Bota eingo dou!
Mikel Iturriotz • Bertsolaria
Elkanoren inguruan atera duten umeentzako pelikula baten harira, konkistatzaileen inguruan hizketan aritu nintzen joan den astean 10 urteko
ikasleekin. Bueltan bueltan, Miguel Lopez de Legazpirenganaino iritsi ginen, eta hark egin zituenez aritu ondoren, gure herriko plazan bere
estatua erraldoia dagoela kontatu nien. Umeak ezin sinistuta gelditu ziren. Amen batean egin zuten salto: «Ba bota eingo dou!», batek. «Bai, sokia jarriko dotzau, o bestela zulo batzuk ein ta hortik botako dou!», beste batek.
Gure herrian eztabaida piztu du Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariaren aurka agertutako pintada batek. Josu Jon: Trumpen morroi, Zumarragarron lotsa. Horixe zioen paretak. Era guztietako erreakzioak izan ziren: udalen aldetik, gaitzespen irmoa gizalegearen aurkako jokabide bandaliko eta antidemokratikoarekiko; herritarren aldetik, denetik. Asko, alde. Beste hainbat, kontra, izan seinalamendu pertsonalen aurka daudelako, izan pintaden aurka daudelako.
Jarraian, eszena bat etorri zait burura. Imajinatu dut 10 urteko ikasleei Josu Jon nor den azalduko bagenie –alegia, zer egiten duen–, azkar asko esango liguketela: «Ba bota eingo dou!». Ze, Lopez de Legazpik ez duela estatua bat merezi ia edonork dio, baina itxura guztien arabera, gure herrikidea da haren bertsio modernoa. Eta, bitartean, estatua bizidunak gu: pintadaren aurrean geldi, eta harrituta.
Zer pentsatua eman dit, eta ez daukat argi zein den batek ondo eta gaizki dagoena ezberdintzeari uzten dion adina. Begiak itxi eta Belen Gopeguiren Deseo de ser punk eleberriko Martina ikusten dut, ulertzen ez duen mundu batean kokatzeko kode etiko irmo bat darabilen 16 urteko nerabea, pintadari begira, haserre, honakoa pentsatzen: antidemokratikoa pintada honen aurka egotea da. ■
