Kolonbiako kostatik Ihurreko epelera
Melissa Pacheco, Ihurreko biribilgunean. // Argazkilaria: Izaro Villarreal. Kolonbiako kostaldean jaio arren, adin nagusitasunera iritsitakoan Bogota hiriburura joan zen bizitzera; handik, Espainiara joan zen, eta orain hiruzpalau urte iritsi zen Ihurrera. Bertan bizi da, alabarekin eta ahizparekin.
Kolonbiaren iparraldeko kostaldeko Planeta Rica hirikoa da Melissa Pacheco jaiotzez, Kordobako departamenduan kokatzen dena. Han hazi, hezi eta bizi izan zen aurreneko hemezortzi urteetan, baina bertako «lan-aukera urriak» zirela eta, batxilergoa amaitu zuenean Bogotara joan zen bizitzera. Harrezkero ez da berriro jaiotetxera itzuli, eta atzean utzi du sorterria. Olaberriko Ihurre auzoan bizi da orain, zazpi urte betetzear den Salime alabarekin eta ahizparekin batera.
Duela lau urte pasa erabaki zuen Pachecok Kolonbiatik alde egitea, eta Espainiara joan zen bizitzera, Badajozen bizi ziren senide batzuengana. Han pasatu zituen hilabete gutxi batzuk, lehengusina baten lagun olaberritar batek Euskal Herrira bizitzera proposatu zion arte. Bizilagunak dira orain, eta asko estimatzen du Goierrin sortu duen bizitoki berria: inguruan duen paisaia berdea, arnasten den lasaitasuna eta neguko hotza.
Hain justu, horixe zen Kolonbiatik alde egin eta Goierrira iritsi aurretik nahi zuena: lasaitasuna, segurtasuna eta alabarentzako hezkuntza on baterako sarbidea. Pozik da Olaberrin eraiki duen bizimoduarekin, batez ere alabak egokitzen jakin duelako: «Nire alaba ia euskaldunagoa da kolonbiarra baino; izan ere, Kolonbiakoa berarentzat ezezaguna da jada. Etorri ginenean ondo hitz egiten hasten ari zen oraindik, eta bizimodu berri batera moldatu behar izan zuen. Geroztik, hemen hazi da».

Komunitatean integratuta
Bizimoduaren parte gehiena Ihurren egiten dute, nahiz eta «sarri» igotzen diren herrira. Alabaren eskolako guraso elkarteko kidea da Pacheco, eta bilerak zein ekitaldiak ere maiz izaten ditu herrigunean. Azpimarratu du ingurukoek nabarmen «erraztu» diotela auzoko integrazioa: «Harreman ona dugu herritarrekin zein auzokideekin, eta eskolako bilerak euskaraz egiten diren arren, beti itzultzen dizkigute. Asko errazten dizkigute gauzak, eta eskertzekoa da».
Euskara ikasteko ahalegina ere geroz eta gehiago ari da egiten, eta gutxika-gutxika bada ere, «orain lau urte baino gehiago» ulertzen du euskara: «Belarrira ohitzen ari naiz, eta egunero pixka bat gehiago ulertzen ari naiz». Goierrira etorri zenetik «lehentasunetako bat» izan da euskara kolonbiarrarentzat: «Toki batera joan eta ate guztiak zabal-zabalik irekitzen dizkizutenean, garrantzitsua da trukean ere bertako kultura eta tradizioak baloratzea, eta horietara egokitzea. Nondik gatozen ez dugu inoiz albo batera utziko, baina integratzea, ulertzea eta kulturaren parte izatea ere funtsezkoak dira».
Horregatik, Olaberriko Udalak eskaintzen dituen euskara klaseak jasotzen jarraitzen du. Orain arte astean ordubeteko klasea edukitzen zuen, baina orain astean bi orduz elkartzen dira, Ihurreko jubilatuen elkartean. Egunerokoan baliagarriak zaizkien hamaika jarduera egiten dituztela nabarmendu du: «Oso irakasle ona dugu, eta jarduera ugari planteatzen dizkigu; tabernara joaten gara maiz, eguneroko bizitzan erabilgarriak zaizkigun elkarrizketak entseatzera».
Euskara, beharrezko
«Nahiko zaila» egiten zaion arren, etorkizunerako «beharrezkoa» iruditzen zaio euskara: «Alabarekin euskaraz egiten ahalegintzen naiz; euskarazko liburuak irakurtzen dizkiot gauetan, nire euskara propioan kontatuak, eta berak zuzentzen nau. Laguntzaile txiki aparta dut etxean ere». Ziur da lan mundurako ere beharko duela, administrazioaren alorrean hala ikasi baitu: «Curriculumak enpresetara bidaltzen ditudan bakoitzean ere euskaraz jakitea eskatzen da, batez ere bezero arretarako».
Administrazioan lan egin nahi du etorkizunean. Izan ere, bi titulazio atera zituen Pachecok Kolonbian: bat bankuen administrazio eta zerbitzu finantzarioetan, eta bestea psikologian. Euskal Herrira etorritakoan hamaika homologazio egin behar izan zituenez, zaharren zein haurren zaintzan eta garbiketa sektorean lan egin izan du orain arte. Bitartean, Goierri Eskolan egin du prestakuntza profesionalerako gradua, kontabilitate, administrazio eta zerga arloan, sektore horretan murgiltzea baita bere asmoa. Aurretik ere horretan jarduten zuela azaldu du: «Azken postua Kolonbiako Nissan saltokian izan nuen, analista finantzario eta aseguruetan. 2012tik 2022ra aritu nintzen han lanean».
Sorterriari lotuak
Asteburuetan eskolako gainerako gurasoekin, alabaren lagun minen gurasoekin eta Goierriko ikastaroetan egindako lagunekin ibiltzen bada ere, onartu du berak baino «bizitza sozial gehiago» izaten duela haren alabak: «Alabak ireki dizkit, hein handi batean, sozializatzeko bideak niri, eta eskolako guraso elkarteko kide izateak ere aukera ematen dit gainerako gurasoekin erlazionatzeko».
Olaberrian eraikitako guztiarekin «pozik eta gustura» badago ere, ziurtatu du familia, senideak eta betiko lagunak faltan sumatzen dituela, eta ziur esan du hori dela sorterritik horren urruti bizitzearen alderik gaziena: «Familiartekoak gaixotzen direnean edota ospakizun bereziren bat dagoenean, esate baterako, Kolonbian egon ezina nahiko gaizki daramat; azkenean, ezin gara nahi dugun bakoitzean bueltatu, oso garestia baita bidaia».
Kulturari dagokionez ere, «hango janaria» estimatzen duela esan du: «Egia da hemen oso ondo jaten dela, baina oso desberdina da, eta nahiz eta batzuetan hango produktuak erosten ditudan, ez da gauza bera».
Mugitzeko asmorik ez
Gazi-gozoak balantzan jarrita, ordea, Goierrin bizitzen jarraitu nahi duela berretsi du: «Hemengo bizimoduak ez du preziorik, eta oraingoz ez dugu beste inora joateko asmorik».
Epe erdira edo luzera Kolonbiara itzultzea ez dagoela bere planen artean ziurtatu du: «Hemen geratzea da gure asmoa. Oso gustura bizi naiz, eta Salimek ere ikaragarri maite du Olaberria. Herri txikia izan arren, oso polita da, mendiz inguratuta gaude, lasaitasuna arnasten da eta gure familia txikia hemen eraiki dugu. Herri handiak ere hurbil daude, behar dugunerako». ■
