Izotza, neguan bezala udan ere
Mutiloako Izoztegi etxea, udaletxearen aldamenean. Antonio Berasategi
Ez da erraza izaten lehenagoko bizimodua nolakoa izan zen ezagutzea. Toponimia jakintzak ere balio digu lehenagoko aldietara gerturatzeko. Aspaldiko izenak ordukoen bizimodua nolakoa zen jakiteko lagungarri dira.
Eredu aproposa da Izoztegiizena, hori ikusteko. Mutiloako plazan dagoen etxe bat da Izoztegi; Idiazabalen ere izan zen orain dela 100 urte arte beste bat, izen berekoa. Baita guretik kanpo ere: Andoainen, Donostian, Hernanin, Oiartzunen, Usurbilen. Euskal tradizioan izoztegi izena leku bat hotza dela adierazteko eta mendialdeetako elur gune iraunkorrak izendatzeko erabili izan da.
Edonola ere, Mutiloakoa eta gainerakoak beste zerbait erakusteko sortu ziren orain mende batzuk. Orduan, neguan mendian elurra bildu, elur zuloetan sartu eta ondo zanpatzen zuten, izotz bihurtu arte. Gero, bero garaia etortzen zenean, herrira eraman eta izoztegian gordetzen zen, jendeari saltzeko. Izenak ez du misterio handirik: izotz + tegi > izoztegi. Hau da, izotza edukitzeko lekua. Lurrean egindako zulo borobilak izaten ziren, leku ahalik eta laiotzenean, harrizko paretaz inguratuak, bere estalpe eta guzti. Arestian aipatutako leku horietan Izoztegi toponimoa herri barruan edo inguruan dagoela ikusten da; jendeak izotza erosteko lekuak izango ziren, beraz.
Herri jabetzakoak, enkantera
Goialdeetan, berriz, lehengaia biltzeko elur zuloak egoten ziren; Nebera izena erabiltzen zen, batez ere, horiendako. Baina badirudi leku batzuetan deitura hori baliatu zela kontsumo lekuetatik gertu zeuden zuloentzat ere; hori erakusten dute Legazpiko Aizalekukoak eta Urretxuko Larreagakoak; eta Gabirian, Gabirizaar baserrian, 40 metro luzeko nebera dago, harkaitzean zulatua, Gabiriako eta Ormaiztegiko bainuetxeetarako erabili omen zena (dena dela, lehenago ere izango zen zerbait, Serapio Mugicak dioenez, 1673an egina da eta); Ordiziako herrigunean, berriz, izan zen Neberonea, izozgilearen etxea.
Izozgintza prozesuak han-hemen utzitako aztarnak aztertu dituzte J. Rodriguez, A. Martinez eta T. Campos ikerlariek. Azaldu dute Erdi Aroan jauregien eta eliz erakundeen inguruan izan zirela izotza egiteko lekuak; gero XVI., XVII. eta XVIII. mendeetan indar handia hartu zuen izozgintzak.
Izoztegi gehienak herri jabetzakoak izaten ziren. Herriko ostatuko salgaiak bezala (ardoa, adibidez), enkantean jartzen zen negozioa, baten batek ustia zezan. Zabalkundea hiribilduetako eliteek-eta izotza gogoko izan eta kontsumitzen zutelako etorri zen, batik bat.
Harrigarri samarra bada ere, ez zen hainbeste erabili izotza premiarik handieneko gauzetarako (janariak kontserbatzeko edo mediku sendabideetako, adibidez, lehenago baliatu beharko zuketela pentsatuko genuke); estimatuagoa zen edariak (txakolina limoiarekin, esate baterako) freskatzeko eta izozkiak egiteko. Orduan ere izango ziren modak festetan, ospakizunetan eta bainu etxeetan, bai horixe.
XX. mendean, energia elektrikoarekin, izotz fabrikak etorri ziren eta kito izoztegi zaharrak. Galdu ziren betiko haien aztarna eta hitza. Baina toponimoak iraun egin du eta hor daukagu lehenagoko bizimodua zertan zen hobeto ezagutzeko bidea. ■
