Danbor kontuak
Mikel Sarriegi • Dantzaria
Kontatu izan digute Euskal Herrian egiten diren sansebastianetako danborrada jaiak inauteriko eta neguko zikloko ospakizunen
adierazpide bat direla.
Kontatu didate, sarritan dotoretasunean eta elegantzian oinarritzen diren festa horietan, estetika- eta musika-arauekin oso zorrotzak ez diren konpainia batzuek ere parte hartzen dutela zenbaitetan, bat-batekotasunez eta apaintasunari halako garrantzirik eman gabe. Eta ez direla askotan ongi ikusiak izaten.
Kontatu zidaten, orain urte batzuk, konpainia dotore horietako baten aurrean festa giroan baboarena egiten aritu zen atzerritar bat lintxatzeko zorian ere izan zirela.
Kontatu izan didate, baina, aldi berean, proportzio bateko kaosik gabe ez dagoela ez inauteririk eta ez festarik, jaiak beti direla ordenaren eta kaosaren arteko jokoa: kaosa gailentzen bada, muga arriskutsuak gainditzeko arriskua dago; baina kaosa ezabatzen bada, jaiak berak indarra galtzen du eta desagertu egiten da.
Eta, portzierto, kontatu didate hegemonikoa den kirol bateko kirolariak protagonismoa jaten hasi zaizkiola festa guneari gure hiriburuko balkoian… halako kirol balentriatxoren bat egin izana aitzakia. Eta populuak goratu egin dituela festaren (?) heroiak, eta kirol horri lotutako jokabideak eta miseriak agerrarazi.
Ez didate kontatu, baina, gizonezko kirolariak bakarrik izan direla, nahiz eta emakumeek balentria handiagoak eginak zituzten. Eta populua isilik egon dela edota ez dela enteratu, eta enteratzen.
Eskerrak oraindik ere norbaitek kontatzen dizkidan. ■
