«Behin irabazteko, mila aldiz galdu behar da»
Aiara Garaialde segurarra. Argazkilaria: Sport Ciclismo Gonzalez. Kirola du pasio eta ofizio Aiara Garaialdek (Segura, 1998). Lanbidez kirol hezitzailea eta fisioterapeuta da, eta egun, unibertsitatean kirola eta haur minbizia ikertzen ari den talde batean dabil lanean. Horrez gain, triatloian ere lehiatzen da, eta otsail hasieran Espainiako Neguko Triatloi Txapelketa irabazi zuen.
Noiz eta nola hasi zinen triatloian?
2021ean Zaragozara ikastera etorri nintzen, eta hemen mendi korrikaz gain, kirol modalitate berri gehiago probatzen hasi nintzen, horien artean triatloia. Aldi berean, nire bikotekidea ezagutu nuen, eta haren bitartez sartu nintzen orain nagoen Transnatur Triatlon Europa triatloi klubean.
Espainiako neguko triatloi txapelketa irabazi duzu. Zein kirol uztartzen ditu?
Hiru diziplina ezberdin uztartzen ditu: korrika 5-7 km inguru, bizikleta 20 km inguru –portu bat igo behar izaten da eski estazioraino–, eta azkenik, iraupen eskia 5-10 km inguru.
Esperotako garaipena izan al da?
Aukera hori bazegoela jakin arren, ezagunak nituen arerioak, eta garbi neukan lehiatu beharreko saioa izango zela.
Zer du neguko triatloiak beste triatloi modalitateek ez dutena?
Batetik, hotza. Eguraldi hotzetara ohitu behar izaten gara. Bestetik, ziurgabetasuna, dena kontrolpean izatea zaila baita. Gainera, normalean ez dugu jakiten gure materiala non kokaturik izango dugun bizikletatik eskiatzera aldaketa egiteko zatian, eta komeni da oxigenaturik iristea puntu horretara, gauzak ondo ateratzeko .
Nola prestatzen zara hotzari eta baldintza gogorrei aurre egiteko?
Kirol munduan eta errendimenduan arazo nagusiena beroa da, ez hotza. Behin korrika hasita, gutxitan ohartzen naiz hotzarekin. Arazo nagusia trantsizioan hatzak ez sentitzea izaten da. Horretarako, lotailu magnetikodun bizikletako kaskoa erabiltzen dut, eta urteren batean ura izoztu zitzaidanetik, gatzak edo isotonikoren bat botatzen dizkiot bizikletako bidoiari.
Zer da triatloiak irakatsi dizun baliorik handiena?
Konstantzia, sufrimenduari eusteko gaitasuna eta taldearen babesa. Era berean, triatloiak erakutsi dit arerioak ere izango ditudala, baina nire jarreraren araberakoa dela haiekin harremana: irribarretsu eta elkarlanerako prest baldin banago, hala erantzuten dute. Azkenik, mila aldiz galdu behar dela behin irabazteko, eta hori dela kirolak duen xarma: emaitza ahaztu eta zure buruaz eta lagunarteaz gozatzeko motibazio bilakatzen da lehiaketa bakoitza.
Zein erronka ikusi dituzu emakume izateagatik goi mailako kirolean?
Oro har, esango nuke emakumezko kirolak ikusgarritasun falta duela. Zentzu horretan, baliabide gutxiago izan ohi ditu errendimendu altuko kirolari emakumeak, bai aitortzari dagokionez, baita babesleei dagokienez ere. Bestalde, amatasuna eta kirola aldi berean uztartzea erronka handia dela iruditzen zait; zer esanik ez haurdun dagoen emakume batek kirol diziplinan jarraitzea erabakitzen duenean. Badirudi bere hautua besteen erabaki bihurtzen dela, eta mundu guztiak epai dezakeena.
Presio estetikoak ere badu eraginik horretan?
Egun, emakume gorputz estereotipoek eta gorputz ‘ideal’ gisa harturiko ereduek kalte handia egiten jarraitzen dute, kirol errendimendua osasunaren aurretik jarriz. Hori dela eta, goi mailako emakume kirolarien arazo nagusietakoa egonkortasun hormonala eta nutrizionala mantentzea izan ohi da. Azkenik, badirudi emakumeok beste inork baino gehiago erakutsi behar dugula aitortuak izateko; eta hala ere, besteekin alderatzen gaituzte. ■
