«Edozein pertsona da gai artxiboetan arakatzeko»
Oñatin egoitza duen Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan egiten du lan Ramon Martin Sukiak (Legazpi, 1962), eta Diputazioko Artxiboetako eta Agiri Ondareko zerbitzuburua da. Lurraldeko dokumentu ondarea zaintzea, kontserbatzea eta zabaltzea da legazpiar honen betebeharra.
Kanpoan bizi zara aspaldian, baina legazpiarra zara.
Legazpin jaio nintzen 1962an, eta bertan hazi nintzen. Orain Gasteizen bizi banaiz ere, lotura estua dut herriarekin, familia dudalako oraindik bertan, eta emaztearena ere bai, Brinkolan. Askotan joaten gara.
Non egin zenituen ikasketak?
Txikitan fraideetan ibili nintzen, Legazpin, baina Donostiara joan nintzen oso-oso gazte, nire gurasoek onena zela iritzita. Loiola auzoko La Sallera joan nintzen, barnetegira, eta gero nire ondorengo beste bi anaiak; sei anai-arreba gara, ni laugarrena naiz. Ikastetxean ikasten eta lanean jardun genuen. Hura barnetegi bat zen, eta garai hartan arrunta zen hura ordaindu ahal izateko ikasleek lan egitea, adibidez, otorduetan zerbitzari lanak eginda. Ikasi egiten genuen, baina lana ere bai.
Zer ikasi zenuen han?
Batxilergoa eta UBI egin nituen, eta bertatik hasi nintzen unibertsitatean ere. Historia ikasi nuen Deustuko Unibertsitatean, eta ikastetxean jarraitu nuen lanean, ikasten ari nintzen bitartean.
Nola iritsi zinen artxiboetara?
Irakasle batek artxibora bidali gintuen, dokumentuak irakurtzen ikasteko. Ni Legazpiko Udalekora joan nintzen. Han sartu nintzen dokumentuen artean, eta kateatu ere bai berehala.
Noiz bihurtu zenuen lanbide?
Karrera bukatzean irakasle hasi nintzen Loiolan, baina hezkuntza ez zen niretzako, eta Artxibistika ikastea erabaki nuen. Madrilera joan nintzen, gero Parisera… Dokumentu zaharrak irakurtzen ikasi nuen, artxibistika bera… Nire mundua hura zela ikusi nuen.
Zein izan zenuen lehen lana?
Parisetik bueltatzean, 1988an enpresa batean hasi nintzen artxiboa antolatzen, eta bi urtera Eusko Jaurlaritzak Bergaran zuen Irargi Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroan sartu nintzen. Han 14 urte egin nituen, eta gero Aldundiaren Protokoloen Artxibo Historikora etorri nintzen, Oñatira. 2018an Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoaren kudeaketa ere bere gain hartu zuen, eta elkartu egin zuen Protokoloen Artxiboarekin, orain gauden eraikinean.
Beste kargu bat ere baduzu.
Diputazioko Artxiboetako eta Agiri Ondareko zerbitzuburua naiz. Horren barruan, Tolosan dagoen Gipuzkoako Lurraldeko Artxiboaren ardura ere nirea da, baina lanpostua Oñatin dut.
Ibiltzen al zara dokumentuen artean?
Zoritxarrez, ez! Orain kudeaketa lanak egiten ditut batez ere. Nik asko disfrutatzen dut dokumentuekin, eta jubilatzen naizenean, laster gainera, artxibora bueltatuko naiz.
Izango duzu lanen bat buruan.
Asko interesatzen zait kulturaren transmisioa historian zehar, bereziki batez ere XVI. eta XVII. mendeetan. Dokumentuetan beti zeharka agertzen den gaia da, eta zaila da ikerketa. Eta gero, lana argitaratu, noski. Artxibozainok normalean ez dugu ikerketarik publikatzen, ikerketa ez delako gure lana.
Ez zarete ikerlariak?
Gu transmisoreak gara, oso diferentea da. Guk dokumentu bat hartzen dugu eta gako batzuk ematen ditugu, beste batzuek informazioa arakatzeko. Eskritura hau ezkontza hitzarmen edo testamentu bat da, honena, leku honetan eginda… Hori azaltzen dugu, baina ez gara hasten aztertzen, hori historialariaren edo ikerlariaren lana da.
Zein da artxibozain baten funtzioa?
Oinarrizko hiru funtzio ditugu: erakundeek, pertsonek edota enpresek sortzen duten dokumentazioa biltzea; dokumentazio hori identifikatzea, deskribatzea eta informazioa zabaltzea; eta kontserbatzea.
Artxibo denak al dira berdinak?
Ez. Artxibo bakoitzak du bere esparrua. Udal artxiboan udalak mendeetan sortutako dokumentazioa jasotzen da, bakoitzak berea. Gero, Gipuzkoa mailako artxiboak daude, Oñatikoa bezala.
Zein artxibo gehiago daude Gipuzkoan?
Tolosan Foru Aldundiko Artxibo Orokorra dago, aldundiak sortutako dokumentazioarekin. Elizarena Donostiako Seminarioan dago. Eta badaude artxibo gehiago, espezializatutakoak: Eresbil, musikarekin lotutako bildumarekin; Euskal Filmoteka, material grafikoarekin; Koldo Mitxelena, argitaratutako liburuekin… Dokumentuen inguruan lan handia dago, eta inportantea da lan hori esparruka banatzea.
Beraz, ondo jakin behar da nora jo.
Artxibo bakoitzak zer dokumentazio duen jasota jakin behar da. Ikerketa bat egiteko ikuspegi ezberdinak landu behar dira. Ezin zara geratu udal ikuspegiarekin bakarrik, edo Gipuzkoarekin, eta estatu mailako erakunde batera jo beharko duzu, edo artxibo pribatu batera. Ikerketa bat ez da inoiz egiten artxibo bakar batean.
Zer dago Oñatin?
Protokoloak batez ere, XVI. mendetik aurrerakoak. Eskribauek edo notarioek egiten dituzten eskritura guztien bilduma kronologikoak dira, urtekarien modukoak. Herri guztietan zeuden eskribauak, XIX. mendean notario bihurtu zirenak, eta edozer tramitetarako joaten zen haiengana: ezkontzeko, testamentuak egiteko, kontratuak edo salerosketak egiteko, negozioak sortzeko, botereak emateko… Protokoloez gain, XIX. mendetik 1960ra bitartean Justiziak sortutako milaka espediente ere baditugu, eta Estatuaren erakundeek Gipuzkoan sortu duten dokumentazioa ere bai: Gobernu Zibilekoa, espetxeetakoa, meteorologia zentroetakoa, Ogasunekoa…
Bestelako dokumentuak ere badaude?
Koldo Mitxelenakoa hemen dugu, obrak egiten dituzten bitartean. Bilduma berezi batzuk ere baditugu, Oñatiko Unibertsitateko artxiboa eta liburutegia adibidez. Hor 40 inkunable daude, hau da, inprenta 1453an asmatu eta 1500era arte inprimatu eta argitaratutako liburuak. Leintz Gatzagako udal artxiboa ere hemen dago, han baldintza egokiak ez daudelako. Otazu familiaren artxibo pribatua ere Oñatin dugu. Jendea asko harritzen da dugun dokumentu bolumenarekin eta kontserbatzen dugunaren izaerarekin. Balio handiko dokumentuak dira batzuk.
Nola dago banatuta zuen artxiboa?
Bi zati ditu. Bata publikoa da, eta guk lan egiten dugun esparruarekin eta kontsultak egiteko gunearekin. Beste zatia deposituak dira, eta ez dago publikoari irekita, langileontzat da bakarrik. Lau solairutan banatutako 16 depositu dira, segurtasun neurri handiekin eta dokumentuen kontserbaziorako hezetasuna eta tenperatura kontrolatuta.
Zenbat dokumentu daude?
Espazioa oso ondo dago antolatuta eta aprobetxatuta. Depositu batean 17.000 tomo egon daitezke, bakoitza bere identifikazio zenbakiarekin. Zenbaki guztien erregistroa dugu, eta zenbaki bakoitzaren atzean, deskripzio bat kasu gehienetan, batzuetan oraindik egin gabe dagoelako. Oñatin dokumentazioa betetzeko 18 kilometroko lekua dugu, eta une honetan 15 kilometro ditugu beteta. Baina horietatik, lau kilometro Koldo Mitxelenakoak dira
Zein da dokumentu zaharrena?
Ezin dugu jakin, dokumentuek ez dutelako datarik. Baina letraren arabera datatu ditzakegu, eta batzuk XII. mendekoak direla badakigu.
Nola funtzionatzen du artxiboak?
Dokumentazioa publikoa da, eta kontsultatzeko bertara etor daiteke, edo on-line kontsultatu. Hona etortzen direnei, kontsulta gelara eramaten dizkiegu eskatutako dokumentuak. Normalean dokumentua identifikatuta izaten dute, gure webgunetik hartutako erreferentziarekin. Lehen ezinbesteko espazioa zen gela hori, baina gaur gure erabiltzaileen %95 ez da hona etortzen. Egunean lau-bost bakarrik etortzen dira, eta webgunearen bidez hilean 2.000 kontsulta egiten dira. Posta elektronikoaren bitartez egiten dira eskaerak, eta guk eskatutakoaren digitalizazioa egin eta bidali egiten diegu. Alde horretatik, artxiboek zeharo aldatu dugu eginkizuna eta lan egiteko sistematika.
Digitalizazioa garrantzitsua al da?
Digitalizazio eremua ez zen existitzen duela urte gutxi, eta orain kritikoa da. Eskatutako dokumentuak hartu, behar dutena aurkitu, eta kopia digitalak egiten ditugu. Urtean 150.000 irudi inguru egiten ditugu, eta ia lau milioi irudi dauzkagu sarean ipinita, identifikazio eta guzti. Asko ematen du, baina huskeria bat da hemen dugun guztia kontuan hartuta. Eskatu ahala egiten dugu lana, eta gure gordailua handitzen ari gara, baina beti zatika.
Guztia kontrolatzen al duzue?
Bai, baina guk kontrolatzen dugun informazioa oso txikia da. Artxibo batean desberdina da informazioa eta ezagutza. Dokumentu guztien gainean badugu ezagutza minimo bat, ez dugu dokumentu bat ere ez dakiguna zer den orokorrean, baina barruan dagoen informazio guztia ez dugu zukututa. Artxiboan lana ez da inoiz bukatzen.
Zeinek erabiltzen du zerbitzu hau?
Lehen, dokumentu originalak erabiltzen zirenean, joera zen sarbidea murriztea, zenbat eta gutxiago ukitzeko. Orain edozein pertsonak kontsultatu dezake dokumentu bat, eta asko demokratizatu da.
Zer kontsultatzen dute?
Ikerlariez gain, asko etortzen dira genealogia gaiengatik, edo baserrien gaineko informazio bila. Asko biziatu egiten dira, artxiboak engantxatu egiten duelako. XIX. mendeko zerbait irakurtzen hasten dira, eta gero, kuriositatez joaten dira pixka bat atzerago, gero atzerago oraindik… Edozein pertsona da gai artxiboetako dokumentuetan arakatzeko, kementsua bada behintzat. Hemen baditugu horrelako batzuk.
Zenbat langile zarete?
Plantillan zazpi gaude: hiru teknikari, neu barne, hiru administrari eta zaharberritzaile bat. Eta enpresa kontratatuen bitartez beste hiru laguntzaile ditugu, batez ere deskripzio lanetarako. Urtero dokumentazio berri asko iristen da, eta identifikatu eta deskribatu egin behar dira, hau da, informazioa sortu, hori delako gure lanaren gakoa. Eta digitalizazioak lan asko ematen digu.
Zaharberritze saila ere baduzue.
Laborategia eta bi langile ditugu horretarako. Oso egoera txarrean dauden dokumentuak ere baditugu, eta kaltetutako zatiak berreskuratzeko, teknika desberdinak erabiltzen dituzte, hezeak edo lehorrak. Normalean artxibozainok erabakitzen dugu zer zaharberritu. ■
Asteburuetan, Eguzkitzara
Asteburu asko igarotzen ditu Ramon Martin Sukiak Brinkolako Eguzkitza Goikoa baserrian. Horkoa da emaztea, Eva Ugarte. Gaur egun Gasteizen bizi dira, eta ahal dutenean Brinkolarako bidea hartzen dute, hiritik ihes egiteko eta jaioterriarekin eta familiarekin lotura mantentzeko.
Horregatik aukeratu du atal honetarako argazki hau. Duela aste gutxi batzuk paraje horietan ‘Latz’ txakurrarekin paseoan irtendako batean atera zuen argazkia.
Eguzkitza baserria eta inguruak «pertsonak eta paisaiak uztartzen diren lekua» direla dio Ramonek, eta horrekin «asko gozatzen» duela. «Gainera, naturaz eta lasaitasunaz disfrutatzeko leku ezin hobea da». Hain zuzen, «naturaren presentzia horrek eta lasaitasun horrek patxadaz pentsatzeko aukera ematen dit. Mendi buelta bat ematea, edo baserri inguruko pistetan buelta bat ematea ezin hobeak dira buruarentzat eta lasai pentsatu ahal izateko».

