Astearteroko bilgune plazaren azpian

Beasaingo Azoka ofizialki asteartez egiten hasi zela 100 urte bete berri dira Kandelaria egunean, otsailaren 2an. Harrezkero apaldu da, eta gaur egungo beharretara egokitu ere bai. Azoka berezia eginez ospatu dute.
Xume, baina efemerideari zor zaion begirunetik ospatu dute Beasainen azokaren mendeurrena. 1926ko otsailaren 2an egin zen aurreneko aldiz, erabaki haren akta ofizialik aurkitu ez bada ere. Kandelaria egunez egin da aurten Azoka lehen, orain eta etorkizunean mahai-ingurua Igartzako jauregian, eta biharamunean, asteartea, aparteko azoka bat Loinazko San Martin plazaren azpian eta haren inguruan. Juantxo Unanua azokako erosle eta herriko berriemaile izanak azokaren historiaz ondutako argitalpen baten aurkezpenak –atzo izan zen– itxi ditu ospakizun ekitaldiak.
Azokaren aurrekariez hitz egiteko 130 urte egin beharra dago atzera. 1895. urteko martxoaren 7ko osoko bilkuran «salmenta modu erosoan» egiteko bi estalpe egitea erabaki zuen udalak. «Udal eraikin berria eginda zegoen, plaza eginda zegoen, eta obra egin zuten plazatik Kale Nagusi aldera. Bi estalpeen artean eskailera batzuk egin zituzten igotzeko», gogoratu du Unanuak. Nicolas Agirre hargin-maisuari agindu zioten obra, eta 1.697 pezetakoa izan zen kostua –gaur egungo 10 euro inguru– «Salmenta librerako toki» bat zen, eta egunero egin zitekeenez, ezin da erreferentziazko data modura hartu. Batez ere, barazkiak eta esnea saltzen zituzten baserritarrek.
Handik 18 urtera, 1913ko maiatzaren 11n, Loinatz jaietan, lehenengo plaza estalia inauguratu zuten, aurrez egindako bi estalpeak eta eskailerak kendu ondoren. «Barrutik eskailera batzuk jarri zituzten, eta jendea hortik ateratzen zen plazara».

Astearteetan egiteko debekua
Hainbat herritarrek asteartero azoka egiteko nahia adierazi ziotela eta, Jose Guridi alkateak osoko bilkura bat deitu zuen 1925eko abenduaren 12an. Handik egun gutxira egin zen, abenduaren 23an, eta Gobernu Ordezkariarekin izandako bileraren berri eman zien korporazioko kideei: «Gobernadoreak esan zion hobe zela azoka astearteetan ez antolatzea, ondoko herrian, Ordizian, asteazkenez egiten zelako».
Beasaingo Udalak bereari eutsi zion, eta 1926ko otsailaren 2an antolatu zuen lehenengoz azoka: «Akta ofizialik ez dut topatu, baina El Pais Vasco egunkariak urtarrilaren 10ean argitaratu zuen kronika batek aipatzen du Beasainen giroa berotzen hasia zela otsailaren 2an azokarekin hasteko». Plaza azpian bertako baserritarrak aritu ziren salmentan, plazan kanpotik etorritako ekoizleak, Bideluze plazan behi azienda zutenak eta Esteban Lasa kaleko ertz batean bestelako azienda zutenak, oiloak eta txerriak bereziki.
Urte bereko apirilaren 8an egindako osoko bilkuran azoka zabaltzeaz hitz egin zuten udal ordezkariek, eta Guillermo Izagirre arkitektoari –udal eraikinaren proiektuaren egileari– agindu zioten Zubimuzu plaza estaltzeko proiektuaren marrazkiak egiteko. Estalpe hori 1927an inauguratu zuten.
Urte hartako irailaren 14an Errege Agindu bat iritsi zen Beasaingo Udalera, esanez 15 kilometroko erradioan ezin zela beste azokarik egin. «Ordiziakoa gertu zegoenez, Beasaingoa bertan behera geratu zen sorrerako moldean, eta larunbatera pasa zuten. Ordiziakoa asteazkenez egiten jarraitu zuten».
Hala egin zen zortzi urtez, harik eta 1935eko azaroaren 27an Vicente Cortesek (merkatarien elkartea), Antonio Sarasolak (nekazarien sindikatua) eta Vicente Iraolak (jabekideen elkartea) udalean idatzi bat erregistratu zuten arte. Udalari eskatu zioten azoka asteartez egiteko atzera, 1935eko urtarrilean onartutako Udal Legearen 102. artikuluak horretarako aukera ematen zuela argudiatuta. Halaxe izatea onartu zuen Udalbatzak abenduaren 11n.
Azokari buruz hitz-aspertuan
Josetxo Mendia (Altzibar baserria, Zegama) eta Maria Luisa Urrestarazu (Ondarre baserria, Arriaran) azokako ekoizleak, Goimen elkarteko Manex Aranburu, Nekazaritza bulegoko Carmen Gimeno eta Unanua bera izan ziren Izaro Iraeta kazetariaren gidaritzapean otsailaren 2ko mahai-inguruan parte hartu zutenak. Saio labur eta arina egin zuten. Urrestarazuk 52 urte daramatza azokara jaisten, eta gogoan du «feria bizi-bizia» zela orduan, eta «oso goiz» etortzen zirela ilara onenean jartzeko.
Geroagokoa da Mendia azokan, eta hasi zenean «motz samarra» zela aitortu arren, gaur egun «plazak daukan harreman zuzena aberasgarri» zaiola nabarmendu du. Udalaren ekimenez ikastetxeekin eta Osakidetzarekin elikadura osasungarriaren egiten ari den lanari balioa eman dio, baina gurasoen parte hartze txikia gutxietsi du.
Aranburuk azokek betetzen duten «funtzio sozialari» erreparatu dio, eta hausnarketa partekatu baten beharra sumatzen du. «Azokak ondare dira. Baserritar ekoizle gehiago behar dugu, eta lanbide duina bihurtu». ■
