Zegamako bideo historikoen biltzailea
Jose Mari Artola Agirretxek (Zegama, 1952) zegamarrek grabatutako bideoak bildu ditu. 1970eko hamarkadako irudiekin ikus-entzunezkoa osatu du, eta hainbat emanaldi egin ditu.
Artola Zegamako Olaberri auzoan jaio zen. Oinarrizko ikasketak herriko ikastetxean egin zituen, eta ondoren Goierriko Lanbide Eskolara joan zen. Doitzaile ofizioa ikasi zuen eta Zegamako Garmendia fabrikan hasi zen lanean. Katu hidraulikoak egiten zituzten. Hamar urte igaro zituen han. Herrira euskara ikastera etorritako donostiar bat ezagutu zuen, eta handik urte batzuetara harekin ezkondu zen. Donostiara joan ziren bizitzera, eta Artolak Gipuzkoako hiriburuan aurkitu zuen lana. Komertzial gisa lan egin zuen, erretiroa hartu zuen arte. Urte asko daramatza Donostian, baina zegamar peto-petoa dela dio. «Ahal dudan guztietan etortzen naiz Zegamara».
1970eko hamarkadaren amaieran joan zen Donostiara. Ordura arte, herrigintzan aritu zen. «Oso sartuta nengoen. Urte zailak ziren, borrokarako urteak. Oso hamarkada gogorra izan zen: diktadura baten amaiera eta demokraziara bideko lehen pausoak. Franco hil arte sekulako errepresioa izan zen. Hilketa asko izan ziren, torturatuak ere bai… Izugarrizko borroka zegoen, eta Zegama ere borroka horretan izan zen. Franco hil ondoren, hau normalizatzeko lehen pausoak eman ziren. Suarez ipini zuten horretarako. Alderdi politikoak legalizatu ziren eta eztabaida asko izan ziren. Lehen hauteskundeak egin ziren (kongresurako eta senaturako), ondoren amnistia orokorra etorri zen eta 1979an lehen udal hauteskundeak egin ziren», gogoratu du.
«Ezker abertzaleak beste inork baino indar gehiago zuen, baina zatitu egin zen. Zati batek esaten zuen ez zela Estatuko sisteman parte hartzea komeni, ez zegoela kongresuan eta senatuan parte hartzeko baldintzarik. Hor Herri Batasuna zegoen, ETA Militarraren babesarekin. Besteek parte hartu behar zela zioten. Hor Euskadiko Ezkerra zegoen, ETA Politiko Militarraren babesarekin. Zatiketa oso gogorra izan zen. Ez dakit amorru hori erabat desagertu den. Zegaman ere zatiketa oso gogora izan zen, lagunen artean, familietan… Intentsitate handiarekin bizi izan zen. Niri tristura handia eman zidan. Ez dut ahaztu eta ez dut ahaztuko. Bizi ez duenak, ez du ulertuko. Ikuspegi politiko ezberdinak zeuden. Denak errespetagarriak, noski».
Lehen udal hauteskundeetan, berriz, denek parte hartu zuten. Zegaman hiru hautagaitza aurkeztu ziren: EAJ, Euskadiko Ezkerra eta hautagai independenteak. «Hautagai independenteek irabazi zuten. Joxe Telleria izan zen lehen alkatea. Oso pertsona jatorra. Nik intentsitate handiarekin bizi izan dut politika, baina ez zait gustatzen inorekin haserretzea. Inorekin ez haserretzen ahalegindu naiz. Lehen udal hauteskundeetan Euskadiko Ezkerreko alkategaia izan nintzen. Ez genuen irabazi, eta zinegotzi izan nintzen. Irabazi zutenei izugarrizko errespetua diet. Jende jatorra eta langilea dira. Ondo irabazi zuten eta oso ondo lan egin zuten. Zegamak sekulako bilakaera izan du. Biztanle kopuruari eutsi dio, gainera. Herri bizia da».
Ikastolaren sorrera
Herriko ikastolaren sorrera ere garai hartan izan zen. «1970ean sortu zen. Lan asko egin zen. Lau hanka izan zituen: gurasoak, andereñoak, herriko jendea eta Joxe Ramon Agirre Txanbero. Gurasoek sekulako pausoa eman zuten. Gurasoak beraien haurrak ikastolara bidaltzeko prest egotea sekulakoa zen, ez baitzegoen ezer: ez lokalik, ez andereñorik… Arbeltxo baserriko Miren Ormazabal jarri zuten ordezkari bezala. Izugarrizko lana egin zuen. Andereñoei dagokienez, lehenengoa Ormazabal baserriko Bakarne Arrieta izan zen. Berak ere izugarrizko lana egin zuen. H0rretaz gain, herritar askok ere gogor lan egin zuten, eta Agirrek koordinazio lan garrantzitsua egin zuen. Agirrek meritu handia izan zuen. Liderra izan zen. Tonbola, taberna, jaialdiak… antolatu ziren egitasmoa aurrera ateratzeko. Ordura arte frankismoak eskola bere ideiak hedatzeko erabili ahal izan zuen, eta ikastola gure kultura eta izaera hedatzeko erreminta izan zen».
1970eko hamarkada «oso garrantzitsua» izan zela uste du eta, hala, hamarkada horietako bideoekin ikus-entzunezkoa egin du. «Erregimen faxistaren amaieratik, demokraziaren bidera pasa ginen. Ez dago demokrazia zela esaterik. Oraindik dezente falta zaio finkatzeko. Dokumentalean borroka horren berri ematen dut. Sarreran, kanpotik lortutako irudiak erabili ditut, testuinguruaren berri emateko. Ondoren, Zegamako irudiak sartu ditut: greba orokorrak, itxialdiak, manifestazioak, demokraziarako pausoak, herria nolakoa zen… Dokumentalak 80 bat minutuko iraupena du».
Dokumentala herriko irudiak biltzeari ekin ziolako egin ahal izan du. «Bideogintza eta argazkigintza beti gustatu izan zaizkit. Herriko ezagunak bideoak grabatzen ikusten nituen, eta duela hamar-bat urte hori guztia galdu egin zitekeela ikusi nuen. Izan ere, garai bateko formatuek ez dute ezertarako balio. Hala, alkateari herriko bideoak biltzea eta digitalizatzea proposatu nion. Nik bilketa lana egin nuen eta udalak digitalizazioa ordaindu zuen. Bideoak utzi zizkidaten guztiei, originalaz gain, digitalizatua itzuli genien. Horretaz gain, herriarekin lotutako irudi guztiak bereizi eta jaso genituen: festak, sokatirak, aizkora apustuak, 1985eko jubilatuen bazkaria…».
Irudi «zoragarriak» jaso dituztela dio. «Alkate izandako Manuel Urbizu izan zen irudiak grabatu zituen lehenengoetakoa. Super8 bat zuen eta grabatzaile ona zen, gainera. Atxamarrengo Luisen irudiak ere sekulakoak dira: Kontxita Arizkorretaren eta Tomas Intzaren ezkontza grabatu zuen. 1956koa da. Nik dakidala, Zegamako grabazio zaharrena da. Euskadiko Filmategitik lortu nuen. Hori ere duela gutxi bota nuen, jubilatuen egoitzan. Falangistek Juan Telleriari Zegaman egindako omenaldia ere lortu dut. Elgoibarko gizon batek grabatu zuen».
Artolak bildutako bideoen emanaldiek arrakasta handia izan dute. «Herriko historia da. Herri guztietan egin beharko lukete bilketa lan hori. Zegaman asko bildu dugu, baina beste asko galduta zegoen dagoeneko. Digitalizazioari esker, jasotakoa salbatu dugu. Hamar-bat ordu ditugu». ■

