dakitenean. Pertsonalki, disforia duen gizon trans bitar bezala, sutu egiten naiz horrelakoetan, eta badakit niri gertatzen zaidana beste askori ere gertatzen zaiela.
Bestalde, ez dakit itzulpenaren ondorio den edo zergatik den, baina sentipena dut Euskal Herrian eta Espainiar Estatuan transfeminismo terminoa askok gaizki erabiltzen dutela eta queer teoriarekin nahasten dela batzuetan. Transfeminismoak pertsona transak babesten ditu eta emakume transen askapena emakume guztien askapenarekin bat datorrela defendatzen du. Ea atentzio gehiago jartzen diogun benetako transfeminismoari. ■
