«Gabonetan nire alabaren bataioko bideoa oparitu didate»
Ana Telleria. // Argazkilaria: Asier Zaldua.
Ana Telleria Zubeldia (Ezkio, 1968) Arane baserrian jaio zen. Urretxu-Zumarragan egin zituen oinarrizko ikasketak, lehenengo mojetan eta ondoren Joxe Mari Iparragirre Institutuan. Donostian administrazioa ikasi zuen eta Idiakezen tailerrean lan egin zuen, Arane baserriaren parean. Arratsaldeetan Arantzazu jatetxean lan egiten zuen. Bere amak ere Beasain-Zumarraga errepide ondoan, Eitzaga barrenean zegoen jatetxe ospetsu hartan lan egin zuen. Urretxuko BM supermerkatuko urdaitegian ere ibili zen, eta 1999tik familiaren Ezpeleta Elektrizitatea dendan lan egiten du. Dendaz eta tailerreko administrazio zereginez arduratzen da. Gustuko lana du.
Zer zaletasun dituzu?
Mendira joatea, baina oso gutxitan joan ahal izaten naiz. Gimnasiara astean hiru aldiz joaten naiz.
Mendi bat.
Aranen bizi nintzenean, Kizkitzara astero joaten nintzen. Izazpira behin bakarrik joan naiz… eta Zumarragatik, gainera!
Pelikula edo telesail bat.
Dagoena ikusten dut, ez naiz oso zinemazalea.
Liburu bat.
Maria Dueñas idazlearen Por si un dia volvemos.
Musika talde edo abeslari bat.
Ez naiz oso musika zalea.
Abesti bat.
Xalbadorren heriotzean eta Txoria txori asko gustatzen zaizkit.
Oporretarako leku bat.
Asturias. Itsasoa eta mendia elkartzen diren tokia.
Zer gosaltzen duzu?
Bi kiwi, ogi txigortua olioarekin eta kafea.
Kolore bat.
Beixa.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Nire lehengusua gaixo jarri zen eguna.
Jaso duzun opari bereziena.
Gabonetan nire alabaren bataioko bideoa oparitu didate. Koinatak berreskuratu du.
Amets bat.
Lasai bizitzea, arazorik gabe.
Bizitzako plazer txiki bat.
Bazkari goxo bat. Eta lagunekin kafea hartzea.
Goierriko txoko bat.
Kizkitza.
Urretxun biziko ez bazina…
Ezkion. ■
