«Hogei urte igaro nituen Bilbon bizitzen, eta faltan sumatzen dut»
Idoia Elgarrestak (Zumarraga, 1979) musika irakasle izateko ikasi zuen, eta Bilboko musika eskola batean lan egin zuen. Horretaz gain, Portugaleteko Asti Leku ikastolan EGA eskolak eman zituen eta Mungiako higiezinen agentzia batean eta Montessori eskola batean lan egin zuen. Musika zaletasuna familiaren aldetik datorkio. Aita dantzaria izan zen eta ama txistularia. Berak flauta jotzen ikasi zuen eta Zumarragako bandan jo zuen. Juanma Begiristain senarrak, berriz, Bilboko bandan jotzen du. Naia alabarekin eta senarrarekin emanaldiak egiten ditu familiako eta lagunarteko ekitaldietan. Gaur egun, Lanbroa belar-dendan lan egiten du. «Amak, erretiroa hartu zuenean, anai-arreboi denda hartzea eskaini zigun. Niri betidanik gustatu izan zait denda, eta hartzea erabaki nuen».
Zer zaletasun dituzu?
Irakurtzea asko gustatzen zait.
Pelikula edo telesail bat.
Ez naiz telebista zalea eta ez dut zinemara joateko ohiturarik.
Liburu bat.
El codigo Da Vinci eta El señor de los anillos. May Boeken herritarraren liburuak irakurtzen ari naiz, eta horiek ere gustuko ditut.
Musika talde edo abeslari bat.
Edozein euskal musikari. Bai egungoak eta bai garai batekoak. ETS, Bulego, Benito Lertxundi… Eta musika klasikoa, noski.
Abesti bat.
Smetanaren Nire aberria.
Oporretarako leku bat.
Kostaldeko edozein toki.
Zer gosaltzen duzu?
Infusio bat.
Kolore bat.
Urdina.
Jaso duzun opari bereziena.
Cambrilsera (Herrialde Katalanak) bidaia familiako bostontzat.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Seme-alaben jaiotza egunak: Naia (17 urte), Unax (14 urte) eta Nora (11 urte).
Amets bat.
Ez dut ametsik, zoriontsua naiz.
Bizitzako plazer txiki bat.
Lagunekin egotea.
Zumarragan biziko ez bazina…
Bilbon. Hogei urte igaro nituen Bilbon, eta faltan sumatzen dut. Bilbon dena oso eskura duzu eta, gainera, gure familia egin genuen. Santutxu auzoan bizi ginen eta auzoko giroan murgildu ginen. ■

