‘Gerezi-denbora’
Irati Goikoetxea • Idazlea
Screenshot
Honela hasten da Gerezi-denbora eleberri ederreko kapitulu bat: «Oso zaila zen Bartzelonan amodioa egitea». Hori idatzi du Lara Moreno idazleak Gerezi-denbora liburuaren hitzaurrearen lehen esaldian, eleberriko kapituluetako bat «Oso zaila zen Bartzelonan amodioa egitea» esanez hasten dela. Eta ni harrapatu egin nau. Eleberriaren hitzaurreak. Ez dakit irakurle txarraren ajea ote den, baina zintzo aitortu nahi dizuet: inoiz salto eta pasa egin diot hitzaurreren bati. Edo irakurtzen hasi eta ez bukatu. Oraingoan lehenengo hitzetik heldu diot. Eta azken hitzeraino. Eta harrapatu egin nau. Pentsa nola, oraindik ez naiz eleberria irakurtzen hasi. Baina bi aldiz irakurri dut hitzaurrea eta oraindik irakurri ez dudan eleberria zuei gomendatzeko indarra eta ziurtasuna bildu dut; hitzaurrea osorik irakur dezazuen eta oraindik irakurri ez dudan baina oso ederra sumatzen dudan eleberriari hel diezaiozuen. Lehen ere egina naiz halakorik, zuei irakurri ez dudan eleberri bat gomendatu. Aurrekoan Lete Lete izateagatik, oraingoan hitzaurrearengatik.
«Argi eta garbi, izugarri handia eta samingarria da gure herrialdeak gauza garrantzitsuak ahazteko duen gaitasuna», dio aurrerago Larak. Gerezi-denbora eleberriaren idazleaz ari da, Montserrat Roig idazleaz. «Duela urte batzuk nik ez nekien nor zen Montserrat Roig –orain, pentsaezina iruditzen zait–», aipatzen du. Eta hauxe, idazle bat bere eleberriaren bidez ezagutzeko sortu zaidan irrika. Nigan behintzat ahaztua izan ez dadin. Gerezi-denbora… Amaia Apalauzarena da itzulpena. Euskarazko argitalpena Consonni argitaletxearena. Eta gaur bertan eleberriarekin hasteko irrika, nirea. Nahi baduzu, irakurle, elkarrekin egin diezaiokegu hozka. Hori bai, ez egin salto eta pasa hitzaurreari. Mesedez. ■
