Beasaingo lehen labe garaiak, 1862an eraikiak
Lehen labe garaiak 1876-77an berritu zituzten. // Argazkilaria Brunet - Lemniskata. Goierrin inoiz ateratako argazki zaharrenetako batzuek labe garaien industri jardueraren dimentsio goiztiarra erakusten dute. Beasaingo Goitia eta Cia burdin fabrika erakusten dute, eta 1870-1875 bitarteko epean datatuta daude. Beasaingo argazki antzinakoenak dira, eta Martin Garcia Garmendia historialariak Jose Maria Brunet-en bilduman aurkitua eta Lemniskata zientzia elkarteak 2021ean ateratako liburuan argitaratua.
Bruneten ondare hori XIX. mendeko Goierri ikusteko tresna bikaina da. Burdin fabrikako nagusiaren alaba Maria Goitiarekin ezkondua, eta sentiberatasun artistikoz hornitua, lantegira sarbide aparta zeukan. 1860tik 1891n hil arteko garai historikoa fotografiatu zuen Brunetek.
Beasaingo labe garaiak, beren tximinia luze bereizgarriekin, 1862tik 1865era bitartean eraiki zituzten. Gipuzkoako lehenengo labe garaia izan zen. Burdinola zaharretako olariak desagertu, eta siderurgia modernoaren jaiotza suposatu zuen 1860an Fábrica de Hierros de San Martin de Urbieta lantegia sortzeak. Ihurreko burdinolaren nagusi Domingo Goitia, Igartzako olako Martin Usabiaga, eta Beasaingo Ezkiaga aldean lantegia egiteko lurrak jarri zituen Jose Francisco Arana bazkidetu ziren.
Lehenengo bi urteetan, inguruko burdinoletan landutako burdina erabili zuten fabrika berrian, eta egur ikatza erretzen zuten. Burdin mea urtzeko labea eraiki artean izan zen hori, helburua teknologia berrira pasatzea baitzuten. Izan ere, 1862an aurreneko labe garaia eta 1865ean bigarrena piztu zituztenetik aurrera, ekoizpena ere industrializatu zuten.
Kopuruak igo, kostuak jaitsi
Goierriren industrializazioa ekarri zuen gertakariaren 165. urteurrenera bidean, ekoizpen aro luze baten sorrera markatu zuten labe garaiek, eragin sozial, ekonomiko, politiko eta kultural ukaezinak edukitzeaz gain.
Burdingintza, eskualdeko industriaren bihotza, eraldatu zuten labe garaiek, lehenengo eta behin. Ekoizpen handiagoa, energia-iturri gutxiago erabilita. Ekuazio hori zuen arrakastarako giltza. Burdinola klasikoek, burdin unitate bat sortzeko, halako hiru egur ikatz erabili behar izaten zuten: 100eko 300. San Martin de Urbieta fabrika berriak, 100 burdin gozo sortzeko 120 egur ikatz eta 150 harrikatz behar zuen.
Urte gutxian irauli zuen teknologia hark Goierriko burdinolen panorama. 1870ean, San Martin fabrikan 42.000 kintal burdin (kintal bat 100 kilo da) ekoitzi zuten, eta artean Gipuzkoan martxan geratzen ziren 14 burdinolen artean, denen artean 7.120 kintal.
Bruneten argazkiek, eraldaketa islatzeaz gain, aurreko inguruaren eta bizimoduaren azken aztarnak ere betikotu zituzten. Ezkia Txiki edo jatorrizko Lazkaibar Aundi baserri desagertuak, bideak… gaur ezagutu ere egiterik ez dagoen XIX. mendeko Goierri. ■
