«Bizi ahala idazten dut, eta idatzi ahala bizi naiz»
Tere Irastotza Garmendia. // Argazkilaria: Mikel Albisu. Irakurtzea eta idaztea gustuko izan ditu gazte-gaztetatik Tere Irastortza Garmendiak (Zaldibia, 1961). Lanbidez irakasle, azken urteetan Beasaingo Andramendi ikastolako zuzendaria izan da. Kargu horretatik erretiroa hartu berri du, baina idazteari ez dio utziko. Olaberrian bizi da orain.
Zer gogoratzen duzu Zaldibiako garaietatik?
Zaldibian jaio nintzen, kale-etxe batean. Santa Fe kalea bukatzen zen gure etxe paretik aurreraxeago, eta dena zen zelaia, erreka eta basoa. Asko ibiltzen ginen jolasean paraje haietan.
Eskolan bertan ibili zinen?
Bai. Eskola guztia erdaraz ikasi genuen. Guk 8-9 urte genituela hasi zen ikastolaren mugimendua, eta begi aurrean ikusi genuen beste ume batzuek nola ikasten zuten. Guk erdaraz, metodo aspergarriekin, eta beste batzuk kantuan, kalean. Oso kontraste polita zen.
Eta gero Beasainera?
Institutura, bai, 14 urterekin. Lehen urtea Beasainen egin nuen, eta besteak Ordizian. Aldaketa garaia izan zen, lagun aldetik ez hainbeste, baina erakusteko modua, gaiak… Niri interesatzen zitzaizkidan gaiak ziren, geografia, historia, literatura… Ikasteko erraztasuna edukiko nuen, baina ikasteko gogoa piztu zitzaidan 14 urtetik aurrera. Autobusean joten ginen, baina Ordiziako garaian bizikletan ere bai, udaberrian.
Garai hartan hasi al zinen irakurtzen?
Orduan Bibliobusa etortzen zen Zaldibiara, eta asko irakurri nuen. Bibliobusa txikia zen, eta nik, liburuak bukatzen ziren eran, beste apal batekoak hasten nituen. Ordiziara hasi ginenean, liburuak erosten ere hasi nintzen, Urdaneta kaleko inprentan eta Larratxareneko estankoan.

Zer liburu irakurtzen zenuen orduan?
Helduen liburuak, denak, Bibliobusean ez zegoelako haurren literaturarik. Denak espainolez ziren, eta gogoratzen ditut bereziki Destino argitaletxekoak. Miguel Delibes eta horrelako autoreak irakurtzen nituen. Nik erosita, Pearl S. Buck idazlearenak irakurtzen nituen, Bruguera argitaletxekoak, 75 pezeta ordainduta [0,63 euro]. Politikazkoak ere irakurtzen nituen.
Eta poesia?
Irakurri nuen aurreneko poesia liburua Rafael Albertirena izan zen, itsasoari buruzkoa, oso ederra. Eta Ordiziako institutuan irakasle zoragarri bat izan nuen, Beatriz, powai liburuak gomendatu eta etxetik ekartzen zizkiguna. Ordurako poesia gustatzen zitzaidan, baina ez nuen hainbeste irakurtzen. Lobsang Rampa eta Herman Hess ere irakurtzen nituen. Liburu batek bestera eramaten ninduen.
Euskararekin noiz egin zenuen topo?
Txistua ikasten hasi nintzenean euskaldundu nintzen. Xalbador Garmendiak eta Xalbador Etxeberriak abiatuta, txistu eta solfeo eskolak ematen zituzten Zaldibian larunbat arratsaldeetan. Txistua ikasten hasitakoan, euskal musika, kultura eta erritmoak ezagutu nituen. Gogoan dut, bereziki, Bautista Basterretxe, gure amak ezagutzen zuelako. Orduan sentitu nuen bazegoela ezagutzen ez nuen beste kultura bat, eta 12-13 urterekin horren kontzientzia hartu nuen. Eta euskaldundu nintzen, eta hasi nintzen euskaraz irakurtzen eta idazten… La Hoja del Lunes egunkariko Juan San Martinen artikuluak, Zeruko Argia, Txistulari aldizkariak irakurtzen hasi nintzen. Txistuarekin beste euskaldun giro batean sartu nintzen, eta ikusi nuen oso ezjakina nintzela, eta horregatik hasi nintzen nire kasa irakurtzen eta ikasten.
Euskararekin jarraitu zenuen gero unibertsitatean.
Euskal Filologia ikasi nuen, eta gero Filologia Hispanikoa. Donostiako EUTGn eta Gasteizen ibili nintzen, eta gero Madrilen, UNED-UHUN Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalean. Ikasketa garaia oso ederra izan zen, beti gustatu izan zait ikastea, eta ondo ibili nintzen. Donostiara trenez joaten ginen Ordiziatik, eta Zaldibiatik horra kotxez, Beasainerako bidean CAFera autoan joaten ziren langileekin. Itzuleran, Zaldibiako bidegurutzeraino oinez joaten ginen, eta beti izaten zen herriko baten bat.
Hizkuntzak ere ikasi zenituen.
Hizkuntzarekiko sena daukat, eta batzuk hitz egiteko moduan badakizkit, eta beste batzuk irakurtzeko eta pixka bat hitz egiteko adina ere bai. Hizkuntza erromanikoak denak irakurtzen ditut, batez ere frantsesa, baina ingelesez motelago moldatzen naiz.
Noiz hasi zinen lanean?
Aurrena Donostian, gero Bergaran, UHUNen euskara sailean, eta han egin nituen 13 urte, irakasle. Euskararekin lotuta, arautu gabeko irakaskuntza zen, eta EGA edo B mailarako azterketak prestatzen genituen, nirekin batera Gerardo Elortzak, Juan Martin Elexpuruk eta Javier Pardok, Ana Agirre idazkaria zela. Askatasun handiarekin lan egiten genuen, baina lan handia egin ere bai. Larunbatetan gure departamentura 500 ikasle joango ziren. Euskara suspertzeko gune oso garrantzitsua izan zen, artean Euskal Herriko Unibertsitatea eta ni bezalako euskal filologoak hastapenetan zeudela. Euskara titulu horiez gain, soziolinguistika, azentua, euskal literatura, itzulpengintza eta beste gai batzuei buruzko saioak ere egin genituen. Oso esperientzia ederra izan zen. Nire idazketa-irakurketan urrats handia izan zen Bergarako garai hura, irakurle eta idazle handiak nituelako ondoan: lehen aipatutakoak, eta Bixente Huizi soziologoa, Koldo Larrañaga historialaria, Oñatiko Juantxo Egaña… Baina gero krisiak etorri ziren, eta euskarazko departamentua itxi egin zuten 1996an.
Zer etorri zen gero?
Lanik gabe geratu ginen, eta bakoitzak geure bidea hartu genuen. Ni Beasaingo Andramendi ikastolara pasa nintzen. Musika eta Hizkuntza eman ditut, baina zuzendari izan naiz batez ere. Kudeaketa lan handiak egitea egokitu zait, guraso kooperatiba sortzeko garaian, batez ere. Oraindik irauten duen hezkuntza proiektu bat garatzen ere jardun nuen hasieratik. Irakaskuntza ikaskuntza bat dela pentsatzen dut, gizarteko beste alderdi guztiak bezala, irakaskuntzan lan egiteak asko laguntzen dizu ulertzen, aldaketaz jabetzen, zure kezkak adierazten… Alde horretatik niretzat oso esperientzia ederra eta aberasgarria izan da.
UHUNekin lotuta jarraitu zenuen.
Bai, ikastolarekin batera, Madrileko UNEDen Filologia Klasikoko departamentuan egin dut lan.
Orain jubilatuta zaude?
Bai, otsailaren 23tik. Gustura ibili naiz lanean, baina jubilazioa opari eder bat da. Denbora asko daukat gauza asko pentsatzeko, harremanak hobetzeko, zuzentzeko eta hazteko, memoria bizi batekin bizitzeko. Gizartean hain modu negatiboan eta ezkorrean ikusten da momentua, igual batzuetan ez dugula estimatzen asmatzen. Nik ez dut pretentsio gehiegirik: bizi, eta bizi ahala, gauzak ikusi eta ikasi. Zer egingo dudan? Ibili, etxekoekin eta aspaldiko lagunekin gehiagotan egon, eta begiratzen ari naiz liburu luze bat, poesia liburu bat ere badut buruan, eta beste proiektutxo batzuk ere baditut.
Idazten jarraituko duzu, beraz.
Idaztea eta irakurtzea niretzat behar bat dira, ikastea da. Pertsona batek ikasteko gogoa galtzen duenean, ezer gutxitarako gogoa izaten du. Niretzat idaztea, irakurtzea, eta mundua ulertzea, berez dauzkadan beharrak dira. Munduan bizi naiz, eta ahal dudan neurrian mundua eraldatzeko aukera ikusi dudanean zerbait eraldatu dut. Idaztea eta irakurtzea nire parterik garrantzitsuenak izan direla uste dut, familia edota kultura kenduta. Eta hemendik aurrera irakurtzeko, idazteko eta paseatzeko denbora gehiago izango dut, nire inguru honetan, Olaberrian. Nik herri txiki bateko bizimodua maite dut. Joaten naiz Madrilera, Bartzelonara, baina nire bizimodurako lehen sektorearen inguruan bizi den zati txiki horren parte izan nahi dut.
Gatozen literaturara. Gaztetan hasi zinen irakurtzen. Eta idazten, noiz eta zerk bultzatuta hasi zinen?
Idazten, 11-12 urterekin. Orduan sari bat irabazi nuen Aurrezki Kutxa Munizipalak antolatutako euskarazko poesia lehiaketa batean, eta jasotako diruarekin liburuak erosi nituen. Ni beti nire interesetatik abiatu naiz, eta oso autodidakta naiz. Gogoratzen dut banuela Olivetti idazmakina handi bat, eta eskolako apunteak, La Hoja del Lunes-en irakurritako artikulu bat, Blas de Otero, Lizardi eta horien liburuetako pasarteak pasatzen nituen makinaz. Garai hartako lan haiek gordeta ditut.
Eta poesia, zergatik?
Aurrena idatzi nituen neure lanak poemak ziren, erdaraz batzuk eta gero euskaraz ia. Baina institutuan nenbilela pare bat nobela ere idatzi nituen blok batean, eta gordeta ditut. Ipuin batzuk ere idatzi ditut, antzerkia ere gustatu zait, saiakera ere bai gai jakin batzuei buruz. Baina batez ere, poesia irakurri eta idatzi dut.
Zeri buruz idatzi duzu?
Bizi ahala idatzi, eta idatzi ahala bizi. Hori da nire burutapen bat. Eta beste bat da, sortzeko izan eta izan sortzeko. Normalean idatzi dut bizi ahala, jaiotzaz, heriotzaz, amodioaz… Poesiaren gaia ez da edukia, gaia ura bezala desagertu egiten da lurpean, eta beste batzuetan loratu egiten da. Gai askotaz idatzi dut, eta saiakeretan, adibidez, emakumeari eta literaturari buruz, poesiaren teoria, hizkuntzaren alde guztiak, morfosintaxia…
Noizkoa da zure lehen liburua?
19 urte nituela Haranburu Altunak Gabeziak argitaratu zidan, eta Espainiazko Kritika Saria eman zioten, euskararen atalean. Oso ustekabean hartu nuen.
Sari gehiago izan dira.
Glosak. Esana zetorrenaz liburuari ere eman zioten Kritika Saria 2003an, eta Espainiako Poesia Sarirako izendatu zuten. Aurretik, Hostoak liburuak akzesita jaso zuen Resurreccion Maria de Azkue Sarietan, eta gero Bilboko Aurrezki Kutxak egilearen saria eman eta argitaratu egin zidan. Horrek neure buruarekin konformidade bat eman zidan, independentzia bat. Eta haurdun nengoenean [alaba eta semea ditu] amatasunari buruz idatzitako Izen gabe, direnak liburuari diru laguntza bat eman zion Espainiako ministerio batek.
Zenbat liburu dituzu idatzita?
Asko. Poesia liburuak izango ditut 13ren bat, eta Espainian 13 poesia liburu idaztea asko da. Saiakerak beste zazpi-zortzi ditut, eta antologia batzuk. Lehen liburua Luis Haranburu Altunarekin argitaratu nuen, eta gero Pamielarekin, Txema Larreak eta Txema Aranazek gonbidatuta. Pamiela aukeratu nuen, hura zelako gure Euskal Herria: euskaraz, Iruñean, poesia… Asmoa eta asmamena zutenen alde egin nuen. Nire helburua ez da sekula izan orain liburu bat, gero beste bat; ez dut sekula eduki erregulartasunik, ezta beharrik ere. Bizibidea denean, hori ez da txarra, beharrezkoa baizik; baina niretzat ez. Jende askok esaten du literaturatik bizi nahi duela, baina nik ez; nik bizi nahi dut, eta gero idatziko dut literatura.

Baduzu kuttunen bat?
Denak dira bereziak, denak dira nire parte, baina nire azken liburuekin bereziki gustura nago.
Azkena antologia bat da.
Glosak. Glosar el mundo, 2024koa. 44 urteko bilduma bat da, Lola Andres poeta valentziarrak eskatuta egindakoa. Bi edizio dira, bat euskaraz eta gazteleraz, nik itzulita, eta bestea euskaraz eta katalanez, Glosak. Glosar el mon izenburuarekin Manel Rodriguez-Castellok itzulita. Tituluak nire pentsatzeko modua islatzen du, nik egin dezakedan zerbait. Batzuk mundua ezpatekin alda dezakete, eta nik egin dezakedan gauza bakarra mundua glosatzea da; hau da, hitz batzuen eta pentsamendu batzuen inguruan nire ekarpena egitea. Promozio lanetan nabil oraindik.
Zer esan dizute irakurleek?
Poesiaren generoak abantailak eta desabantailak ditu, eta desabantaila bat da irakurle gutxiago dituela, baina abantailen artean dago irakurle gutxiago horiek oso irakurle onak direla, fidelak.
Kolaborazio ugari egindakoa zara.
Bai, Susa, Kandela, Hegats, Goierritarra aldizkarietan… Niretzat poz handia izan zen Goierritarra-ren hasieretan parte hartzea, Jon Mikel Aranori laguntzen. Dionisio Amundarain eta Andoni Sarriegi ere han ibili ziren, laguntzen. Urte askoan iraun zuen, eta eboluzio bat emanda, hemen dago oraindik, GOIBERRI bihurtuta. Irratian ere ibili nintzen, batez ere Segura Irratian, ikastolako ikasleekin irratsaioak egiten. Euskadi Irratian ere ibili nintzen literaturari buruzko irratsaio batean.
Hainbat elkartetan ere aritu zara.
Euskal Idazleen Elkartearen presidente izan nintzen 2002tik 2006ra, eta kargu hori nuela, Idazle Eskola sortu nuen 2003an. Oso esperientzia ederra izan da, eta hor jarraitzen dut, zuzendari eta irakasle. Idazleak eta kazetariak babesteko helburua duen Euskal Pen Klubaren hirugarren aroko sortzaileetako bat ere izan nintzen, 2004an, Egunkaria itxi zuten garaian, eta idazketa eta pentsamendua aldatzeko tresna baliagarria izan zitekeelakoan. ■
Olivetti
«Bazen idazmakina bat etxean, hasieran, nerabe garaiko uda luzeetan erabiltzen nuena. Idazmakinaren ondoan hautsontzia: beti garbi eta biak nork erabili zain.
Olivetti handi gogor gris hark trokelatuta uzten zituen hitzak burmuinean. Trokelatuaren soinu eta erritmora hitz bakoitzak erliebea ematen zion orri zuriari, orria eta isiltasuna irmo landutako izotz zuri gogorrekoak balira bezala. Bitartean kolpe bakoitzaren ondoren hizki borobil txikiak agertzen ziren.
Orri asko jo ondoren zikindu egiten ziren tipoak: o, a, e eta p, d, b batez ere eta tarteka m ere bai Eta orduan tekletako hizkien hutsuneak jostorratzaz garbitu behar ziren, idazmakinak paperari zuriaren gaineko ordenua bihur ziezaion.
Olivettik bazuen ezkerraldean metalezko palanka bat, koska buru borobilduna, lerroen arteko espazioak bereizteko. Tinta-zinta kolorezkoentzako ere bazuen beste palankatxo bat, nahiz eta ordu hartan, beltza bakarrik erabili.
Eskumako manibelari eragiteak kirrinka antzeko soinua egiten zuen; besoaren indarra neurtuz malgutasunez idazten jarraitu arren.
Osabaren isiltasunak puntu eta aparteko bat zetorrela gogorarazten zuen; orri amaieran ‘itxaron pixka bat’ esan nahi zuela iruditzen zitzaidan, eta adi eta alerta posturan geratzen nintzen.
Egun hartan osabak azken esaldia irakurtzeko eskatu zidan, eta zigarroa urrupatu ondoren kristalezko hautsontzian utzi zuen. Tarte bat hartu eta irakurri nuen: bizia, zigarroa bezala, lipar bateko garra da; azkenerako ke eta errauts».
