«Bizikleta bat eta supermerkatuko orga jarri ditut okotzaren gainean»
Munduan gaitasun eta talentu bereziak dituzten pertsona ugari dago, hala nola, abesten, dantzatzen edo instrumenturen bat jotzen dakitenak. Mikel Lacalleren (Ordizia, 2005) kasuan, ordea, duen trebetasuna ezohikoa da: okotzaren gainean objektu desberdinak jarrita orekan mantentzea. Bere sare sozialetan ikus daitezke trebetasun hori erakusten duten bideoak; TikToken eta Instagramen @mikilibrio izenarekin aurkezten da.
Noiz eta nola deskubritu zenuen zure gaitasun hau?
Geldi egoten ez dakiten horietakoa naiz, eta uste dut ezinegon horrek bultzatuta probatu nuela lehenengoz okotz gainean objektuak jartzea.
Zein objekturekin probatu zenuen lehenengo?
Oker oroitzen ez badut, makila batekin hasi nintzen, eta ordutik pixkanaka gauza handiagoak eta zailagoak probatzen joan naiz.
Adibidez?
Bizikleta bat, supermerkatuko orga eta eskailerak jarri ditut okotzaren gainean, beste gauza askoren artean.
Zer objekturekin probatzea gustatuko litzaizuke?
Egia esan, ez dut horretan gehiegi pentsatu, baina forma arraroren bat duen zerbait gustatuko litzaidake.
Oreka mantentzeko zer izan behar da kontuan?
Objektuaren zati guztiek ez dute pisu bera; horregatik, oreka mantentzeko gakoa da pisu handiena duen zatia behealdean kokatzea, eta pisu arinagoa goialdean uztea.
Kontzentrazioa mantentzea ere garrantzitsua izango da ezta?
Orain geroz eta errazago lortzen dut oreka mantentzea, beraz, objektu bat okotz gainean dudan bitartean beste gauza batzuk egiteko gai naiz: dantza egin, belauniko jarri, elkarrizketa bat izan… Hala ere, funtsezkoa da kontzentrazioa mantentzea.
Zein izaten da jendearen erreakzioa?
Jendeari asko gustatzen zaio. Sare sozialetan igo dudan edukiak ikustaldi asko izan du. Ingurukoei dagokienez, nire lagunak oso gustura daude, ni bezala. Azken batean, beraiek dira nire eromen honetan gehien lagundu didatenak. Familiakoek, berriz, sorpresaz hartu dute hau dena. Inork ez genuen espero bideoek izan duten harrera izatea.
Ezagutzen al duzu jarduera hau egiten duen beste inor?
Ordizian, justu, nire berdina egiten duen beste gizon bat dagoela jakin dut orain gutxi. Euskal Herritik kanpo ere badago antzekoak egiten dituenik, baina bat edo bi. Bestalde, Instagramen jende askok idatzi dit kolaborazioren bat egiteko eskatuz.
Hemendik aurrera, zer?
Ez daukat ezer pentsatuta, nire egunerokoan jarraituko dut, bizitza normala egiten eta objektu berriekin probatzen.
Egunerokoan zer egiten duzu?
Soldaduran lan egiten dut. Orain gutxi hasi naiz horretan lanean eta oso gustura nabil.
Zein dira zure bestelako zaletasunak?
Kirola egitea da nire zaletasun nagusietako bat. Alde batetik, futbolean jokatzen dut, eta bestetik, pilotan aritzea ere asko gustatzen zait; herriko txapelketan urtero parte hartzen dut. Lagunekin denbora pasatzea ere bada beste zaletasun bat. Bideo gehienak lagunekin nagoenean sortzen dira, eta oso eskertuta nago. Lagunek bideoak egitera animatzeaz eta ideiak emateaz gain, bideoak grabatzen laguntzen didate. Beraiek ere badira honen parte. ■

