«Egunero hobetu nahi izateak motibatzen nau egun zailenetan»
Atletismoan etorkizun oparoa duen gaztea da Ane Barandiaran (Lazkao, 2008). 2022an hasi zen atletismoan, eta harrezkero lorpen garrantzitsuak pilatu ditu. Iaz, Ordiziako Kirol Sarietan aitortza jaso zuen, denboraldi osoan lortutako merituei esker. Horien artean, nabarmentzekoa da Espainiako Txapelketan 6. postua lortu izana 18 urtez azpikoen mailako 1.500 metroko proban, baita Euskadiko errekorra ere 4×400 metroko erreleboetan. Gainera, Euskadiko selekzioarekin ere lehiatu zen, 2024-2025 denboraldian.
Noiz hasi zinen atletismoan?
Atletismoan 2022ko urtarrilean hasi nintzen, Ordiziako Txindoki atletismo taldean.
Zein probatan aritzen zara?
Distantzia luzeetan eta ertainetan ibiltzen naiz, hau da, 3.000, 1.500 eta 800 metroetan. Horietatik gehien gozatzen dudan proba 1.500 metroena da.
Zer ematen dizu atletismoak?
Betidanik gustatu izan zait korrika egitea, eta horrek plazera eta askatasuna ematen dizkit.
Beste kirol bat aukeratu beharko bazenu, zein aukeratuko zenuke?
Denboralditik kanpo txirrinduan eta mendian ibiltzea gustatzen zait. Beraz, bi horietako edozein.
Zein dira zure kirol arloko helburuak?
Nire markak hobetzen joatea dut helburu nagusitzat, eta txapelketa handiren batean emaitza onak lortzea.
Erreferenterik ba al duzu?
Atletismoan Marta Garcia eta Jakob Ingebrigtsen aipatuko nituzke. Trail munduan, berriz, Lide Urrestarazu, Malen Osa, Sara Alonso, eta Kilian Jornet.
Zerk motibatzen zaitu egun zailenetan entrenatzen jarraitzeko?
Egunero hobetu nahi izateak motibatzen nau, batez ere.
Fisikoa lantzeaz gain, nola entrenatzen duzu burua?
Burua lantzea dut erronka nagusienetako bat; azken hilabeteetan lasterketei aurre egitea kosta egin zait.
Zein izan da egin duzun lasterketarik gogoangarriena?
Iazko Espainiako Txapelketako finalaurrekoan eta finalean asko gozatu nuen.
Korrikak nola eragin du zure izaeran eta bizimoduan?
Kirol honek irakaspen ugari eman dizkit. Alde batetik, egunerokoan ordena eta diziplina izaten irakatsi dit; bestetik, eguneroko lanak emaitzak ematen dituela erakutsi dit.
Etorkizunean zer ikasi nahi duzu?
Orain Batxilergoko bigarren maila egiten ari naiz. Oraindik zer ikasi garbi ez dudan arren, Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza, eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien graduetan interesa dut.
Zein beste zaletasun dituzu?
Kirolaz gain, familian eta lagun artean egotea gustuko dut.
Nolakoa da zure egun arrunt bat?
Astean zehar, goiza ikastolan pasatzen dut. Arratsaldean, berriz, entrenamenduak izaten ditut, eta ikasteko tartea ere hartzen dut. Asteburuetan, entrenatzeaz gain, lasterketak izaten ditut, eta bestela, lagunekin eta familiarekin egoten naiz.
Nola uztartu kirola, ikastea eta aisia?
Hirurak uztartu arren, denbora gutxien bizitza sozialari eskaintzen diot.
Nahi baino gutxiago egoten naiz lagunekin. ■
