0220
Egoitz Iztueta Sukia • Irakaslea
Screenshot
Matematika zenbakiak baino askoz gehiago da. Edozein esparrutan eta unetan topatu edo talka egiten dugu. Ez gara gaur mundu dibertigarri mugagabe horretan murgilduko erabat, ate sarreran geratuko gara badaezpada ere. Sartzea erraza da, aldiz, irtetea ezinezkoa. Harrapatzen zaitu. Bete-betean. Gaurkoan zenbakiekin jolasean arituko gara.
Errazenetatik hasiko gara. Zenbaki lehena. Bi zatitzaile bakarrik dituen zenbakia, 1 eta bere burua. Adibidez: 13. Zenbaki konposatua. Bi zatitzaile baino gehiago dituen zenbakia. 16.
Smith zenbakiak. Zenbaki konposatuak dira, non zifren batura bere faktore lehenen zifren batura totalaren berdina den. Adibidez, 4933. 4 + 9 + 3 + 3 = 19 eta 4933 = 13 x 379, 1 + 3 + 3 + 7 + 9 = 19
Zenbaki lagunak. Zenbaki bakoitzaren zatitzaile propioen batura bigarren zenbakia da, eta alderantziz. Adibidez, 220 eta 284 zenbaki lagunak dira: 220 zenbakiaren zatitzaile propioak 1, 2, 4, 5, 10, 11, 20, 22, 44, 55 eta 110 dira eta horien batura 284 da. 284 zenbakiaren zatitzaile propioak 1, 2, 4 71 eta 142 dira eta horien batura 220 da.
Zenbaki perfektuak. Bere buruaren zenbaki laguna den zenbakia. Adibidez: 6. 6ren zatitzaile propioak: 1, 2 eta 3 dira. Horiek batuz, 1 + 2 + 3 = 6 da.
Kaprekar zenbakiak. Zenbaki oso (hamartarrik gabe) positiboak dira. Beraien karratua, bi zatitan banatuta (ezker eta eskuin) eta batuta jatorrizko zenbakia lortzen da. 9, 9² = 81 da. 8 + 1 = 9 / 45, 45² = 2025, 20 + 25 = 45 / 55, 55² = 3025, 30 + 25 = 55 / 99, 99² = 9801, 98 + 01 = 99
Zenbaki Narzisistak edo Amstrong-en zenbakiak. Zenbakiaren zifrak zifra kopuruarekin berretu ondoren lortzen den batura zenbakiaren berdina lortzen denean. Adibidez: 153 zenbaki Narzisista da. 3 zifra ditu, beraz berretzailea 3 izango da. 1³ + 5³ + 3³ = 1 + 125 + 27 = 153 da.
Zenbaki kapikua edo palindromoa. Aurrerantz eta atzerantz berdin irakurtzen den zenbakia. Zifra bateko zenbakia beti kapikua da. Bi zifrazko zenbakiak bi zifra berdinak direnean dira. Hemen dituzue adibide batzuek: 11, 121, 1331, 5005, 12321…
Sarreratxo bat besterik ez da izan matematikaren mundu misteriotsuan. Gustatu bazaizue ausartuko naiz etxeko lan txiki bat jartzen. Ez da zaila izango, ez larritu. Lasai. Ez dut eta hurrengoan zerrenda pasako zeinek egin duen etxeko lana edo ez. Gaur, adibidez, kapikua eguna da. Otsailaren 20. 0220. Asmatuko zenukete hurrengo kapikua eguna noiz izango den? ■
