«Mistoaren figurak zubi lana egiten du profesional izateko»
Joseba Andueza Idigoras. // Argazkilaria: Tere Madinabeitia. Baserritar misto profesionala bihurtuta dago Joseba Andueza Idigoras (Legazpi, 1982), iaz Gipuzkoako Foru Aldundiak lehen sektoreko belaunaldien arteko errelebo faltari aurre egiteko helburuz martxan jarritako programa bati esker. Ekainean hasi zen, eta sei hilabetetik gora egin ditu dagoeneko lantokian lanaldiaren erdia eginez eta beste erdia baserriari eskainiz. Gustura dago hartu zuen erabakiarekin, eta programa bost urte eta erdi barru amaitzen denerako, baserritar erabat profesional izateko zenbakiak aterata ditu.
Zer da baserritar misto profesionala?
Lanaldi erdia baserrian egitea eta beste erdia lantokian egitea da. Nire kasuan, baserria nire betiko etxea da, Brinkolako Agirrezabal, eta lantokia, Oñatiko Natra.
Eta nola gauzatzen duzu zuk lanaldiaren banaketa hori?
Akordio batera iritsi nintzen enpresarekin, eta urtean egin beharreko ordu guztiak erdira murriztu nituen. Orain, aste batean zortzi orduko lanaldia egiten dut, eta bestea jai izaten dut, baserriari dedikatzeko.

Nolatan hartu zenuen erabaki hori?
Baserrian jaiotakoa eta hazitakoa naiz, betidanik ezagutu dut, eta beti gustatu izan zait. Behiak izan ditugu beti, bi-hiru etxerako, eta ardi batzuk ere bai aitak. Eta ardiak kentzea pentsatu zuenean, 2019an, baserriaren ardura edo erreleboa hartzea erabaki nuen. Baina ardiak gehiegi gustatzen ez zaizkidanez, behiekin hastea pentsatu nuen. Hala, 202oan jarri nituen lehenengo behiak, eta baserriaren martxa hartu nuen. Iaz jakin nuen Diputazioaren programa horren berri komunikabideen eta sare sozialen bidez, eta baserritar profesional mistoaren figura erakargarria iruditu zitzaidanez, informazio bileretara joan eta probatu egin behar nuela erabaki nuen.
Nolakoa zen zuen baserria, zure kargu hartu aurretik?
Bi behi genituen, etxerako esnea ematen zutenak, eta 30 ardi inguru, Gipuzkoako baserri txiki askotan bezala. Aitak fabrikan egiten zuen lan, eta fabrikatik kanpoko orduetan, baserrian, guztion laguntzarekin. Bere diru sarrera fabrika izan da beti.
Zeurea ere bai, orain arte.
Bai. Ni Oñatiko Natra lantegian nabil aspalditik, eta, iaz arte, hori izan da nire diru iturri nagusia. Orain, lana baserriarekin partekatzeko aukera daukat, eta soldata erdia irabazten badut ere, baserritik ateratzen dudanarekin eta aldundiak programa honetan parte hartzeagatik ematen didanarekin osatzen dut soldata. Lehengoaren pare geratu naiz, gutxi gora-behera.
Nondik duzu baserriko diru iturria?
Behiengandik. Baserriaren martxa hartu nuenean, Angus arrazako behiak jarri nituen. Eskoziako arraza bat da, hemen ondo moldatzen dena. Behiek ez daukate adarrik, eta maneiurako oso mantsoak dira. Neguan kanpoan edukitzeko ere arraza indartsua da, ondo eusten dio hemengo eguraldiari. Horregatik aukeratu nituen. Haragitarako abereak dira, baina nik bizitarako saltzeko hazten ditut. Genetika lantzen dut, eta kanpotik ekarritako haziarekin intseminatzen ditut behiak. Gero, txahalak hazten ditut, bizirik saltzeko.
Zenbat abelburu dituzu?
Oraintxe hamabi behi ditut, eta hainbat txahal. Sei hilabete betetzen dituztenean salduko ditut.
Zer lan ematen dizu ganadu horrek?
Negu partean, egunero ematen diet jaten, baserri ondoan eginda daukadan pabiloian eta mendian. Kanpoan egoten dira beti, baina 07:00ak inguruan etxe aldera etortzen dira, belarra jatera. Bi ordu egin eta gero, berriz joaten dira mendira, eta gaua kanpoan pasatzen dute. Mendian lastoa jartzen diet, hor ere jatekoa izan dezaten. Uda partean zelaietan uzten ditut. Lan gutxiago izaten da udan alde horretatik, baina aldi berean gehiago ere bai, negurako belarra prestatu behar delako. Etxeko zelaiak eta inguruko baserrietako zelaiak erabiltzen ditut, behiak edukitzeko eta belarra jasotzeko.
Nola egiten duzu hori guztia lantegian ari zaren asteetan?
Erreleboaren arabera, goizago jaikita, edo bezperan egiten dut. Baina, zorionez, ondoan bizi diren gurasoek asko laguntzen didate. Dena dela, ondo antolatuta daukat guztia, eta lan pisutsuenak lantegian libre dudan astean egiten ditut. Egia esan, ondo uztartzen dut guztia.
Bizi al daiteke honetatik?
Probetan nabil orain. Honetatik erabat bizitzea zaila dela iruditzen zait, baina hasteko pauso bat eman dut behintzat aldundiaren programari esker. Dena uzteak eta buru-belarri sartzeak beldurra ematen du, baina horrekin ziurtatuta duzu diru-iturri finkoa, eta hori abantaila handia da proba egiteko garaian.
Noiz arte ibiliko zara bietara?
Programa hau sei urterako da. Gero erabaki beharko dut utzi eta lantegira itzuli, edo baserrian jarraitu. Baina jarraitzekotan, ez dut diru laguntzarik izango.
Nolako jarrera izan du lantegiak zure erabakiaren gainean?
Hasieran ez zuten ondo ikusi, baina aldundiaren bitartekaritzarekin, baiezkoa eman zidaten. Enpresak ere diru laguntza bat jasotzen du nik lanaldi erdia baserriari eman ahal izateko.
Ondo moldatzen al zara aste bat lantegian eta bestea baserrian eginda?
Bai. Enpresak nahiko malgutasun ere eman dit, eta uda garaian, adibidez, lan gehien dagoen garaia delako, bi aste jarraian hartzeko aukera badut, gero beste garai batean konpentsatzen badut. Alderantziz ere bai, lankide bat bajan baldin badago, adibidez, ni haren ordez joateko prest nago. Azkenean oso ondo konpondu gara.
Eta etxean, nola daramate?
Gustura daude, gustura gaude denak, etxekoak eta ondo-ondoan bizi diren gurasoak, batez ere aita. Guztiek animatu egin ninduten, ez zelako lana uztea eta kito. Diru iturria bermatuta daukat, eta ez da gutxi! Bi semeak ere ondoan izaten ditut askotan; oso txikiak dira, baina gustatzen zaie mundu hau, batez ere makinak tartean badaude. Pozgarria da hori.
Zazpi hilabete besterik ez dituzu egin.
Iazko ekainean hasi nintzen, eta orain arte oso gustura nago, oso balorazio ona egiten dut.
Zer plan duzu etorkizunerako?
Printzipioz, ustiaketa handitzeko asmoa daukat. Programa honetan parte hartu ahal izateko, baserriko negozioaren bideragarritasun plan bat egin nuen, eta horren arabera beste lau behi gehiago jarri beharko nituzke hortik soldata erdia atera ahal izateko. Hau da, baserritik ehuneko ehun bizi ahal izateko, 32 behi beharko nituzke, eta terreno asko, noski. Zenbakiak horiek dira, eta ikusiko dugu nola dagoen gauza hemendik urte batzuetara.
Bitartean, animatzen al duzu jendea baserritar misto profesional izatera?
Dudarik gabe. Figura honek zubi lana egiten du erabat profesional bihurtu nahi duten horientzat. ■
