Ikea
Screenshot
Miriam Inza • Artista eta ikertzailea
Mutiko gazte bat, 17 bat urtekoa edo, ikusi dut bere amarekin. Amak esan dio sukaldean aritzeko espatula horietako bat edo bi beharko dituela. Mutikoak bi hartu ditu, aurpegian ikusten zaion arren oraindik ez dakiela zertarako erabiliko dituen. Kristalezko eta plastikozko tuperrak, zartagin bat, trapu batzuk eta olioa gordetzeko metalezko ontzi horietako bat hartu dituzte. Etxera bueltatutakoan, amak errezeta-liburua atera eta, fakultateko kafetegian zerbitzatuko dituzten txerrikerien beldur, umeak bizirauteko beharko dituen lauzpabost plater egiten erakutsiko dio.
40 urte inguru izango dituen bikote bat bueltaka dabil biltegiratzeko gauzen artean. Plastikozko kutxa erraldoiak, arropa gordetzeko telazko kaxak, tolestuta saltzen dituzten kartoizko kaxak… Zakar hitz egiten diote elkarri eta haserre aurpegia du mutilak; haserre baino lasaiago dirudi neskak. Etxera bueltan bere trasteak ez jasotzeko aitzakiarik ez duela esango dio, eta ez dira berriro etxera bueltan elkarrekin joango.
Eskutik helduta doaz bi neska. Armairuak diseinatzen dituzten sekzioan daude, inoiz izango duten etxerako zein armairu erosiko zuketen amesten. Karroan daramate lanpara bat eta hiru kandela baino ez. Etxera bueltan, partekatutako alokairura doa bata eta gurasoen etxera bestea, oraindik ez dute nahi adina aurreztu elkarrekin bizitzera joateko.
Emakume bat ikusi dut negarrez haurrentzako jostailuei begira. Besarkada bero bat eman dio bere bikoteak. Etxera bueltan hutsik dago logela bat. ■
