Herritarrek maite zuten trena
Urolako Trena, kostaldetik gertu. // Argazkilaria: Sabino Legarda-Ereño. Zumarraga eta Zumaia lotzen zituen trena oso modernoa izan zen hasieran (Estatuko lehen tren elektrikoa izan zen), baina ez zuten modernizatu eta atzenerako oso zaharkitua zegoen. Horrek xarma ematen zion, ordea. Gainera, ibilbidea ere oso berezia zuen. Hala, Urolaren bailarako bizilagunek sinbolo bihurtu zuten. ‘Gure trena’ deitzen zioten. Maite zuten. Tren maitatuena, inoiz beste tren maitaturik izan bada. 40 urte pasa dira ia azken bidaia egin zuenetik eta ezagutu zutenek bihotzean daramate oraindik. Urretxuko taberna batek Gure Trena izena du eta Ipeñarrieta kalean trenaren omenezko mural bat margotu zuten. Urretxuko eta Zumarragako bizilagun talde batek, berriz, haren oroimenez maratoi erdia antolatu du iganderako. Eta Mikel Imaz urretxuarrak trena protagonista duen liburua idatzi du.
Urolako Trena duela 100 urte inauguratu zuten, baina trena egiteko asmoa zaharragoa da. Zumarraga eta Zumaia artean trenbidea eraikitzeko lehen proiektua Pablo de Alzola ingeniariak aurkeztu zuen 1887an. Baina proiektu hori ez zen aurrera atera. Ezta ondorengoak ere. Gipuzkoako Foru Aldundiak, ekimen pribatua trenbidearen eraikuntzan parte hartzeko prest ez zegoela ikusirik, berak egitea erabaki zuen.
Hasieran asmoa 1924an inauguratzea zen, baina proiektuan egindako aldaketen ondorioz (linea elektrifikatzea, adibidez), lanak 1926an amaitu ziren. Inaugurazio ekitaldia 1926ko otsailaren 22an izan zen eta Espainiako errege Alfonso XIII.ak parte hartu zuen.
Trenari berari dagokionez, aldundiak zazpi automotore erosi zizkion Siemens enpresa alemaniarrari. Bidaiari kotxeak, berriz, CAFi erosi zizkion. Aldundiak hiru motatako 21 bidaiari kotxe erosi zituen. Horietako 14 estatuko trenbideetan ibili ziren metalezko lehenengoak izan ziren. Merkantzien zerbitzua egiteko hiru automotore eta 80 bagoi erosi zituzten.
Bailarari zerbitzu bikaina eskaintzen bazion ere, Urolako Trena ez zen inoiz negozio ona izan Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat: zazpi urtetan soilik eman zituen irabaziak. Merkantzien garraioa oinarrizkoa izan zen Azpeitiko, Azkoitiko, Zumarragako eta Legazpiko industriaren garapenerako, Zumaiako portua haien produktuentzako irteera bikaina baitzen. Baita ikatza ekartzeko toki bikaina ere. Baina 1960ko hamarkadaren amaieran errepideak trenbideari aurre hartu zion merkantzien garraioan. Hori dela eta, Urolako trenaren galerak handitu egin ziren eta inbertsio gabezia kronikoaren ondorioz linea zaharkitu egin zen.
1985ean aldundiak Eusko Jaurlaritzaren esku utzi zuen Urolako trenbidea, eta tren zerbitzuaren ordez autobus zerbitzua ezartzea erabaki zuen hark. Urola bailarako udalak eta bizilagunak aurka azaldu ziren eta manifestazioak egin zituzten. Urolako trenean interbentore zen Iñaki Galdona urretxuarrak gose greba egin zuen, baina ez zuten lortu jaurlaritzak herritarren nahia aintzat hartzea.
Azken bidaia
Trenak 1986ko uztailaren 14an egin zuen azken bidaia. Gaur egun, Urolako trenbidearen zati handi bat bidegorria da, eta aldundiak Zumaiaraino luzatzeko asmoa du. Geltokiek, berriz, erabilera ezberdinak dituzte. Urretxukoa gaztetxe bilakatu da eta Zumarragakoa berritu egingo dute, gizarte arloko gaietarako erabiltzeko. Datorren urtean irekiko dute.
40 urte pasa dira ia trenak bere azken bidaia egin zuenetik, baina Urola bailarako bizilagunek ez dute ahaztu. Urola ibaiaren ondotik, haran berde eta itxi batean hasieran, Izarraitzen begiradapean ondoren, itsasoraino.
Trenaren xarmaz eta ibilbide magiko horretaz gozatu zutenetariko bi Iñaki Galdona urretxuarra eta Sabino Legarda-Ereño legazpiarra dira. Galdonak Urolako Trenean lan egin zuen, eta gose greba egin zuen trena ixtearen aurka. Legarda-Ereñori asko gustatzen zitzaion Urolako Trena eta makina bat argazki atera zizkion. Emanaldi-hitzaldiak egiten dituzte elkarrekin, zaharrek trena ahaztu ez dezaten eta gazteek Urola bailaran tren liluragarri bat izan zela jakin dezaten.
Bailarako bizilagunak, Xabier Lete Kultura diputatua zenean aldundiak antolatu zuen musika jaialdi batean. // Argazkilaria: Sabino Legarda-Ereño.
Aita, makinista
Galdona geltokien auzoan jaio zen. «Aitak Urolako Trenean lan egin zuen, lehenengo Azpeitian trenak konpontzen, eta ondoren makinista izan zen. Hala, bi anaiok umetatik edozein egunetan Zumaiara joaten ginen, bere ondoan. Tarteka, gidatzen uzten zigun, nola egin berak esanda. Beste garai batzuk ziren…».
Handik urte batzuetara, Galdona bera trenean hasi zen lanean: aitak trena gidatu, eta berak bidaiariei txartelak eskatzen zizkien. «Ikastetxeari gorrotoa nion, eta 16-17 urterekin lanean hasi nintzen; hasieran Zumarragako geltokian laguntzen, eta ondoren trenetan. Ehun-bat langile ginen».
Oroitzapen politak ditu. «Urolako Trena erabili zuten gehienek oroitzapen polita dute. Aberastasun iturri ere izan zen. Auzoan hiru burdinbide eduki genituen! Eta laugarren burdinbidea 10 kilometrora, Bergaran, Vasco-Navarro. Gipuzkoa Europa mailan burdinbide eta tranbia gehien zituen lurraldea zen, Belgikaren ondoren».
Urolako Trenaren azken urteetan, hondartzara joateko erabiltzen zuen jendeak, batez ere. «Langileek eta ikasleek ere erabiltzen zuten. Zamak garraiatzeko ere erabiltzen zen».
Trena ixtera zihoazela jakin zenean, Urola bailarako herritarrak kalera atera ziren. «Protesta handiak egin ziren. Aldarrikapena oso zabala eta alaia izan zen. Alkateek ere parte hartu zuten. Herritar gehienek tren hori nahi zuten», gogoratu du Legarda-Ereñok. «Herri guztietan egin ziren manifestazioak. Urretxun eta Zumarragan bizpahiru egin ziren. Herritar gehienak trenaren alde, eta jeltzaleak aurka. Hiru urteko borroka izan zen, 1985etik 1988ra. Urolako Trenaren aldeko borroka egunkarietan, aldizkarietan, telebistan eta irratietan atera zen. Eztabaida luzea eta polita izan zen. Toki gutxitan borrokatuko zuten horrenbeste tren baten alde», gehitu du Galdonak.
Galdonak lana gogoko zuen eta trena maite zuen. Hori dela eta, itxieraren aurkako gose greba egin zuen. «Jeltzaleek ixteko erabakia hartu zuten, baina hauteskunde garaian herritarrentzat beharrezkoa zela eta bere osotasunean berrituko zuela esan zuten. Trenbidea berritzen ibili ziren, baina hauteskundeen ondoren lanak gelditu zituzten. 1988ko otsailaren 2an, Urolako burdinbidea, Gure Trena, ixtea lortu zuten. Bi arrazoirengatik egin nuen gose greba: trena kendu zigutelako eta jeltzaleek gezurra, ustelkeria eta maltzurkeria erabili zituztelako. Hauteskunde garaian ona zen eta hauteskundeen ondoren kaltegarria?».
Galdona oso minduta dago jaurlaritzarekin. «Trena gipuzkoarron zergekin ordaindu genuen: aldundiak eraiki zuen eta 60 urtean eduki genuen. 1980 inguruan, burdinbideak Eusko Jaurlaritzari ematea eta errepideak aldundiari ematea erabaki zen. Hala, aldundiak Urolako burdinbidea jaurlaritzari oparitu zion. 1985ean, abertzaleak direla esaten duten jeltzaleek, Gure Trena ixtea eta Bizkaian metroa egitea erabaki zuten. Jeltzaleek beti bezala jarraitzen dute: Gipuzkoan kendu eta Bizkaian ipini. Gaur egun, metroaren bosgarren lerroa eraikitzen ari dira eta ondoren laugarrena eraikiko dute. Bizkaiko herri batzuetan metroa eskatzen dutelako, eraikitzen jarraitzen dute. Eta guk, Gure Trenaren ordez, Arzalluzen eta Ardantzaren autobusak ditugu oraindik».
Gazte bat, bagooi bateko leihotik begira. // Argazkilaria: Sabino Legarda-Ereño.
Gose greba
Galdonak 26 egin zituen gose greban, 1988 hasieran, Urretxuko udaletxean. Orduan ezagutu zuten elkar Legarda-Ereñok eta biek. «Trenaren diapositiba asko neuzkan, eta emanaldi bat egiteko eskatu zidaten. Han ezagutu nituen Iñaki eta bere ama. Iñakiren ama dotorea eta jakintsua zen. Semearen borroka ulertu zuen. Nola babestu zuen Iñaki bere amak!», gogoratu du Legarda-Ereñok.
Legazpiarra da Legarda-Ereño, trena pasatzen ez zen herrikoa, baina Zestoan familia du eta hori zen trena askotan hartzeko arrazoi bat. «Nire amama zestoarra zen, Baltzola baserrikoa: Maria Larrañaga. 102 urterekin hil zen. Trenari argazkiak atera nizkion, trenak merezi zuelako, baina baita nire familiaren omenez ere. Izeba Miren, izeba Itziar, izeba Begoña, izeba Edurne, izeba Feli, osaba Josu, osaba Julen… Oso jende jatorra zen, oso irekia. Harreman ona eta estua izan nuen beraiekin. Jende langilea eta eskuzabala zen. Elkarrizketa honen bitartez, jasotako maitasuna eskertu nahi dut».
Bere argazkietan, treneko langileak ere ageri dira. Izan ere, trenak berak, langileek eta ibilbideko herrietako bizilagunek osatzen zuten Urolako Trena. Trenaren bidez, Legarda-Ereñok lagunak ere egin zituen. «Aitube makinistari omenaldia egin nion, La Salle-Legazpi ikastetxeko aretoan emanaldi bat eginda. Aituberen oso oroitzapen onak ditut. Eguerdian harekin joaten nintzen trenean. Zumaiara heltzen zenean, kafea hartu eta purua erretzen zuen. Oso harreman estua izan genuen. Oso pertsona jatorra eta dotorea zen. Argazkiak ateratzeko erraztasunak eman zizkidan».
Trena txikia, xumea, zaharra, umila, motela zen. Maitagarria. Horri guztiari esker, langileek eta erabiltzaileek familia txiki bat osatzen zuten. «Gure Trena bezala ezagutzen zen», gogoratu du Galdonak. Legarda-Ereñok magikoa eta mistikoa zela gehitu du. «Geltokiak, ura, mendiak, Izarraitz, nola elkartzen diren harkaitza eta itsasoa… Oso bailara polita da, magikoa, mistikoa, ipuinetakoa. Itzurunek orain hartu du izena, baina hor egon da beti. Dena zen magikoa, baita trena ere. Bidaia poliki eta lasai egiteko eta paisaiaz gozatzeko aukera ematen zuen: baserriak, Loiola leku sakratua… Zumaia oso gogoko dut. Garai hartan Itzurun ez zen gaur egun bezain ezaguna. Ni izango nintzen Itzurungo argazkiak ateratzen zituen bakarretakoa. Bi urte pasatu nuen argazkiak ateratzen, 1980an eta 1981ean».
Trena kendu zuten, baina ez dute ahaztu. Eta trenaren inguruan egindako harremanek bizirik diraute. Galdonaren eta Legarda-Ereñoren arteko adiskidetasunak, adibidez. «Astean behin elkartzen gara, kafe bat hartzeko. Lagun bat irabazi nuen, baina trena itxi zenean oso triste gelditu nintzen». Galdonak, penaz gainezka, lanean trenean jarraitu zuen, Hendaia eta Bilbo artekoan. «Lana etxe ondoan edukitzetik, Zumaiara edo Donostiara joan behar izatera pasatu nintzen».
Emanaldiak
Ia 40 urte joan dira ordutik, baina ez dute Urolako Trena ahaztu: bidegorrian paseatzen dute, eta emanaldiak egiten dituzte. «Legazpin bi emanaldi egin ditugu, eta Zumarragan, Urretxun, Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan ere izan gara. Zumaia falta zaigu, baina han ere egingo dugu», azaldu du Galdonak.
Toki guztietan, Galdonak trenaren itxiera salatzen eta trenbidearen aldeko mezua zabaltzen du. Lotsagarria iruditzen zaio Europako tren egile handienetako bat (CAF) duen herrialdean, autoaren aldeko apustua egitea. «Urolako burdinbidearen alde borrokatzen ibili ginenean, CAFen lan gutxi zuten. Langileak etxera bidaltzen aritu ziren. Enpresa oso gutxigatik ez zen itxi. Gaur egun, trenak mundu osorako egiten dituzte. Urolako Trena berritzeko 1.000 milioi pezeta behar ziren. Garai hartan Azkoitia-Elgoibar errepide berria egin zen. 5.000 milioi pezeta ordaindu genuen, bost aldiz gehiago. Errepide horretan ezbehar eta heriotza gehiegi ari dira gertatzen. Auto gehiago erosteko, abiadura handiagoan joateko eta ezbehar eta heriotza gehiago gertatzeko, hemendik Azkoitiara doan errepidea handitzen jarraitzen dute. Politikoak orain hasi dira kutsaduraren aurkako neurriak hartzen, Europako Batasunak aginduta. Auto zaharrei Donostiako erdigunera sartzea debekatu diete. Baina kutsadurak sortutako arazoak urtetik urtera larriagoak izango dira», salatu du Galdonak.
Oso kritikoa da jaurlaritzaren trenbide politikarekin. «40 urte inguru dira jaurlaritzak burdinbideen eskumena duela. Urolako burdinbidea itxi zuten, eta Hendaia-Bilbo burdinbidean trenaren abiadura 30-40-50 kilometro ordukoa da. Gainera, trenbide bakarra du, eta zuhaitzak trenbidera erortzen dira. Taldeko garraioaren eta burdinbidearen alde jarraitzen dut, lehentasuna gizakiari eman behar zaiolako eta ez beribilari». Urtero txosten bat bidaltzen du hamaika erakundetara: Legazpi, Urretxu, Zumarraga, Azkoitia, Azpeitia, Zestoa, Zumaia eta Donostiako udaletara, ahaldun nagusiari, Euskotreneko lehendakariari eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariari.
